Ez dago ikusgai

Bizitzen saila: inoren hatsa ikustea harrigarri gerta liteke...

1989Bethel granito zurizko bankua Artistaren proba
91,85 x 46 x 43,4 cm

Jenny Holzer Ohio estatuko Gallipolis hirian jaio zen 1950ean, eta Estatu Batuetako artista kontzeptual ezagunenetako bat da. 1977an New Yorkera joan, eta Whitney Museum of American Art museoko ikasketa independenteen programan sartu zen bertan, hizkuntzaren inguruko ikerketari ekiteko. Urte hartan bertan, Topikoak (Truisms) sortu zuen; bere lan nagusietako bat da, hitz idatzian oinarritua, eta zenbait testu ditu idatzita folio zurien gainean inprenta-letra beltzez. Testu horiek inprimatu eta Manhattan osoan barrena jarri zituen, legez kanpo. Bi urte geroago, Colab taldearekin bat egin zuen, Jean-Michel Basquiat ere kide zuen taldearekin; biek zuten gustuko hiri handietako espazioak arte publikoaren eremu gisa erabiltzea, aire zabaleko museo batean integratzeko.

Jenny Holzerrek arte-adierazpenerako bitarteko bihurtzen du hitza. Darabiltzan aforismoek gure hizkuntza sinplea eta zuzena dela gogorarazten digute; egia nabariak, kaletik hartutako esaldiak, gerra, politika, heriotza eta indarkeriari lotutako segida luze batean. 1960ko hamarkadan, objektu artistikoak hura gauzatzeko beharrezkoak diren ideia eta ekintzaren araberako balioa duelako nozioa zabaldu zen. 1970eko hamarkadatik aurrera, artistak kartel, horma-irudi, elastiko, esku-paper edo preserbatibo-paketeetan sortu zituen testuak. 1980ko hamarkadan, New Yorkeko kaleak argiztatzen dituzten publizitate-panel handien artean sartu zituen bere esaldiak, eta, handik gutxira, beste baliabide batzuk esploratzeari ekin zion, besteak beste, bideoa edo kartel argidun handiak. Objektua ez baizik eta hura sortzen duen buru-prozedura garrantzitsuagoa delako hipotesitik abiatuta, artistak prozesu horretan jarri zuen arreta, eta hausnarketa huts bihurtu zuen ekintza hori.

Gero eta jende gehiagorengana eta desberdinagoarengana zabaltzen den mezu baten garraio bihurtu da artea, eta haren protagonista hizkuntza da, ziztatzailea, baiezkoa eta faktikoa. Helburua da pertsonak ustekabean harrapatzea, erreakzio bat, pentsamendu bat, arrazoibide bat, esperientzia kokatzeko toki bat izan dezaten iradokitzea, eta, aldi berean, haiek ustekabeko tokietan harrapatzea. Ikusleak esaldi horiek irakurtzen ditu, eta nondik datozen galdetzen dio bere buruari; egilearengandik guztiz urruntzen den jarrera bat hartzeko gonbidapena luzatzen zaio ikusleari, eta egilea bigarren planoan kokatzen da. Egilearen eta testuaren arteko lotura haustea da asmoa, komunikazio bizia sortzeko. Holzerrek gaitasun handia du mezu horiek zabaltzeko, eta horiekin giro biziki iradokitzailea sortzeko. Bakarrik gaude eremu ireki baten bakardadearen aurrean, jendez inguratuta. Hitzak eta kontzeptuak geure buruari giza harremanen inguruan galdetzeko material bihurtzen dira, gure esperientzia finkatzeko eta kontzientzia bera aztertzeko, ohikoa ez den beste leku batean: dimentsio handi eta xarmagarri bat, agerian jartzen duena zeinen indartsua den hizkuntza.

Bizitzen serieak lasaitasunez emandako oharrak, jarraibideak eta ohartarazpenak aurkezten ditu, eguneroko bizitza deskribatzeko erabiltzen den kazetaritza-estiloarekin. Banakoa eta haren gorputza paisaiarekin, beste pertsona batzuekin, arauekin, itxaropenekin, nahiekin eta beldurrekin nola erlazionatzen diren aztertzen du edukiak; horren adibide da “Inoren hatsa ikustea harrigarri gerta liteke, baita jende multzo baten arnasa ere. Normalean ez duzu sinesten jendea horren urrun irits daitekeenik”.

Jatorrizko izenburua

Living Series: It can be startling to see someone’s breath…

Data

1989

Teknika / Materialak

Bethel granito zurizko bankua Artistaren proba

Informazio gehiago

Testua: Bizitzen

Neurriak

91,85 x 46 x 43,4 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa