24 buru
1957Baliabide anitzak paper gainean71 x 103,6 x 5,5 cm
Antonio Saura gaztetan txunditu zuten Diego Velázquezen eta Francisco de Goyaren lanek, biak ere espainiar maisu handiak. Aldiz, 1950eko hamarkada hasieran Espainian pintore eta politika- eta kultura-errepresio giroaren lekuko izanik, ondare loriatsu hori kultura frankistari kendu behar zitzaiola ikusi zuen, horrek Europako Arte Informalaren kontrako tokian jartzen baitzuen. Paradoxikoa den arren, Espainiaren ondare miresgarri hori pintatzeko era berritzaile eta erradikalen pean jartzean lortu zuen Saurak ondare hori askatzea eta bizi berri eta kementsu berria ematea: Arte Informalari eta AEBko Ekintza Pinturari lotutako Keinu Pintura bere egin zuen, eta Espainiako irudi eta gai tradizionaletan aplikatu zuen. 1950eko hamarkadan Parisen denboraldi labur bat igaro ondoren (surrealistekin izan zen harremanetan), Saura Espainiara itzuli zen eta El Paso taldea (1957–60) sortu zuen. Taldeko kideek Europan eta AEBn garatzen ari ziren pintatzeko modu berriak sustatu zituzten haien lanetan eta taldearen izen bera zuen argitalpenean. (Saura lehenengotarikoa izan zen Jackson Pollock-en lana Espainian defendatzen.) Garai horretan, Saurak zuri-beltzera mugatu zuen kolore-aukera eta bere ibilbide artistikoan nagusituko zen gaikako sailari heldu zion, tartean direla "gurutziltzaketak", "emakumeak", "irudi biluziak", "jendetzak", "erretratuak" eta "alegiazko erretratuak" (azken bietan Espainiako pertsonaia historikoak erretratatu zituen, adibidez, Goya eta Filipe II.a). Saura oso moldakorra zen: pintura ez ezik, grabatuak eta liburuetarako marrazkiak egin eta agertokiak diseinatu zituen, eta idazle oparoa izan zen.
Paperean egin zituen lanak Sauraren obraren zati garrantzitsua dira. Bere karrera osoan tinko heldu zion marrazkintzari, eta marrazkiak erabiltzen zituen bere askotariko gaien aldaera eta transformazio guztiak arakatzeko. 24 buru (24 cabezas, 1957) Jendetzak (Multitudes) sailekoa da; artistak 1950eko hamarkadaren amaieratik bere bizitzako azken urteetara arte landu zuen sail hori. Lan horietan, txirikordatzen diren gorputz gabeko aurpegiek mihisearen edo paperaren gainazalaren gehiena betetzen dute edo osorik hartzen; ondorioz, lan zabal eta integral bat sortzen da. 24 buru irudi zirrimarratuen bilduma malguago bat delako nabarmentzen da. Buztin-koloreko buruek eztanda takigrafiko baten osteko hondarren itxura dute, ez dute sakonerarik, eta argi zuriko lerroen edo itzalen bidez artikulatzen dira. Lan honek collage kutsua ere badu; izan ere, kartoi uhinduzko zatiak paperari itsatsita daude eta, horrenbestez, aurpegi batzuek ukitze-nolakotasuna hartzen dute.
Iturria:
Mason, Rainer Michael: "Antonio Saura", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.
Jatorrizko izenburua
24 buru
Data
1957
Teknika / Materialak
Baliabide anitzak paper gainean
Neurriak
71 x 103,6 x 5,5 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa