Espainiako hiru Venus gorri
1997Poliestireno puztua altzairuzko egitura gainean, nylonezko sare-maila eta latex akriliko gorrizko akabera940 x 1220 x 1240 cm
Jim Dine 1960ko hamarkadaren hasieran hasi zen ezagun bihurtzen, artearen mugak errotik handitu zituen artista-talde heterogeneo bateko partaide izan zenean; talde horrek, bada, Ekintza Pinturaren moduak espazioa eta denbora errealari aplikatu eta kalean bildutako objektu arruntak baliatu zituen. 1959 eta 1961 artean, Dinek ezinbesteko rola izan zuen giroak eta Allan Kaprow-k "happening" deitu zituen performanceak garatzen, Claes Oldenburg eta beste artista batzuekin lankidetzan zela. Gero, Robert Rauschenberg-en eta Jasper Johns-en eraginpean, mihise gaineko pinturak sortzen hasi zen eta, horiei, hainbat objektu gehitu zizkien: tresnak, arropa eta bainu-osagarriak, adibidez. Lan horiek Pop Artearekin lotu zituzten berehala, nahiko urruti zeuden arren —Andy Warhol-en ekoizpen despertsonalizatu eta axolagabetik adibidez—. Hasieratik, Dinek nahiago izan zituen zama sinboliko handia zuten —maiz gorputzarekin lotzen ziren— objektuak eta irudiak, adibidez: iragarki batetik gizonezko bainu-txabusina baten irudia moldatu eta kodetutako autorretratu bat egin zuen. Dinek, gainera, pintura modu espresiboan erabili zuen objektu eta irudi horiek eraldatzeko eta bere buruaren adierazteko baliabide bihurtzeko.
Txabusina, bihotza, tresnak eta Pinotxo ez ezik, Dineren lanen adierazgarri ere bada bururik gabeko Milosko Venus bat. 1982an agertu zen lehenengoz; garai hartan, artistak denda batean greziar eskultura ospetsuaren igeltsuzko erreplika txiki bat erosi eta eraldatzea erabaki zuen. Giza irudiari burua kendu eta gainazala karrakatu eta higatu ondoren, buztinez irudia handi zezaten eskatu zuen. Gero, kopia handitu hori are gehiago landu zuen eta, azkenik, brontzezko eskultura bat moldekatu zuen Venus grisean eta beltzean (Venus in Black and Gray, 1983) sortzeko, gai horri buruzko hainbat materialezko, tamainako eta multzotako eskultura-sail bateko lehenengoa. Guggenheim Bilbao Museoaren Espainiako hiru Venus gorri (Three Red Spanish Venuses, 1997) horien artean dago; izan ere, tamainaz handiena da, agian asmoz ere bai. Gai hori artistaren hainbat pintura, marrazki eta grabatuetan ere agertu da.
Venusen sailak Dinek antzinagoko tradizio batekin etengabe daukan konpromisoa eta, zehazki, antzinatasunari buruzko bere interesa islatzen du. Era berean, 1980ko hamarkadaren erdialdera egiten hasi zen marrazki-sail batek ere agerian jartzen du interes hori, Museo-bildumetan erakutsitako greziar eta erromatar eskulturak inspirazio-iturri izan baitzituen. Milosko Venusaren askotariko bertsioek gogora ekartzen dute ezinbestean erreprodukzio mugagabea, arte-objektua artikulu komertzial bihurtzea eta eskultura sinboliko horrek 1820an Milos uhartetik berreskuratu zutenetik hartu duen kitscherako endekabidea; hala ere, gai hori artistaren lanaren ardatz nagusi baizik, testuinguru gisa hartu da. Besorik gabeko eta erdi estalitako forma ezaguna buruz gabetu eta eraldatzean, Dinek giza irudi arketipiko hori unibertsalagoa eta ez hain zehatza bihurtu du. Gainera, irudia errepikatzen den arren, Venus guztiak elkarrengandik ezberdinak dira. Espainiako hiru Venus gorri laneko hiru giza irudiek berdinak dirudite itxura batean, baina arretaz begiratuz gero, gorputz kubisten arteko ñabardura txikiak antzematen dira. Giza irudien multzo itzel honek (Frank Gehryk diseinatu zuen Guggenheim Bilbao Museoko Atrio garairako aginduz eskatu zena) artearen historian zehar landu izan diren zenbait gai iradokitzen ditu, adibidez, Parisen epaiketa eta Hiru graziak.
Iturria:
Ted Mann: "Jim Dine" in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.
Jatorrizko izenburua
Three Red Spanish Venuses
Data
1997
Teknika / Materialak
Poliestireno puztua altzairuzko egitura gainean, nylonezko sare-maila eta latex akriliko gorrizko akabera
Neurriak
940 x 1220 x 1240 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa