"Zure eginkizuna zein den jakin nahi duzu? Deskonektatu. Bildu zaitez zeure baitara. Zuk bakar-bakarrik ikasiko duzu zer den funtsezkoa zuretzat... "
Autoesplorazioa etengabeko bilaketa izan zen Henri Michauxren sormen-praktikan, eta etengabe landu zuen bere bizitza osoan zehar. Bere subkontzientearekin konexio bat ezartzeko moduen bilaketan ardaztu zen bere ikerketa-lanaren parte handi bat: norberak bere buruarengan ezartzen duen domeinutik libratzen saiatu zen eta, hala, introspekzioak eragin dezakeen arte-sormenarekin esperimentatu zuen.
Helburu horrekin, meditazioa edo amets-irudi bideratuak bezalako teknikekin esperimentatu zuen, kontzientzia-egoera aztoratuak lortzeko bidea eman ziotenak. Meskalina bezalako substantzien kontsumo puntual eta kontrolatu bat ere egin zuen, psikiatriako esparruko profesionalekin elkarlanean. Profesional horien artean Julian de Ajuriaguerra doktorea nabarmendu zen, 1950eko hamarkadan Parisen ezagutu zuena. 307 aretoan ikus daitezkeen Marrazki meskalinarrak, 1955 eta 1959–60 urteen artean gauzatuak, izaera abstraktukoak dira, substantzia horien esperientziatik abiatuta sortutako obren adibide. Michauxk ez zuen substantzia horien eraginpean marrazten, horien kontsumoak eragiten zizkion begitazioen abiadurak eta dinamismoak zaildu egiten ziotelako lan hori. Hala ere, zenbait ohar hartzeko gai izan ohi zen, berak baino ez zituenak ulertzen; gero, substantzien efektuak jada minimoak zirenean edo guztiz desagertzen zirenean, marraztu egiten zuen, esperientziaren oroitzapenetik abiatuta eta esperientzia horren testigantza gisa.