Ibilbide berdea
Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museora!
Ibilbide honi esker, Bildumako zenbait obra zeure kabuz ezagutu ahal izango dituzu, eta horien inguruko gogoeta egin ahalko duzu alderdi estetikoari ez ezik ingurumen-iraunkortasunari ere erreparatuz.
Artelan “bizia”
Museoaren plaza
Ba al zenekien Puppy artelan “bizia” dela? Loretan dauden 35.000 landarez estalita dago. Udaberrian, begoniak, baltsaminak, petuniak, lobeliak, Indiako krabelinak eta Txinako krabelinak izaten ditu, kolore gorri, laranja, arrosa eta zurikoak; udazkenean, berriz, pentsamenduz estalita egoten da.
Mantentze- eta zaintza-lanak egitea ahalbidetzen duen ureztatze-sistema jasangarria bat du eskulturak.
Puppyren bitartez, Koonsek iragana eta oraina batu ditu; izan ere, ordenagailu-eredu sofistikatu bat erabili zuen XVIII. mendeko Europako lorategi klasiko arranditsuak iradokitzen dituen eskala handiko obra hau sortzeko.
Jeff Koons, Puppy, 1992
Altzairu herdoilgaitza, substratua eta landareak loraldian
1240 x 1240 x 820 cm
Guggenheim Bilbao Museoa
Argi-mezuak
Atrioa
1977az geroztik, Jenny Holzerrek hizkuntza erabili du adierazpen artistikorako forma nagusi gisa. Haren testurik ezagunenen artean Truismoak daude; hau da, begi-bistako egiak, kalean hartutako esaldiak gerraren, politikaren, heriotzaren edo indarkeriaren inguruko gaiei buruz.
Mezuak komunikatzeko, bitarteko mordoa erabiltzen du Holzerrek, hala nola publizitate-kartelak, argiak nahiz seinaleztatzeko gailu elektronikoak, eta espazio publikoetan jartzen ditu.
Bilborako instalazioa 1997an sortu zuen Jenny Holzerrek, hain justu Museoan kokatuta dagoen aretorako. Argizko diodoak edo led-ak erabili zituen material moduan, energia-kostu txikiko argia igortzen baitute.
Jenny Holzer, Bilborako instalazioa (Installation for Bilbao), 1997/2017
Diodo argitsuak
Kokapen espezifikoko neurriak
Guggenheim Bilbao Museoa
Laino-eskultura bat?
Itsasadarraren alboko terraza
Fujiko Nakaya lainoa eskultura-baliabide gisa darabilen lehen artista da. Modu sotilean egiten du, ura, atmosfera, aire-korronteak eta denbora konbinatuta. Urmaelaren ertzean ezkutatuta dagoen ponpaketa-sistema batek sortzen du lainoa.
Nakayarentzat, bere lanak esperimentatu egin behar dira. Laino-eskultura orduero aktibatzen da, puntuan, eta 8 minutuz egoten da abian. Ez ezazu galdu!
Fuyiko Nakaya, Laino-eskultura 08025. zk. (F.O.G.) [Fog Sculpture #08025 (F.O.G.)], 1998
1.000 laino-toberak sortutako ur-lainoa eta goi-presiozko ponpaketa bidezko motor sistema
Kokapen zehatzeko neurriak
Guggenheim Bilbao Museoa
Bizitzaren izaera
Itsasadarraren alboko terraza
Hemendik ere lan hau ikusi daiteke!
Ia 9 metroko altuerako Ama Louise Bourgeoisen eskultura handienetarikoa da, eta armiarman inspiratutako sail batekoa da.
Artistarentzat, armiarmak amari egindako omenaldi moduko bat dira, ehulea baitzen hura. Araknido horiek amatasunaren izaeraren bikoiztasuna adierazten dute: ama babeslea da, baina baita harraparia ere, eta armiarmak zeta erabiltzen du kuskua egiteko nahiz harrapakina ehizatzeko. Armiarmak nolabaiteko izua eragiten du, baina hanka mehe-meheen gainean harrigarrikiro orekatua dirudien eskultura honen garaiera handiak ia hunkigarria ere baden zaurgarritasuna transmititzen du, bereziki arrautzak babesteko duen moduagatik. Jakingo zenuke non dauden arrautzok?
Louise Bourgeois, Ama (Maman), 1999
Brontzea, marmola eta altzairu herdoilgaitza
927 x 891 x 1023 cm
Guggenheim Bilbao Museoa
Bilborako nahien zuhaitza
Bigarren solairuko terraza
Parte-hartze bidezko obra hau Yoko Onok 1996an hasitako sail batekoa da. Jatorria japoniar tradizio batean du: zuhaitz eta zuhaixketan esaldiak zintzilikatzea.
Artistak gure “bake” nahiak idaztera gonbidatzen gaitu, eta, ondoren, zuhaitzean zintzilikatzera. Mezu horiek, gero, artistari bidaltzen zaizkio nazioarteko Irudikatu bakea dorrea proiektuan txertatzeko; hots, John Lennonek munduko bakearen alde egindako borroka eta Yoko Onok helburu berarekin jorratzen duen militantzia sinbolizatzen dituen obran.
Bilborako nahien zuhaitza lanarekin elkar-eragiteko moduak txandakatuz joaten dira: batzuetan, bisitariek aukera duzue zuen nahiak idatzi eta zintzilikatzeko, eta, beste batzuetan, zuhaitzari xuxurlatu diezazkiokezue.
Animatu eta parte hartu!
Historian zehar, olibondoak erabilera ugari izan ditu: Mediterraneoko herrietako oinarrizko laborantza da, eta bakearen, garaipenaren eta bizitzaren sinbolo unibertsala izatera ere iritsi da. Klima leuneko ia eskualde guztietan landatzen da, izotzaldirik gabeko eremu eguzkitsuetan, eta haren fruitua, oliba, eta horren deribatua, olioa, dieta mediterraneoaren eta elikadura-industria garrantzitsu baten oinarrietako bat dira.
Yoko Ono, Bilborako nahien zuhaitza (Wish Tree for Bilbao), 1996/2014
Eskuz idatzitako eta markoztatutako testua, olibondoa, lurra, zurezko loreontzia, atrila, etiketak eta boligrafoak
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa
Klima-aldaketaren izugarrikeria
304 gela, hirugarren solairua
El Anatsui bere metalezko eskultura bereziengatik da ezaguna batik bat; eskulturok Afrikako forma artistiko tradizionaletan errotuta daude, eta artistak eskulturaz duen ikuspegia erakusten dute estetika garaikide global baten bidez.
Obraren prozesu teknikoa harrigarria da. Nola egiten du artistak?
Lan nekeza da: aluminio zati erabiliak lautu, bihurritu, zanpatu eta elkarren artean josi kobrezko haria erabiliz. Lan horiek guztiak egiteko laguntzaile-talde bat du estudioan.
Zer ikusten dugu? Goiko aldean dagoen zilar-koloreko zerrendak zerua gogorarazten du; tarteko eremu zuriak goraka datorren itsasoak dakartzan olatuen antza du, eta itsaso horrek obraren behealdeko kolore-markek iradokitzen duten hiri-paisaia estaltzen du. Artelanak ohartarazten digu naturak eta zibilizazioek bat-bateko eraldaketak izan ditzaketela.
Obraren eskala klima-aldaketaren izugarrikeriaren metafora bat da.
El Anatsui, Itsaso gorakorra (Rising Sea), 2019
Aluminioa eta kobrezko haria
800 x 1400 cm
Guggenheim Bilbao Museoa
Eta amaitzeko, arte garaikideaz gogoetatzera gonbidatzen zaitugu, gizaki guztioi eragiten diguten arazoak eta errealitateak irudikatzeko eta adierazteko —modu esplizituan zein ez— modua gisa ulertuta. Ondoren, hausnarketa hori lagunekin edo etxekoekin parteka dezakezu.
Esperientzia hau aberasgarria izango zitzaizula espero dugu. Laster arte!