Titulurik gabea (Rhin ibaia)
1982Xilografia, emultsioa, olio-pintura eta collagea mihise gainean280 x 354 x 6,8 cm
Bigarren Mundu Gerrako azken gudua gertatu baino hil batzuk lehenago Alemanian jaio zela, Anselm Kiefer gerra modernoaren ondorioen eta bere herrialdearen banaketaren lekuko hazi zen. Gainera, nazio zatikatu bat nola berreraiki zen eta haren berritzeko ahalegina bizi izan zuen. Kieferrek elkarri lotutako Alemaniako historiaren eta mitologiaren ereduak eta horiek faxismoa agerrarazten nola lagundu zuten ikertzeari heldu zion. Gai horiek tabu estetikoak urratuz eta ikono sublimatuak berpiztuz landu zituen. Bere lehenengo proiektuetako batean 1969ko Okupazioak (Occupations) saila, Kieferrek Suitza, Frantzia eta Italian zehar egindako bidaia batean, hainbat tokitan, argazkiak atera zizkion bere buruari, nazien agurra egiten zuela. Geroagoko margolanek paisaia erraldoiak eta arkitektura-barnealdeak agertzen dituzte eta harea eta lastoa aplikatu ohi zizkien; Alemaniako politika eta literaturaren ondarea gogora ekartzen dute. Ugari dira nibelungoen kondairei, Richard Wagner-i, Albert Speer-en arkitekturari eta Adolf Hitler-i erreferentziak.
Titulurik gabea (Rhin ibaia) [Ohne Titel (Der Rhein), 1982] lanak bi zati oso desberdin ditu. Behealdean Rhin ibaia dugu, ohiko sinbolo bat Kieferren 1960ko hamarkadaren amaierako lanetan. Ibaiak, bada, garrantzia biografikoa du artistarentzat, haren ingurumarietan jaio eta hazi baitzen. Lan honetan, baina, erromantizismoan eta ondorengo mugimendu nazionalistetan ibaiak izan zuen balio sinbolikoa ere berreskuratzen du. Goialdean, ibaiaren gainean, eraikin bat dago: horren itxurak erregimen naziak gogokoen zuen estiloa gogora ekartzen du, hots, Speer eta Wilhelm Kreis arkitektoak, besteak beste, adierazle izan zituen estiloa. Beraz, Kieferrek naturaren bizi-zikloa, ibaiaren bidez aditzera ematen dena, eta nazismoa arautzat ezartzen saiatu zen dogmatizazio estetikoa ondoz ondo jartzen ditu.
Lanean erabilitako baliabideak berak Alemaniako historiari egiten dio erreferentzia: xilografía Alemaniako arteari oso lotuta dagoen bitarteko tradizional bat da: Alberto Durero Errenazimentuko artista handitik hasi eta XX. mendeko espresionistetara —adibidez, Ernst Ludwig Kirchner—. Lan hau askotariko xilografia-grabatuek osatzen dute, irudi oso bat ekoizteko mihiseari itsatsi zaizkio eta horien ertzak apur bat antzeman daitezke. Artistak, gainera, baliabidea are gehiago nabarmentzeko, inprimatutako zurezko markoaz inguratu du irudia.
Iturriak:
Nancy Spector: "Anselm Kiefer", in Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.
Miguel López-Remiro: "Anselm Kiefer", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.
"Anselm Kiefer", in La Colección Permanente de los Museos Guggenheim, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 2007.
Jatorrizko izenburua
Ohne Titel (Der Rhein)
Data
1982
Teknika / Materialak
Xilografia, emultsioa, olio-pintura eta collagea mihise gainean
Neurriak
280 x 354 x 6,8 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa