Zuhaitz garaia eta begia
2009Altzairu herdoilgaitza eta karbono-altzairua1297 X 442 X 440 cm
Azkeneko 30 urteetan Anish Kapoor eskultoreak objektutasuna ikertzen jardun du; lan horrek praktika postmodernistak zabaldu ditu eta eskultura garaikidean izugarrizko eragina izan du. Behin eta berriz jorratu ditu gai eta lan-multzo handi batzuk —artistak "formaren mintzaira" izena eman die—, kolorea, eskala, materialtasuna, espazioa eta prozesua arakatuz. Hasierako "hutsezko lanak" bezala, azkenaldiko instalazioak gertaera fenomenologikoak dira eta banakako zein taldeko esperientziak sorrarazten dituzte; era berean, arkitekturan inspiratuta daude eta kokaleku jakin batean jartzeko dira. Kapoorren iritziz, objektua etengabe bilakatzen da eta hainbat egoeratatik igarotzen da honako prozesuetan: berez sortzean, desegitean, zatikatzean eta ugaltzean. Ikuslearen gorputza eta begirada artelanaren osagaiak dira, berebiziko garrantzia dutenak: ikusle bakoitzak bere errealitate subjektiboa ekartzen die ahalmen handiko presentzia eskultorikoei, haien lekuko den eta behatzen dituen bitartean.
Kapoorren Zuhaitz garaia eta begia (2009) monumentala Museoaren kanpoaldean instalatu zen duela gutxi, Louise Bourgeois, Daniel Buren, Jeff Koons eta Fujiko Nakaya-ren kanpoaldeko obren ondoan. Hiru ardatzen inguruan finkatutako 73 esfera islatzaile dira, eta, lan ilusionista honetan, forma eskultorikoaren printzipio matematiko eta estruktural konplexuak arakatzen jarraitu du artistak. Esferaren gainazalek elkar islatzen eta errefraktatzen dute, forma eta espazioa aldi berean sortuz eta deseginez. Hiriaren, Bilboko itsasadarraren, Salbe zubian Buren-ek egindako interbentzio eskultorikoren (Arcos rojos/Arku gorriak, 2007) eta museoaren irudiak islatzen dira, eta esekita eta mugimenduan daudela ematen du. Kapoorrek gure ikusmenaren aldakortasuna eta iragankortasuna gogora ekartzen digu eta, beraz, hedaduraz, gure munduarena.
Jatorrizko izenburua
Tall Tree & the Eye
Data
2009
Teknika / Materialak
Altzairu herdoilgaitza eta karbono-altzairua
Neurriak
1297 X 442 X 440 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa