Gizakiak
1994Argazkiak eta argiakGuztizko neurri aldakorrak
Christian Boltanski 1960ko hamarkadaren amaieratik ohiko iturrietatik hartutako argazkiak lantzen aritu da, errealitatetik ezin bereiz daitekeen artea sortzeko. Asmo horren inguruan honakoa esan du: "Niretzat, unerik zirraragarrienak gertatu egiten dira ikusleek aurrean dutena artea dela jakin baino lehen; lotura hori ahalik eta beranduen egin dezaten lortzen badut, hobe". Horretarako, beste batzuen argazkiak, hortaz, oroitzapenak, bereganatzean ditu eta arte testuinguru batean jartzen. Hartara, argazkigintzak duen ahalmen bat aztertzen du Boltanskik; hain zuzen, norbanakoen identitateaz haraindi joateko eta taldean bizitako errituen eta partekatzen ditugun gogoramen kulturalen lekuko izateko ahalmena.
Gizakiak (Humans) lanak gai pertsonalak zein unibertsalak aipatzen ditu. Artistak hildakoen gorazarrean egindako tamaina handiko konposizioetako bat da, eta Holokaustoa gogora ekartzen du, esplizituki aipatzen ez badu ere. Tamaina eta tonua dela eta, antzoki baten edo gurtzarako leku baten hausnarketarako giroa gogora ekartzen digu instalazioak. Mila ehun argazkik gora osatzen dute, eta beste batek aurrez egindako beste hainbeste irudiren fotoak dira; bestela esateko, eskola urtekarirako argazkiei, egunkarietan agertu ziren argazkiei, familia-albumen eta polizia-fitxen argazkiei berriro egindako fotoak dira. Irudiok argitzen dituzte, baita aldi berean ezkutatu ere, sabaitik zintzilik dauden bonbilla biluziek, eta antolaerak ez digu arrasto gehiegirik ematen: ezin jakin dezakegu nor ziren horietan agertzen diren izen gabeko pertsonak, ez gara gai bizidunak eta hildakoak bereizteko, eta ez dakigu nor izan zen biktima eta nor gaizkile. Are gehiago, Boltanskik, pertsonok ezagut ez ditzagun eta, halaber, guztien arteko berdintasuna iradokitzearren, argazkiak tamaina jakin batera murriztu zituen; bada, irudikatzen duten pertsonaren bizitzaren aztarna dira argazkiak. Horrez gain, irudien bilduma ausaz instalatzen da, eta, hartara, ez dago modu bakarrean interpretatzerik, ez dago narrazio bakar bat gailentzerik. Ingurune asaldagarri horretan, Boltanskik emozioak eta historia uztartzen ditu eta alboz albo jartzen ditu errugabea eta erruduna, egiazkoa dena eta atsekabea eragiten duena, minberatasuna eta sakontasuna.
Jatorrizko izenburua
Humans
Data
1994
Teknika / Materialak
Argazkiak eta argiak
Neurriak
Guztizko neurri aldakorrak
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa