IDATZIZKO HIZKUNTZAREN GARRANTZIA

" Neure buruan barrena ibiltzeko idazten dut. Marraztu, konposatu, idatzi: neure buruan barrena ibili. Horretan datza bizitza honetan izatearen abentura."

Idazketarako berezko talentua izan arren, hasiera batean baztertu egin zuen Henri Michauxk horretan jardutea, beretzat funtsezkoa zenetik, hau da, adierazpen libretik, aldendu egiten zuela arrazoituta. Hala ere, aldian-aldian, arteari eta literaturari buruzko idatziak argitaratzen hasi zen Le Disque vert aldizkari belgikarrean. Gerora, 1925ean, aldizkaria zuzentzera iritsiko zen beste kide batekin batera, jada Parisen bizi zela.

Michauxrentzat idazketa ez zen azken muga bat bere horretan, baina bai hizkuntzaren aukera espresiboei buruz hausnartu eta horietan sakontzeko bidea ematen zion baliabide bat. Hala, prosa poetiko bat garatu zuen, esperimentazio handiago bat garatzeko bidea ematen baitzion: ohiko errealitatetik aldentzen ziren pertsonaia eta inguruak sortu (bere pinturetan oinarritutako paragrafo bat edo biko kontakizun laburrak idatzi ohi zituen) eta arauturiko edozein protokolo edo gramatikatik aldentzeko baliabide berriak bilatzeko bidea irekitzen zion (hitz berriak asmatu ohi zituen adibidez, zeinen esanahia ez zuen berak baino ezagutzen).