Munduko jakinduriaren bideak: Hermann-en borroka
1982–93Xilografia, emultsioa, olio-pintura eta collagea paperean mihise gainean491 x 612,5 x 3,9 cm
Bigarren Mundu Gerrako azken gudua gertatu baino hil batzuk lehenago Alemanian jaio zela, Anselm Kiefer gerra modernoaren ondorioen eta bere herrialdearen banaketaren lekuko hazi zen. Gainera, nazio zatikatu bat nola berreraiki zen eta haren berritzeko ahalegina bizi izan zuen. Kieferrek elkarri lotutako Alemaniako historiaren eta mitologiaren ereduak eta horiek faxismoa agerrarazten nola lagundu zuten ikertzeari heldu zion. Gai horiek tabu estetikoak urratuz eta ikono sublimatuak berpiztuz landu zituen. Bere lehenengo proiektuetako batean 1969ko Okupazioak (Occupations) saila, Kieferrek Suitza, Frantzia eta Italian zehar egindako bidaia batean, hainbat tokitan, argazkiak atera zizkion bere buruari, nazien agurra egiten zuela. Geroagoko margolanek paisaia erraldoiak eta arkitektura-barnealdeak agertzen dituzte eta harea eta lastoa aplikatu ohi zizkien; Alemaniako politika eta literaturaren ondarea gogora ekartzen dute. Ugari dira nibelungoen kondairei, Richard Wagner-i, Albert Speer-en arkitekturari eta Adolf Hitler-i erreferentziak. 1980ko hamarkadako erdialdetik eta, zehazki, 1990eko hamarkadaren hasieran Frantzia hegoaldera lekualdatu ondoren, Kieferrek bere ikonografia handitu zuen, eta gai unibertsalagoei heldu zien, adibidez: zibilizazioa, kultura eta espiritualtasuna; horretarako, inspirazio-iturri gisa hartu zituen Kabala, alkimia eta Antzinateko mitologia.
Munduko jakinduriaren bideak: Hermann-en borroka (Wege der Weltweisheit: Die Hermannsschlacht, 1982–93) Alemaniako pertsonaia historikoen panteoi-mataza bat da; bertan, erretratuek elkar topatzen dute basoan eta zuhaitz-enborren eraztun gainjarriek elkartzen dituzte. Lan hau sail baten parte da, Kieferrek 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1980ekoaren hasieran zurean zizelkatu zituen eta elkarren antza duten collage handien sailena, hain zuzen. Tituluak Hermann aipatzen du, Arminio izen erromatarraz ere ezaguna. Erromatarren kontra K.o. 9. urtean Teutoburg-eko basoko guduan borrokatu ziren tribu germaniarrak gidatu zituen eta, harrezkero, Germaniak Erromatar Inperiotik independentzia lortu zuen. Hermann alemaniar nazionalisten sinbolo boteretsua bihurtu zen XIX. mendean eta, Hirugarren Reichean, naziek bere mitoa erabili zuten arraza "arioa"ren gailentasuna aldarrikatzeko. Hemen adierazitako giza irudietan, XVIII. eta XIX. mendeko intelektualak, poetak eta musikagileak agertzen dira, baita Prusiako industriagile eta liderrak eta gidari militar naziak ere. Potretak 1937ko liburu batean agertzen ziren irudietan oinarritzen dira batez ere: Alemaniar liderraren begitartea: 2000 urteko alemaniar borrokalari eta aitzindarien 200 potreta; liburu horrek nazional-sozialismoa legitimatzen duen genealogia bat aurkeztu zuen [1]. Kieferren xilografia konposatuan, hainbat giza irudiren buruak elkarri gainjarrita daude modu trinko eta zakarrean, itxuraz batere ordenarik gabe eta, lanaren erdigunetik, Hermannen beraren potretaren azpitik, su gaizto bat zabaltzen da.
Kieferrek xilografia hautatu izana gaiari dago hertsiki lotuta, Alemaniako arteari oso lotutako baliabide tradizional bat baita: Alberto Durero Errenazimenduko artista handitik hasi eta XX. mendeko espresionistetara —adibidez, Ernst Ludwig Kirchner, zeinek apur bat biziberritu zuen—. Kieferrek hainbat lanetan baliatu ditu xilografia konposatuak, adibidez, Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman ere badagoen Titulurik gabea (Rhin ibaia) [Ohne Titel (Der Rhein), 1982] lanean.
Oharra:
1. Ikus Hans Dickel: "Off the Beaten Track: On the Sails Ways of Worldly Wisdom", in Klaus Gallwitz (arg.), Anselm Kiefer: Wege der Weltweisheit/Die Frauen der Revolution, Richter Verlag, Düsseldorf, 2007.
Iturriak:
Nancy Spector: "Anselm Kiefer", in Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.
Miguel López-Remiro: "Anselm Kiefer", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.
"Anselm Kiefer", in La Colección Permanente de los Museos Guggenheim, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 2007.
Jatorrizko izenburua
Wege der Weltweisheit: Die Hermannsschlacht
Data
1982–93
Teknika / Materialak
Xilografia, emultsioa, olio-pintura eta collagea paperean mihise gainean
Neurriak
491 x 612,5 x 3,9 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa