Ez dago ikusgai

Flamenko kapsula

1970Olio-pintura mihise gainean eta aluminioz inpregnatutako Mylar-a
290 x 701 x 98,5 cm

New Yorken 1960an publizitate-hesien pintore-lana uztean, James Rosenquistek publizitate-karteletako pinturan erabilitako teknika asko gehitu zituen bere artelanetara. Rosenquistek publizitate-irudiak zatikatu eta berrosatu egiten zituen, pintura industriala erabiltzen zuen, eta formatu handian lan egiten: nagusi zen Espresionismo Abstraktuaren aurka joan zen; ondorioz, haren lanei, garaikide Roy Lichtenstein-en, Claes Oldenburg-en eta Andy Warhol-en lanei bezala, Errealismo Berri eta, gero, Pop Arte izena eman zieten. Rosenquist mugimendu berri horren aitzindari izan zen F-111 (1964–65) lan itzelak nazioarteko aitortza lortu zuenetik. 26,5 metrotik gorako pintura horrek AEBko kontsumo-kultura berria sostengatzen zuen konplexu industrial militarrari egiten zion erreferentzia, eta, askoren ustez, gerraren kontrako lana da.

Rosenquisten obrak teknologia aurreratu eta fenomeno zientifikoei, zehazki espazio eta kosmosari buruzko lilura hezurmamitu du. F-111k nabarmen gogora ekartzen du estatubatuarren lehenengo espazio-esplorazioak, eta hasierako azterlan erabakigarri horiek inspiratu zuten Flamenko kapsula (Flamingo Capsule). Apollo 1ean zeudela, 1967ko entrenamendu-saio batean halabeharrez izandako sute batean hildako hiru astronautei omenaldia da. Artistak esan duenez, konposizioak "gune itxi bateko sutea" eta "espazio-ontzi osotik flotatzen dauden objektuak" iradokitzen ditu. Gorri-horien hondo baten gainean, AEBko banderaz apaindutako uniforme baten metalezko sare zimurtua, janari-poltsa bihurritu eta desitxuratu bat eta arku bat osatzen duten puxika batzuk airean flotatzen ikus ditzakegu. Tamaina itzeleko lan osatzen dute lau mihiseek eta horiek islatzen dituzten eta muturretara akoplatutako aluminiozko Mylar panelek; hartara, konposizioa mihisearen mugetatik haraindi ateratzen da. Pinturak gertaera historiko zehatz bati egiten dio erreferentzia, baina haren isolamenduak, gainjarpenak eta objektuak publizitate-hesien neurrietara handitzeak Rosenquisten lanaren obraren zati handi baten izaera enigmatiko karakteristikoa uzten dute agerian.

Jatorrizko izenburua

Flamingo Capsule

Data

1970

Teknika / Materialak

Olio-pintura mihise gainean eta aluminioz inpregnatutako Mylar-a

Neurriak

290 x 701 x 98,5 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa