Une honetan ikusgai (306 aretoa)

Gabarra

1962–63Olio-pintura eta serigrafiatutako tinta mihise gainean
208 x 980,5 x 5,2 cm

Robert Rauschenberg AEBko gerraosteko arte-mugimendu ia guztien aitzindaritzat jo izan zen Espresionismo Abstraktuaren garaitik. Nolanahi ere, ibilbide luzean bere burua edozein atxikimendu artistikotik urrundu zuen. 1940ko hamarkadaren amaieran artegintzan hasi zenean, bere iritziz, "pintura artearekin eta bizitzarekin erlazionatuta" zegoen, baina horrek auzitan jartzen zuen garaian nagusi zen estetika modernoa. Nolabaiteko entzutea hartu zuen 1950eko hamarkadaren erdialdean eta amaieran Combines edo Pintura Konbinatuei esker. Horietan, bizitza errealeko objektuak eta pintura abstraktua bildu zituen, eta pintura eta eskultura arteko bereizketa argia kolokan jarri zuen.

1962an, serigrafiak erabiltzen hasi zen pinturetara irudi errealak gehitzeko: bere argazkiak zein hedabideetatik bildutako irudiak ziren. Aurreko lau urteetan, bestelako zuzeneko teknika bat marrazkietan egunkari- eta aldizkari-edukiak, iragarkiak, irudiak, mapak eta komikiak txertatzeko. 1962ko udan baina, Andy Warholen estudiora egindako bisita baten ostean (artean nahiko ezezaguna zela), serigrafia komertzialek ematen zituzten aukerak ezagutu zituen. Aurretik erabiltzen zuen teknikaren bidez jatorrizkoaren tamaina bereko irudiak egin zitzakeen, baina serigrafiari esker eskala asko handi zezakeen, eta, gainera, beste testuinguru batean erraz berrerabili irudiok.

Gabarra (Barge), ia hamar metro zabaleko mihise bat, Rauschenbergen pintura serigrafiatu handiena da. Lan zuri, beltz eta gris itzel honek 79 pintura serigrafiatuetan behin eta berriz erabilitako gai eta irudi asko biltzen ditu, adibidez, hiri-ingurunea (zabaltza baten gaineko ur-tantak), hegaldia eta espazioaren miaketa (satelite bat, kometa bat, radar-islagailu parabolikoak, eltxoak eta txoriak), garraiobideak (kamioi bat) eta artearen historiako adibide batzuk (Diego Velázquezen 1647–51ko Venus ispilu aurrean). Rauschenbergek ezagunak zaizkigun irudi herrikoiak eta teknika komertzial bat erabiltzen du, eta, hori dela eta, kritikariek mintzaira bera erabiltzen zuten beste artista batzuekin identifikatu zuten (pop artistak). Dena den, pop artisten pinturek ez zuten epeltasunik, hotzak ziren, eta Rauschenbergen lanak, aldiz, keinuz, berotasunez beteta daude eta artisauen egiteko erari lotzen zaizkio. Gabarra moduko pinturetan, eskuz margotutako alderdiak, argazki-irudien collage moduko gainjarpenak eta artistak proiekzio-prozesuan berariaz egindako irregulartasunak dira kalitate espresiboaren sorburua.

Jatorrizko izenburua

Barge

Data

1962–63

Teknika / Materialak

Olio-pintura eta serigrafiatutako tinta mihise gainean

Neurriak

208 x 980,5 x 5,2 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa eta Solomon R. Guggenheim Museum, New York, honako hauek egindako diru-ekarpen osagarriekin: Thomas H. Lee eta Ann Tenenbaum, Zuzendariaren Nazioarteko Batzorde eta Batzorde Betearazleko ondorengo kideak: Eli Broad, Elaine Terner Cooper, Ronnie Heyman, J. Tomilson Hill, Dakis Joannou, Barbara Lane, Robert Mnuchin, Peter Norton, Thomas Walther eta Ginny Williams; Ulla Dreyfus-Best, Norma and Joseph Saul Philanthropic Fund, Elizabeth Rea, Eli Broad, Dakis Joannou, Peter Norton, Peter Lawson-Johnston, Michael Wettach, Peter Littman, Tiqui Atencio, Bruce eta Janet Karatz eta Giulia Ghirardi Pagliai, 1997

Ikuspuntuak

Robert Rauschenbergen Gabarra

Isaki Lacuesta zinemagileak, Lekha Hileman-Waitoller arte-arduradunarekin batera, zinemaren eta pinturaren arteko antzekotasunei buruz hausnartuko du Gabarra (Barge, 1962–63) lan itzelaren aurrean. Robert Rauschenbergen obra hori munduaren kaosa islatzen duen egunkari, aldizkari, iragarki eta komikietako irudi-zaparrada da.