Serra R La Materia del Tiempo The Matter of Time 2003 2005 scaled

Arte liluragarria

Ongi etorri Bilboko Guggenheim Museora!

Arteak lagun gaitzake gure emozioak hobeto ulertzen?

Bisita ezazu Museoa modu autonomoan eta ezagutu Bildumako zenbait obra, beste bisitari batzuengan eta agian zugan ere bai, dibertsioa eta gozamena pizten eta inspiratzen dituztenak. Obra hauek aukeratzeko, ARTETIK: From the Art artearen eta emozioen arteko esperimentu digitalaren emaitzei erreparatu zaie, eta zuk ere parte hartu ahal izango duzu ibilbide horretan.

Esperientzia hau atsegina izatea espero dugu.

MAPA

Denboraren materia
Serra R La Materia del Tiempo The Matter of Time 2003 2005 scaled

Denboraren materia

104. gela, lehen solairua

Sartu Museora eta, behin Atrioan zaudela, joan zaitez 104. gelara. Bertan, Denboraren materia instalazio monumentala aurkituko duzu, Richard Serra artista estatubatuarraren obra garrantzitsuenetariko bat.

Serra XX. mendeko eskultorerik nabarmenetakoa da. Haren eskultura berritzaileek materialaren fabrikazio-prozesua eta ezaugarriak erakusten dituzte; kasu honetan, altzairu herdoilkorra, artistak altzairutegi batean lan egin zuen urteetan moldatzen ikasi zuena. Material horrekin eta Catia izeneko programa informatikoarekin, Serrak eskultura erraldoiak sortzen ditu, elipseak, kiribilak, esfera eta zezenen sekzioak, konoak, etab. bezalako forma geometrikoetatik abiatuta.

Serrak eskulturak esperimentatzeko gonbita luzatzen die bisitariei, haien barruan eta inguruan ibiliz. Instalazioa osatzen duten zortzi eskulturak okupatzen duten erakusketa-leku itzelak ere inplikatzen duen esperientzia sortzeko pentsatuta daude. Denboran zeharreko bizipen bat da, espazio hori zeharkatzean bizi dena, eta pertsona bakoitzak modu desberdinean zeharkatzen du.

Zer-nolako sentsazioak dituzu obran zehar ibiltzean? Nola deskribatuko zenituzke?

Aretoaren amaieran, espazio didaktiko bat aurkituko duzu, besteak beste, artistak diseinatutako instalazioaren maketa eta guzti.

Richard Serra
Denboraren materia (The Matter of Time), 1994–2005
Altzairu herdoilkorra
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa

Esnatzen
Gilbert and George 1024x339

Esnatzen

303. gela, hirugarren solairua

Gilbertek & Georgek elkar ezagutu zutenean, elkarrekin lan egiten eta bizitzen hasi ziren, eta haien identitate artistikoak batean urtu zituzten. Ez dute inolako bereizketarik egiten haien bizitzaren eta artearen artean: haien artelanak dira. 1960ko hamarkadaren amaiera aldera, jendaurrean agertzen hasi ziren “eskultura bizidunak” izango balira bezala, eguneroko jarduerak ikuskizun bilakatuz.

Gilbertek & Georgek hainbat diziplina erabiltzen dituzte; hala nola, argazkigintza, marrazketa, pintura, testu idatzia eta zinema, eta, haien perfomanceetan bezala, guztietan argi eta garbi nabari da haien presentzia, maiz autoerretratu gisa.

1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, koadrikula formatua hartu zuten argazkietarako, eta laurogeiko hamarkadaren hasiera aldera, collage fotografikoak kolore bizi-biziz estali zituzten, elizetako beirateen tradizioa gogora ekarriz. Ezaugarri horiek guztiak 1984ko Esnatzen lanean ikus daitezke.

Gainera, garai horretako ekoizpena Londresko East End auzoko gizartearen xehetasunetan eta hiriko esperientzia homosexualean inspiratzen da, giza existentziaren misterioak irudikatzeko.

Gilbert & George
Esnatzen (Waking), 1984
Argazki-konposaketa
363 x 1.111 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Idi-bihotzak
Tulips

Idi-bihotzak

303. gela, hirugarren solairua

Gela honetan bertan aurkituko duzu Jeff Koons artista estatubatuarraren Idi-bihotzak obra.

Koonsek kultura landuaren eta herri-kulturaren arteko mugei egin zien aurre 1980ko hamarkadaren erdi aldera, publizitatearen hizkuntza bisuala, marketina eta aisialdiaren industria erabiltzen zituen obretan, “masekin komunikatzeko” helburuarekin.

Idi-bihotzak (Tulips) eskultura, tamaina erraldoiko kolorezko puxiken moduan sortutako lore-sorta (2 metrotik gorako altuera eta 5 metrotik gorako zabalera), 1994an hasitako Ospakizuna (Celebration) sail anbiziotsukoa da. Urtebetetze-jai, opor eta gainerako festa-ekitaldiekin lotutako objektu herrikoietan inspiratuta, Ospakizuna saileko pinturek eta eskulturek Koonsek haurtzaroko elementuekin etengabe izandako erlazioa islatzen dute.

Idi-bihotzetan eta haren Puppy izugarrian (Museoko plazan kokatua), Koonsek eskala eta materialak ustekabeko mugetaraino manipulatzen ditu. Zure ustez, zer eragin nahi du ikusleengan horrekin?

Jeff Koons
Idi-bihotzak (Tulips), 1995–2004
Kromo asko duen altzairu herdoilgaitza koloredun laka zeharrargiarekin
203 x 460 x 520 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

ARTETIK: From the Art
Artetik 1 scaled

ARTETIK: From the Art

303. gelaren alboko korridorea

Zer sentitzen duzu artelan bat ikustean? Beste pertsonek gauza bera esperimentatzen dute pieza beraren aurrean? Ez galdu ARTETIK: From the Art! ekimen digitala

Instalazio honetan, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanen aurrean zuk dituzun emozioak azter ditzakezu. Esperientzia digital hau denborarekin osatzen da, emozioen grafiko kolektibo bat sortuz pertsonek tresnarekin elkarreragiten duten neurrian.

Sentitu artea Museoaren Bildumarekin eta partekatu zure emozioak! Halaber, behatzen dituztenen artean lilura sortzen duten beste obra batzuk ere ezagutu ditzakezu.

Proiektu hau Guggenheim Bilbao Museoaren eta Google Arts & Culture-ren arteko lankidetza da.

Puppy
004 Puppy Julio 2012 1 scaled

Puppy

Museoko plaza

Museotik irtetean, Jeff Koonsen Puppy obra aurkituko duzu. Lan horren bidez, artistak iragana eta oraina uztartzen ditu, ordenagailu-eredu sofistikatua erabiltzen baitu XVIII. mendeko lorategi klasiko europar bati erreferentzia egiten dion eskultura sortzeko. West Highland terrier txakur erraldoiak, loratuta dauden landareez josiak, ikonografia edulkoratua erabiltzen du —loreak eta txakurtxoak— sentimentalismoari monumentu bat eraikitzeko.

Obra honetan, artistak eskala manipulatzeaz gain, kultura elitistaren eta herri-kulturaren erreferentziak konbinatzen ditu, zuhaixkak zizelkatzearen edo txakurrak haztearen artetik hasi eta zeramika apaingarriraino edo desio oneko mezuen txarteletaraino.

Koonsek eskultura hau diseinatu zuen, bere hitzetan, “konfiantza eta segurtasuna” erakartzeko, sustatzeko eta zabaltzeko asmoarekin. Handikiro eta sendo zaintzen du Museoaren ataria, eta ikusleak mirespenez eta pozez betetzen ditu Puppyk. Dagoeneko Bilboko hiriaren ikurra izatera iritsi da.

Ba al zenekien Puppy artelan “bizia” dela? Loretan dauden 35.000 landarek osatzen dute. Udaberrian, begoniak, alegriak, petuniak, lobeliak, krabelin indiarrak eta krabelin txinatarrak landatzen dira, gorriak, laranjak, arrosak eta zuriak; neguan, berriz, pentsamenduak.

Jeff Koons
Puppy, 1992
Altzairu herdoilgaitza, substratua eta loratzen ari diren landareak
1240 x 1240 x 820 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Ibilbide hau amaitu da, nahiz eta horiek bisitariengan lilura eragiten duten obren adibide bakar batzuk bakarrik izan. Utzi eramaten, jarraitu Museoa zure kontura bisitatzen eta artean lilura aurkitzen.

Zure esperientzia atsegina izan delakoan, laster arte!

Beste ibilbide batzuk