AGERPENAK ETA "FANTASMISMOA"

305. ARETOA

Esperimentatzaile eta bidaiari nekaezina izaki, Paul Klee eta Max Ernst-en lanen bidez heldu zen Michaux pinturara, artista haiekin lehen kontaktua 1920ko hamarkadaren erdialdean. Idazlearen tresnak, tinta eta papera, izan zituen lehengo baliabide abentura piktorikoan, nahiz eta laster garatu zituen egun bere lana ezaugarritzen duten teknikak, hala nola, tenpera hondo beltzaren gainean eta frottagea; artistaren epealdirik berantiarrenean, olio- -pintura eta akrilikoarekin egin zuen lan. Akuarela eta tinta ere erabili zituen tarteka, hainbat paper motaren gainean. Teknika guzti horiek arinak ziren, istripurako edo gainezka egiteko joera zutenak, ezaugarri desiragarriak horiek, bere lanetan ausazkotasunaren esku-hartzea etengabe bilatzen zuen artista batentzat, indar ezezagunekin lankidetzan jardungo balitz bezala. Bulkada horren atzetik, eta izpiritu aszetiko eta sistemakikoarekin, Michaux substantzia haluzinogenoetara hurbildu zen, kontzientziaren jarrerak baldintza esperimentaletan aztertzeko; modu horretan, pinturaren printzipioak pertzepzioaren eremura eraman zituen.

Michauxrentzat pintura beste alde hori da, eta eremu horren mapa infinitu bat osatzen du artistak. Michauxren beraren hitzetan, “bere burua harritzeko” pintatu zuen beti. Ez zuen sekula sinetsi aurrez definituriko emaitzetan; aitzitik, materialarengan gertaera definigaitzak eragitea bilatu zuen, irudi, zeinu eta paisaia anbiguo eta ustegabeak sorrarazteko.  “Pinturaren fenomenoari” buruz egindako adierazpen entzutetsu batean, filiazio edo korronte orori muzin egin artean, aitortu zuen fantasmismoa zela bera atxikitzeko moduko mugimendu bakarra: espektro eta agerpenen artea. Hala, Michauxren obra osoan zehar izaki zehaztugabeak ageri dira eta alegiazko erretratu ugari daude. Genero klasiko horri eskainitako areto honetan, paperaren sakontasun mugagabetik artistaren eta ikusleen enkontrura ateratzen diren artistaren pertsonaiez betetako artelanen hautaketa zabala dago.