Artea funtsezkoa da, izan ere, gure ongizatea hobetzen du eta bizitzaren zentzuarekin konektatzen gaitu. Artearen bidez, gaiak, pertsonak, uneak, testuinguruak (historikoak zein egungoak) eta gureen modukoak nahiz bestelakoak diren egiteko moduak deskubritzen ditugu.

Arte-museoak bisitatzeak lasaitasuna eta konexio-egoera ekarri ohi ditu, hau da, gure ongizatea hobetzen du. Jarduera horrek estresa murrizten du batez ere, isolamendu- eta bakardade-sentsazioa txikitzen du, eta atsegingarria da, bizitza osoagoa eta esanguratsuagoa izaten laguntzen baitu.


Guggenheim Bilbao Museoa bisitatzea aukera ezin hobea da gure inguruan eta geure baitan gertatzen denari berriro arretaz erreparatzeko. Artelanak begirada luze, geldo eta kontzientez behatzera gonbidatzen zaitugu, Museoaren txoko ezberdinak eta haren arkitektura berezia jakin-minarekin deskubritzera, eta zugan pizten dituzten sentsazioez eta emozioez hausnartzera.

Artelan bati arretaz begiratzeak, galderak sorrarazteaz gain, begirada zabaltzen digu. Gure autonomia aktibatzera, gure pentsamendua garatzera eta sentitzera gonbidatzen gaitu. Artera hurbiltzeak behatzeko, hausnartzeko, sortzeko, ausartzeko eta gure buruarekin eta besteekin konektatzeko ditugun gaitasunak areagotzeko ahalmena du.

Gainera, arte-museoek gure emozioak aztertzeko espazio segurua eskaintzen dute. Emozio negatiboei hobeto aurre egin diezaiekegu segurua dela dakigun leku batean, artea dela (eta ez errealitatea) dakigun leku batean. Eta harremanak eta sentimendu positiboak gehiago gozatzen eta lantzen laguntzen digu, inplikatuago eta konprometituago sentitzen gara-eta.

Azken azterketa zientifikoen arabera, arte-museoak bisitatzeak bi modu osagarritan eragiten du pertsonengan: ongizatea areagotzen du (besteekin eta bizitzarekin konektatuta sentiarazten du eta horrek emozio positiboak hobetzen ditu), eta, era berean, ondoeza murrizten du (hau da, aldarte negatiboak eta nahasmendu-egoerak baretu egiten dira), eta horrek guztiak bisitaldiaz gehiago gozatzen laguntzen du. Artearen balio sozialarekin dugun konpromisoaren bidez, Guggenheim Bilbao Museoak bertoko erakunde sozial eta terapeutikoekin egiten du lan onura horiek kolektibo zaurgarriengana eramateko, haien erresilientzia eta integrazioa sustatu asmoz.

Benetako artelan bati begiratzea esperientzia paregabea da publiko guztientzat. Pieza berezi baten aurrez aurre egoteak —pantailarik gabe, zuzenean, artistek adierazi nahi dutenarekin ez beste ezerekin hartu-emanean— gizaki gisa dugun benetako izaerarekin konektatzen gaitu. Bisitaldi ederra izan dezazula Guggenheim Bilbao Museoan!

Begirada barez

image

Patxada hartu eta jar zaitez “slow” moduan; itzali eguneroko bizimoduan abian izaten dugun pilotu automatikoa.

Hain azkar doan mundu honetan, gure garunak ideia nagusiak hartzen ditu, baina askotan galdu egiten ditu ñabardurak, xehetasunak eta zentzumenen bitartez iristen zaiguna. Erabateko arretarekin behatzera edo entzutera gelditzen garenean, informazio askoz ere gehiago, esanahi gehiago eta aberastasun handiagoa aurkitzen dugu inguratzen gaituen horretan, baita geure buruaren inguruan dugun pentsatzeko moduan ere.

Artelanek aukera ematen digute egileei, teknikei, testuinguruei eta horiek behatzeko, mundua ulertzeko eta elkar ulertzeko dugun moduari buruzko alderdiak ezagutzeko. Poliki begiratzeak, aberasteaz gain, kontzienteago egiten gaitu.

Begirada barez ekimenean, artelanak patxadaz behatzera gonbidatzen zaitugu; hunkidurari bide ematera eta arnasa presarik gabe hartzera; piezekin konektatzera eta zure arnasketa, sentsazioak eta emozioak aktibatzen uztera sorkuntza-lanez gozatzen duzun bitartean.

Hiru aukera eskaintzen dizkizugu:

  • Audioa, Mar Creciente, El Anatsui, obraz gozatzeko.
  • Gidoi bat, jarraitu beharreko urrats eta guzti, Begirada barez goza dezazun Museoko edozein lanen aurrean.
  • Aldizkako talde-bisitaldiak, Begirada barez ekimena beste bisitari batzuekin partekatzeko, profesional batek gidatuta (kontsultatu disponibilitatea Jarduerak ataletan).

Ordu lasaian

image

Ordu lasaian asteazkenetan 14:00etatik 15:30era, Guggenheim Bilbao Museoa zeure kontura eta isiltasunean ikusteko aukera proposatzen dizugu, patxadaz, zeure erritmora. Xehetasunei arretaz begiratzera eta “mindful” eran jartzera gonbidatzen zaitugu, Museoaren arkitektura bereziak eta eskaintzen dizkizugun erakusketek iradokitzen dizuten urrats, arnasketa eta begirada bakoitzaz jabetuz.

Esteka honetan meditazio gidatua deskarga dezakezu. Eraikinaren erdigunea den Atrioan egitea gomendatzen dizugu, Guggenheim Bilbao Museoan barrena egingo duzun “mindful” bisitaldiaren hasiera gisa. 10 minutuko audioa da, eta etenaldi kontziente bat egiten ez ezik, zure arnasarekin maitekiro konektatzen lagunduko dizu, baita arreta eta lasaitasuna garatzen ere.

Gainera, Begirada barez ataleko baliabideak ere badituzu; horien bidez, gidatu egingo zaitugu behaketa pausatua praktika dezazun Museoko nahi beste artelanen aurrean.

El Anatsui, Itsaso gorakorra (2019)

Museoa Hegazkin-Moduan

image

Pentsatu al duzu Guggenheim Bilbao Museoa “hegazkin-moduan” bisitatzea? Ausartuko al zinateke? 

Gero eta zailagoa egiten zaigu lasaitasun-une bat aurkitzea. Azkar bizi gara, eta denbora librea daukagunean ere, ziztu bizian gozatu nahi izaten dugu, gauza asko egin nahi izaten ditugu. Gure arreta sakabanatuta dago, distrakzioz beteta mezuen, alerten eta jakinarazpenen ondorioz. 

Baina, batzuetan, gutxiago gehiago da, eta posible da Guggenheim Bilbao Museoa lasaiago, polikiago eta kontzienteago bisitatzeak dakarren esperientzia paregabeaz gozatzea. 

Guggenheim Bilbao  Museoan barrena hegazkin-moduan ibiltzera gonbidatzen zaitugu. Distrakziorik gabe, etenik gabe. Zergatik ez diozu zeure buruari minutu batzuetako deskonexioa eta lasaitasuna oparitzen Museora egiten duzun bisitak eskaintzen dizun guztiaz gozatzeko? Animatzen bazara, jo zure mugikorreko kontrol-panelera, bilatu hegazkin-moduaren ikonoa eta aktibatu. Bitartean entzuteko gida erabili nahi baduzu, wifi sarea aktibatuta egin ahal izango duzu. Eta, bisitaldia amaitu ondoren, ez ahaztu hegazkin-modua itzaltzea eta esperientzia nolakoa izan den partekatzea! Nahiago baduzu telefonoa ez deskonektatzea, berriz, Museoaren barruan badira zenbait gune gelditzeko eta astiro gozatzeko pentsatuak. Deskargatu planoa.

Artetik: From the art

image

Artea eta emozioak betidanik egon dira elkarri lotuta. Artistek sentitu egiten dute eta, beren errealitateari erantzuteko, artelanetan islatzen dituzte beren sentimenduak. Sorkuntza-lan artistiko bat behatzen duen oro hunkitu egiten da, hamaika modu desberdinetan egin ere.

Beraz, artearen eta emozioen arteko harreman hain funtsezko horretaz jabetuta, Guggenheim Bilbao Museoak Artetik: From the Art ekimena garatu du: Museoaren eta Google Arts & Culture-ren arteko lankidetza.

Museoko hirugarren solairuan dagoen instalazio hori aitzindaria da munduan, eta aukera ematen du Bildumako lanekin esperimentatzeko, emozioak aztertzeko eta pieza bakoitzak gainerako bisitariengan eragiten dituen sentipenak ezagutzeko.

Esperimentuaren online bertsioak Bilduma eraikin ikonikotik kanpo zabaltzen du eta mundu guztiko publikoari hurbiltzen dio; Artelanak Museoko bisitariek haietako bakoitzari esleitutako emozioen bidez ezagutzera gonbidatzen du publikoa.

Gozatu Museoaren funtsetako obrez emozio-mapa bizi, kolektibo eta interaktibo horren bidez.

Partekatu