Titulurik gabea 767. zk.
1996Akrilikoa oihal gainean zurezko panelen gainean211 X 347,5 X 6,3 cm
Irazabal 1990eko hamarkadaren erdialdera gailendu zen New Yorken egindako bi erakusketekin. Garai oparoa izan zen abstrakzio hutsa berraztertzen ziharduten artista gazteentzat; horiek abstrakzioa epe luzera oso bideragarria ematen ez zuen lengoaia historikotzat hartu zuten. Irazabalen pinturak gozagarriak dira, Pop Artea gogora dakarren ikusizko gestalt puruak bat-batekoak eta berehalakoak direlako sentsazioa sortzen du. Irazabalek ondo baino hobeto daki pinturaren lengoaiak bilakaera luzea eta berezia izan duela, eta pinturaren historiaren aldi ugariri dagozkien zeinu kontzeptualak kodetu ditu bere lanetan. Adierazle horiek antzinako Greziako galdutako maisulanetara garamatzate eta harrezkero sortutako estilo eta ideologia bereizgarri ugariri erreferentzia egiten diete.
Irazabalen baliabide nagusia polimero likido oso argia da. Aurrena, gel batez bustitzen du hura ematean lodiagoa izan dadin, eta, hurrena, pigmentu likido kantitate txiki-txikiak erabiltzen ditu, zeharrargitasun eta kolore desberdinak sortzeko. Ematen dituen margo-geruzak hain dira lodiak, non pintura mihisearen ertzetan metatzen den; hori dela eta disolbatzaileak ez du gaindi egiten. Metatutakoa kendu egiten du erakusketaren aurretik, alboak ikus daitezen. Kolore bat beste baten gainean ezartzen duenean oso efektu bisual konplexua sorrarazten du.
Kolore-geruzak egiteko prozesu hori ikertzeari ekin zion aurreneko urteetan, Irazabalek eskala txikia erabili zuen beharrak bultzatuta: garrantzitsuagoa zen asmatutako lan-metodologiaren aukerak arakatzea erakusketak eskala handiago batean egiten saiatzea baino. Hala ere, 1997an, New Yorkeko galeria batean egin zuen bigarren erakusketan lanean, eskala hori handitzeko moduak ikertu egin zituen. Titulurik gabea 767. zk. (Sin título #767, 1996) lanaren izenburuari kutsu zientifikoa dario. Lau panelekin hasi zuen lana, eta pertsona baten tamainakoa zen panel bakoitza, gutxi gorabehera. Guztizko tamaina heroikoa da, eta lanaren zabaltasunak eta gorri biziak Barnett Newman-en Vir Heroicus Sublimis (1950–51) gogorarazten digu ezinbestean. Asmo hori ez bazuen ere, Irazabalen ustez, ikusleek pintura hau eta Newmanen maisulana konparatuko dute, eta horrek aberastu egingo du lanaren esperientzia. Monokromatikoa ematen du, eta ertz lodiak ditu. Ertzok pintura akriliko gardeneko geruzak dira eta, sedimentuek bezala, Irazabalen sortze-prozesua zuhurtziaz erakusten diote ikusleari, baita lanen distira sakon eta enigmatikoaren sorburua ere.
Jatorrizko izenburua
Titulurik gabea 767. zk.
Data
1996
Teknika / Materialak
Akrilikoa oihal gainean zurezko panelen gainean
Neurriak
211 X 347,5 X 6,3 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa