Une honetan ikusgai (306 aretoa)

Moises eta egiptoarrak

1982Akrilikoa eta olio-barra mihise gainean
185,9 x 137 x 4 cm

Moises eta egiptoarrak and the Egyptians, 1982) Jean-Michel Basquiaten funtsezko pieza bat da, haren etaparik oparoenean egindakoa; hots, hogei urte eskas zituela.

1980ko hamarkadaren hasiera aldera, artearen munduan jada ospetsua izanik, Basquiatek egunero egiten zien aurre diskriminazioari eta gizartearen itxurakeriari. Haren bizipen pertsonalak nahiz afroamerikarren historiarekiko zuen interesa arrazakeriaren eta kolonialismoaren aurkako konpromiso biziaren euskarri izan ziren, artistak biziki islatzen baititu bere lanetan. Testuaren, marrazkiaren eta pinturaren arteko konbinazio distiratsuak berezko estiloa definitu zuen, grafitian izandako esperientzia mihiseak sortzeko eskaintzen zizkion aukera berriekin batuz. Hark idatzitako adierazpenek karga sinboliko handiko esanahi ezkutuak gordetzen dituzte, eta irudikapenetan “heroiaren” figura aipatzen da behin eta berriz, santu, biktima, aingeru edo gerlari bihurtuz.

Moises eta egiptoarrak obran, pintura zuriz gainjarritako hainbat geruzak obraren zati bat estaltzen dute elementu nagusia inguratzen duten pintzelkada ausartekin: magenta kolore adierazkor bateko taula bikoitza. Profil-aurpegi bat ageri da konposizioaren erdian, eta Staff into Serpent Trick (suge bihurtzen den makilaren trikimailua), Water into Blood (ura odol bihurtzen da) edo Ten plauges (sic, hamar izurriteak) bezalako esaldiek ordenarik gabe zirriborratuak dirudite; era horretan, ekintza oldarkor bat transmititzen dute, eta, bertan, mugimendua eta abiadura argi eta garbi hautematen dira.

Obrak Moisesen historia aipatzen du Exodoan, Bibliaren bigarren liburuan. Kontakizun horren arabera, Moises eta Aaron, Jainkoak agindutako misio batean, Ramses II.a faraoiak hartzen ditu, eta hari esklabo israeldarrak Egiptotik askatzeko eskatuko die. Jainkoaren aginduaren froga gisa, Aaronek bere makila lurrera botatzen du, eta berehala suge bihurtzen da; hurrengo egunean, berriz, ura odol bihurtuko da. Esklaboei emantzipazioa ematea ukatu zuenez, beste bederatzi izurrite gertatuko dira Egipton, eta, azkenean, Faraoiak amore eman beharko du. Itsaso Gorria irekitzen denean, israeldarrek Egiptotik ihes egingo dute gizon aske bilakatzeko. Moises eta egiptoarrak obran, Basquiatek Bibliako pasarte hori erabiltzen du bidegabekeria soziala tratatzeko metafora gisa. Zapaldutako herri baten askapena ikertzean, artistak zuzenean eragiten dioten gizarte-arazoak jorratzen ditu; hala nola, identitatearekiko edo desberdintasunarekiko errespetua eta arrazakeria, gaur egun ere garrantzitsuak izaten jarraitzen duten gaiak.

Jatorrizko izenburua

Moses and the Egyptians

Data

1982

Teknika / Materialak

Akrilikoa eta olio-barra mihise gainean

Neurriak

185,9 x 137 x 4 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa Bruno Bischofberger-en dohaintza, Zurich