Ez dago ikusgai

Berenize

1989Beruna, kristala, argazkiak eta ilea
120 x 390 x 320 cm

Bigarren Mundu Gerrako azken gudua gertatu baino hil batzuk lehenago Alemanian jaio zela, Anselm Kiefer gerra modernoaren ondorioen eta bere herrialdearen banaketaren lekuko hazi zen. Gainera, nazio zatikatu bat nola berreraiki zen eta haren berritzeko ahalegina bizi izan zuen. Kieferrek elkarri lotutako Alemaniako historiaren eta mitologiaren ereduak eta horiek faxismoa agerrarazten nola lagundu zuten ikertzeari heldu zion. Gai horiek tabu estetikoak urratuz eta ikono sublimatuak berpiztuz landu zituen. Bere lehenengo proiektuetako batean, 1969ko Okupazioak (Occupations) sailean, Kieferrek Suitza, Frantzia eta Italian zehar egindako bidaia batean, hainbat tokitan, argazkiak atera zizkion bere buruari, nazien agurra egiten zuela. Geroagoko margolanek paisaia erraldoiak eta arkitektura-barnealdeak agertzen dituzte eta harea eta lastoa aplikatu ohi zizkien; Alemaniako politika eta literaturaren ondarea gogora ekartzen dute. Ugari dira nibelungoen kondairei, Richard Wagner-i, Albert Speer-en arkitekturari eta Adolf Hitler-i erreferentziak. 1980ko hamarkadako erdialdetik eta, zehazki, 1990eko hamarkadaren hasieran Frantzia hegoaldera lekualdatu ondoren, Kieferrek bere ikonografia handitu zuen, eta gai unibertsalagoei heldu zien, adibidez: zibilizazioa, kultura eta espiritualtasuna; horretarako, inspirazio-iturri gisa hartu zituen Kabala, alkimia eta Antzinateko mitologia.

Bere ibilbidean, Kiefer-ek hainbat emakume erreal eta mitologiko irudikatu ditu, Isabel Austriakoa, Brunilda eta Lilit, esaterako. Berenize (Berenice, 1989) lanak Ka III. mendeko Cireneko (egungo Libian) Berenize Printzesari egiten dio erreferentzia. Bere senarra osasuntsu eta salbu itzul zedin, Berenizek bere ile luzea moztu zuen, eta Venusi eskaini. Ilea, ordea, utzitako tenplutik desagertu egin zen gero eta, esaten zenez, gaueko zeruko konstelazio berri bihurtu zen. Eskultura honetan, Kieferrek mitoa ekartzen du gogora, berunezko hegazkin baten hondar batzuen bidez: hegal bat eta fuselaje-zati bat; horretatik asaldatzen gaituen giza ile-motots bat ateratzen da eta horrek aditzera ematen du kontsumitutako erregaia edo ke beltz toxikoa. Berunezko hegazkinak behin eta berriz agertzen dira Kieferren ikonografian. Beruna saihets ezineko materiala izan da artistaren obran 1980ko hamarkadaren erdialdetik, eta lotura historikoz (alkimian daukan garrantzia) eta pertsonalez josita dago. Elkarren baztergarri diren hegazkina eta ke itxurako ile-haria konbinatzeak kezka eta askotariko emozioak transmititzen ditu.

Iturriak:
Nancy Spector: "Anselm Kiefer", in Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.

Miguel López-Remiro: "Anselm Kiefer", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

"Anselm Kiefer", in La Colección Permanente de los Museos Guggenheim, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 2007.

Jatorrizko izenburua

Berenize

Data

1989

Teknika / Materialak

Beruna, kristala, argazkiak eta ilea

Neurriak

120 x 390 x 320 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa