Ez dago ikusgai

Gure etxea

1999Zura, altzairu galbanizatua, altzairu herdoilgaitza, kable elektrikoak, krokodilo-matxarda, bonbillak, ordenagailu bidezko erregulagailua, anplifikadorea eta bozgorailua
76,2 x 198,1 x 73,7 cm (mahaia). Guztizko neurri aldakorrak

Mona Hatoum artista palestinar-britainiarrak hiru hamarkada baino gehiago daramatza performanceak, bideoak, eskulturak eta instalazioak sortzen, behin eta berriro leku-aldatzea eta banantzea iradokitzen dizkigutenak. Gai horiek eragiten dioten kezka berak bizitako esperientzia pertsonalarekin zerikusia izan arren —Beiruten jaio zen palestinarra da eta Londresen erbesteratu zen Libanon 1975ean gerra zibila hasi zenean—, bere lanek, doiak eta arreta osoa eskatzen dute, eta subjektibitatearen eta identitatearen inguruko narratiba orokorragoak aditzera ematen dituzte.

Performancean oinarritutako aurreneko lanetan bere gorputzaz baliatzen zen. Aurreko mendeko 1980ko hamarkadaren amaieran hasi zen lantzen eskultura eta instalazioak, argia, soinua eta tamaina aldaketak osagaitzat hartu zituen ikuslearengan erantzun fisikoa eta psikologikoa eragiteko. Surrealismoaren, Minimalismoaren, Arte Poveraren eta Arte Kontzeptualaren tropo bisualak erreferentziatzat hartuta, narratiba joriak ematen zizkien obra horiei, ordenaren eta kaosaren, edertasunaren eta gaitzespenaren, familiartasunaren eta arriskuaren arteko tentsioekin jolas eginez.

1990eko hamarkadan, Hatoum egitura eta forma soilak erabiltzen zituen, gero eta maizago, bakartzea eta barruratzea adierazteko. Aldi horretako bere lan ugarik etxeko eremuaren espazio anbibalentea aipatzen dute zeharka, edo zehatzago, "etxea" nozioarena, eta zenbaitetan "aberri" ideiarena. Tamar Garb historialariak honako hau dio Hatoumen obrari buruz: "Presio politikoa edo soziala nagusi diren munduaren aurrean babesleku bat eskaintzetik urruti, ‘etxea' ondoezaren lekua da, irtenbiderik ez duen izuaren eta iruzur psikikoaren espazioa"[1]. Gure etxea (Home, 1999) instalazioak, Guggenheim Bilbao Bildumakoak, artegatasun hori iradokitzen du, hain zuzen ere. Gure etxea, sukalde baten itxura hartzen du, alegia, edozein etxeren muin emozionala; mahai luze bat da, argitutako metalezko hainbat sukaldeko tresnaz estalitakoa (inbutu bat, arraspagailu bat, guraizeak, iragazki bat, tartak egiteko molde bat) eta elkarlotuta daude korronte elektrikoa pasatzen uzten duten kableen bidez. Programa informatiko batek argitasunaren frekuentzia eta intentsitatea kontrolatzen ditu eta argindarrak sortzen duen durundi hotsa bozgorailu batzuek ozentzen dute. Eskultura altzairuzko alanbre fin eta etzan batzuen atzean dago kokatuta, hesituta balego bezala, ikuslea hilgarriak izan daitezkeen objektu horietatik aldentzeko. Instalazio honek, Hatoumen artean ohiko anbibalentziazko espazioa sorrarazten du, zapuztutako nostalgiaren intimitatea eta bortiztasuna aditzera emateko.

1. Mona Hatoum, erak. kat., CASA, Centro de Arte de Salamanca, Salamanca; Santiago de Compostela: Centro Galego de Arte Contemporáneo, 2002, 19. or.

Jatorrizko izenburua

Home

Data

1999

Teknika / Materialak

Zura, altzairu galbanizatua, altzairu herdoilgaitza, kable elektrikoak, krokodilo-matxarda, bonbillak, ordenagailu bidezko erregulagailua, anplifikadorea eta bozgorailua

Informazio gehiago

Edizioa: 3 aletik 1. eta 1AP

Neurriak

76,2 x 198,1 x 73,7 cm (mahaia). Guztizko neurri aldakorrak

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa

Ikuspuntuak

Mona Hatoumen Etxea

Mona Hatoum artistaren Etxea (Home, 1999) instalazioak hainbat sentsazio eragiten ditu, besteak beste, larritasuna, gatazka eta isolamendua. Cayetana Guillen Cuervo aktorea eta Manuel Cirauqui arte-arduraduna palestinar jatorriko artista britainiarrarentzat etxeak duen esanahi sinbolikoaz hizketan arituko dira.