Espainia
1986Olio-pintura, platerak eta Bondoa zur gainean333 x 580 x 23 cm
1960 eta 1970eko hamarkadetan, arte-objektuaren "desmaterializazioa" deitu izan dena gertatu zen; izan ere, garai hartako mugimendu garrantzitsuenek bitartekoen ekonomiaz egindako lanak aldarrikatu zituzten, ideia edo kontzeptu bati erreparatuz objektuari baino. Aldiz, 1980ko hamarkadako lehenengo urteak tradizioetara itzultzea izan zuten ezaugarri, nola pinturan hala eskulturan ere. Aldi horretan, arte-estetika minimalista eta kontzeptualaren nagusitzako bi hamarkadaren ondoren, Julian Schnabelek rol erabakigarria jokatu zuen AEBko pintura neoespresionistaren agerpenean: keinu-zertzeladak eta figurazioko temen aukeraketak pinturaren bidea errotik aldatu zuten.
Schnabelek 1979an hartu zuen ospea bereizgarri zituen plater hautsien zatiz egindako lanekin. Plater-zatiok Bondo izeneko masillaren antzeko poliester-erretxina batean txertatzen zituen, eta irudi gordinekin arinki estaltzen; horretarako, berriz, olio-pintura kantitate handia erabiltzen zuen. Sail hau nabarmena da tamainai handiagatik, bizitasun handiko ehunduragatik eta gai desitxuratuengatik. Schnabelek 1978an Bartzelonara egindako bidaia baten ondoren sortu zuen, Antonio Gaudi arkitekto katalanaren mosaikoak ikusi ostean. Espainia (Spain) itzelaren moduko lanek mosaikoaren gainazala, itxura, pinturara eramaten dute, eta bi arte-formak eraldatzen dituzte prozesuan. Hautsitako katiluak eta platerak pintzelkada hozkatuen eta eskultorikoen antzera irteten dira mihisetik, eta plano piktorikoa berritxuratzen dute. Sail honetako kolore-zurrunbiloak kondairazko irudien errepresentazioak izan ohi dira. Irudi horietako batzuek Picassoren obra gogora ekartzen digute; Schnabel, ordea, iturri ugaritan inspiratzen da, horien artean El Grecoren obran eta Mexikoko kulturaren objektuetan. Espainiaren erdian gorputzik gabe agertzen den burua artistaren obran errepikatzen den irudi bat da. Hemen zezentoki batean agertzen da, ezkutalekutik (toreatzailea zezenetik babesten duen hesitik) hurbil. Mutur formako buru horrek zezena eta toreatzailea ekartzen ditu gogora. Schnabel beti izan da Espainiarekin eta Espainiako kulturarekin liluratuta. Tonu hori-gorriek herrialdea ere ematen dute aditzera, Espainiako banderaren koloreak baitira.
Jatorrizko izenburua
Spain
Data
1986
Teknika / Materialak
Olio-pintura, platerak eta Bondoa zur gainean
Neurriak
333 x 580 x 23 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa