Estasia, Estatusa, Estatua
1994/2022Erretxina epoxi10 x 420 x 400 cm
1980ko hamarkadako Morazaren lehenengo lanek, tartean María Luisa Fernández artistarekin Comité de Vigilancia Artística taldeko kide zela (1979–85) egin zituenak, elementu apaingarriei erreparatzen zieten, adibidez, markoei eta edergailuei, hau da, goi-kulturak garrantzi txikiagoa eman ohi dien ekoizpen-alderdiei. Egite horiek, kategoria kementsu eta kontraesankorrak diren aldetik, goi- eta behe-kulturaren eta alderdi maskulinoaren eta femeninoaren arteko erlazioari buruzko bere ikerketek gero hartu zuten ibilbidea iragarri zuten. Beste euskal artista batzuek bezala, 1980ko hamarkadaren erdialdera Morazak Jacques Derrida, Michel Foucault eta beste postestrukturalista batzuen idazkien eragina izan zuen. Horiek hierarkia tradizionalak auzitan jarri zituzten eta egiaren, ezagutzaren eta identitatearen diskurtsoak nola eraiki diren aztertu zuten. Moraza nazioartean ezagun egin zen 1990eko hamarkadaren lehenengo erdialdean generoen ideiak auzitan jartzen zituzten lanen eta "aurkitutako objektu" faltsuz osatutako instalazioen bidez; azken horiek objektu arkeologiko moduan aurkeztutako eskulturak dira, eta horien adibide ditugu Arqueología del Placer (Gozamenaren arkeologia, 1995) laneko antisorgailuak.
Estasia, Estatusa, Estatua (Éxtasis, Status, Estatua, 1994) instalazioa gizon eta emakumeen zapata-takoien hainbat erretxina-moldez dago osatuta. Takoiek hainbat forma eta tamaina hartzen dituzte, alderantziz jarrita daude, eta sareta-moduan banatuta; horrek eskultura minimalistak eta erakusketa taxonomikoak ekar diezazkiguke gogora. Instalazioak, formagatik liluragarria denak, askotariko esanahiak eman ditzake aditzera. Maila batean, artistak idulkiari buruz eta hark eskulturaren kategoriaren definizioan duen zereginari buruz etengabe egiten duen ikerketa islatzen du. Hemen idulkia aldatuta edo ironikoki alderantzikatuta dago. Alderantziz jarritako takoiek dagozkien gorputzak ez daudela ere ekartzen dute gogora. Freud-en terminologiaren arabera, zapatak fetitxe-objektu peto-petoak dira: amaren sexu-desberdintasuna antzematean eta hark ordezko sinbolikoa hautatzean, umeak jasaten duen astinaldiaren ondorioz sortutako baztertutako desio-objektuak. Baina Morazaren instalazioak sexu-desberdintasunari buruzko ideia zorrotzak auzitan jartzen ditu: takoi altuek eta baxuek maskulinoaren eta femeninoaren lurralde bereiziak zehazten bide dituzte; takoien forma- eta altuera-aniztasunak, berriz, bi generoen arteko lurraldeak islatzen. Lanak Jacques Lacan-en desioaren ideiaren inguruan hausnartzen du. Izan ere, Lacanek hondar, hutsune, muturreko makaleria edo hausturatzat (gaia mintzairan banatzen da) jotzen du, edo, kasu honetan gertatzen den bezala, alderantzikatutako mundutzat. Bukatzeko, lan honek zalantzan jartzen du gehienetan eskulturarekin lotzen den ikusteko moldea: takoiek, lurretik gertu, ez dute hurbiletik eroso behatzerik uzten, eta, ondorioz, lana goragotik soilik ikus daiteke osorik.
Iturria:
De Diego, Estrella: "Juan Luis Moraza", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.
Jatorrizko izenburua
Estasia, Estatusa, Estatua
Data
1994/2022
Teknika / Materialak
Erretxina epoxi
Neurriak
10 x 420 x 400 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa