Henri Michaux. Beste aldea
2018.02.02 - 2018.05.13
XX. mendeko literatura eta arteetako irudi sailkaezina izan zen Henri Michaux (Namur, Belgika, 1899–Paris, 1984), eta bere bizitza luzean zehar garaiko artista eta idazleengan eragin handia izan zuen. “Poeten poeta” eta “margolarien margolari” izan zen aldi berean, eta bi eremuetako figurek laudatu zuten, hala nola, André Gide-k eta Francis Bacon-ek. Paper gaineko milaka obra sortzen jo eta ke jardun zuen, izan ere lan horien osotasuna apenas ezagutzen dugu egun. Erakusketa hau Parisko Michaux Artxibategiekin elkarlanean antolatu da, eta artistaren 50 urteko sormen-jarduera biltzen du, haren laneko sail eta epealdirik garrantzitsuenen bitartez. Artistaren 230 pieza, dokumentu eta objektu pertsonalak jasotzen dituen Henri Michaux: beste aldea erakusketa hiru ardatz tematiko nagusiren inguruan egituratzen da: giza irudia, alfabetoa eta psike aztoratua; hain zuzen ere begirada panoramikoa eskaintzen du horien gainean.
Halaber, hiru bloke handi horien artean dauden paralelismo eta bateratasun formal nahiz materialak nabarmentzen ditu, eta artistaren modus operandiaren muina azaleratzen du, hark zientzia, musikologia eta etnografiarekiko zuen interesa azpimarratuz. Michauxren funtsezko sailek presentzia nabarmena dute erakusketa honetan: hala nola, hondo beltzak, frottageak, mugimenduak eta marrazki meskalinarrak. Sekula ikusgai egon gabeko artelanak daude hemen, estatuko nahiz nazioarteko bildumetako pieza garrantzitsuekin batera.
Komisarioa: Manuel Cirauqui
Henri Michaux
Titulurik gabea, 1981
Akuarela paper gainean
367 x 270 mm
Bilduma pribatua
© Henri Michaux, VEGAP, Bilbo, 2018