Ez dago ikusgai

Ekiloreak

1996Xilografia, goma-laka eta akrilikoa mihise gainean
435 x 349 cm

Bigarren Mundu Gerrako azken gudua gertatu baino hil batzuk lehenago Alemanian jaio zela, Anselm Kiefer gerra modernoaren ondorioen eta bere herrialdearen banaketaren lekuko hazi zen. Gainera, nazio zatikatu bat nola berreraiki zen eta haren berritzeko ahalegina bizi izan zuen. Kieferrek elkarri lotutako Alemaniako historiaren eta mitologiaren ereduak eta horiek faxismoa agerrarazten nola lagundu zuten ikertzeari heldu zion. Gai horiek tabu estetikoak urratuz eta ikono sublimatuak berpiztuz landu zituen. Bere lehenengo proiektuetako batean 1969ko Okupazioak (Occupations) saila, Kieferrek Suitza, Frantzia eta Italian zehar egindako bidaia batean, hainbat tokitan, argazkiak atera zizkion bere buruari, nazien agurra egiten zuela. Geroagoko margolanek paisaia erraldoiak eta arkitektura-barnealdeak agertzen dituzte eta harea eta lastoa aplikatu ohi zizkien; Alemaniako politika eta literaturaren ondarea gogora ekartzen dute. Ugari dira nibelungoen kondairei, Richard Wagner-i, Albert Speer-en arkitekturari eta Adolf Hitler-i erreferentziak. 1980ko hamarkadako erdialdetik eta, zehazki, 1990eko hamarkadaren hasieran Frantzia hegoaldera lekualdatu ondoren, Kieferrek bere ikonografia handitu zuen, eta gai unibertsalagoei heldu zien, adibidez: zibilizazioa, kultura eta espiritualtasuna; horretarako, inspirazio-iturri gisa hartu zituen Kabala, alkimia eta Antzinateko mitologia.

Ekiloreak (Tournesols, 1996) Kieferrek irudi-sail bati dagokio; horietan ekilore ilunen forma fosilduak eta gizon baten irudi biluzia ondoz ondo jarri zituen. Giza irudia artistaren oso antzekoa den arren, gizon hori Robert Fludd-tzat jo izan da, XVII. mendeko filosofo eta okultista ingelesa (1574-1637). Bere ustez, munduko landare bakoitzak bere izarrezko ordaina dauka zeruan eta lurreko mundu mikrokosmikoak eta zeruko mundu makrokosmikoak badute lotura bat [Fludden ideiak, gainera, Kieferren Robert Fludd-entzat (Für Robert Fludd, 1995-96) liburuaren inspirazio-iturri izan ziren, hori ere Guggenheim Bilbao Museoaren bildumakoa]. Irudi honek, bestalde, gizabanakoaren eta inguruan daukan kosmosaren artean dagoen esteka uzten du agerian.

Iturriak:
Nancy Spector: "Anselm Kiefer", in Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.

Miguel López-Remiro: "Anselm Kiefer", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

"Anselm Kiefer", in La Colección Permanente de los Museos Guggenheim, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 2007.

Jatorrizko izenburua

Tournesols

Data

1996

Teknika / Materialak

Xilografia, goma-laka eta akrilikoa mihise gainean

Neurriak

435 x 349 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa