Herriaren gobernua eskulturarako lanerako maketa
1967Igeltsua eta berniz zigilatzailea127 x 73,7 x 38 cm
Jacques Lipchitz, 1891n Lituanian jaio zen (orduan tsarren aginpidean zegoen Errusiako herrialdea) eta Chaim Jacob Lipchitz izena eman zioten. 1909. eta 1940. urte bitartean Parisen bizi izan zen eta bertan lan egin zuen. 1940. urtean, nazien inbasioak behartuta, ihesari eman zion eta Estatu Batuetara emigratu zuen; han eman zituen bere bizitzako azken urteak. Lipchitz 1910eko hamarkadan egindako eskultura kubistengatik da, batik bat, ezagun: Pablo Picasso, Georges Braque eta Juan Gris artistek pinturaren arloan egin zituzten berrikuntzen baliokide dira eskulturok, eta, horiek egiteko, zura eta harria zizelkatzeko eta brontzez moldatzeko eskultura-baliabide tradizionalak erabili zituen. Era berean, ezaguna da 1920ko hamarkadaren erdialdean hasitako “lan gardenengatik”; lan horietan, bere eskultura kubisten bloke sendoek eta behe-erliebeek forma irekiagoei bide eman zieten.
1962tik 1973an hil zen arte, Lipchitzek tamaina neurrigabeko eskultura publikoak sortu zituen AEBn eta Israelen. Horien artean, Herriaren gobernua nabarmentzen da, Filadelfia hiriak udaletxe aurreko Udal Zerbitzuen eraikina dagoen plazarako 1967an aginduz eskatu zion lana. Bere ohiko prozesuari jarraituz, Lipchitzek igeltsuzko hainbat zirriborro egin zituen eskulturaren diseinua garatzeko, eta horietako bi brontzez galdatu zituen. Brontzezko bi estudio horietako lehena (gorputz txirikordatuen dorrea) "totem baten modukoa"[1] zela azaldu zuen Lipchitzek, eta Filadelfiako bandera du gorenean. Bigarrenean, Herriaren gobernua eskulturarako lanerako maketa lanean (zazpi kopia egin zituen eta horietako bat Guggenheim Bilbao Bilduman dago), hain zuzen, etzanda dauden giza irudien talde bihurtu da bandera. Irudi horiek eskulturaren azken bertsioan gorde ziren. Horretarako, artistak tamaina naturaleko eredu bat egin zuen 1973an hil baino lehen. Galdaketa, muntaketa eta instalazioa, berriz, hil ondoren egin ziren, 1976an, Lipchitzen alargunaren gainbegira pean.
Eskultura garrantzitsu hau haren "onenetakoa" zela aldarrikatu zuen Lipchitzek eskariak, hasieran, Filadelfian nolabaiteko polemika piztu zuenean[2], eta, formari dagokionez, bere aurreko lengoaia kubistari lotzen zaio. Gainera, artistaren ikuspegi demokratikoa ere islatzen du: titulua eskultura eskatu zuen batzordeak jarri zion arren —aurreko estudio bat ikusi ondoren—, Michael Taylor-en hitzetan, artelana "mundu hobea sortzeko gizadiaren etengabeko borroka heroikoari eta, dedikazioari eta elkarren laguntzari esker, azkenean gailentzearen Lipchitzen ikuspegiari hertsiki lotzen zaio"[3].
Oharrak:
1. Lipchitz, Jacques, H. H. Arnason-ekin, My Life in Sculpture, Viking Press, New York, 1972, 222. or.
2. Jacques Lipchitz, honetan aipatua: Stalberg, Zachary: "Sculptor Chisels Away at Rizzo-and Vice-Versa", in Philadelphia Daily News, 1972ko maiatzaren 24a; honetan aipatua: Taylor, Michael R.: "Jacques Lipchitz and Philadelphia", in Philadelphia Museum of Art Bulletin 92, 391–92 zk. (2004ko uda), 44. or.
3. Taylor, "Jacques Lipchitz and Philadelphia", 43. or.
Jatorrizko izenburua
Working Model for Government of the People
Data
1967
Teknika / Materialak
Igeltsua eta berniz zigilatzailea
Neurriak
127 x 73,7 x 38 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa Dohaintza: The Jacques and Yulla Lipchitz Foundation, Inc.