Une honetan ikusgai (307 aretoa)

Errebelatu zenuela egin nuen amets XI (Airport)

2002Biniloa, sakabanatzea eta pigmentuak mihise gainean
274 x 203 x 4,2 cm

Juan Usléren obra 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990eko hamarkadaren hasieran izan zen pintura abstraktura itzultzeko joerari lotuta dago. Garai hartan, estiloaren bilakaeraren ideia pluralismoaren ideiek ordezkatu zuten eta pintore-talde batek ustez hilzorian ziren aurreko modernitatearen estilo abstraktuak berreskuratu zituzten, eta haien helburu pertsonaletarako bitarteko gisa baliatu zituzten. Abstrakzio modernoaren zati handi bati lotutako kontzeptu utopikoetatik eta huts-hutsean formalistetatik aldendu ziren, eta haien mintzaira erabili zuten esperientzia- eta ideia-aukera zabal bat aztertzeko. Bere lehenengo margolanetan, Uslék prozesu intelektualak eta emozionalak islatzen dituzten espazio autonomoak sortu zituen. 1980ko hamarkadaren hasierako lehenengo lanak ez daude Neoespresionismotik urruti, baina joera hori aldatu egin zen 1986an Espainiatik New Yorkera bizitzera joan zenean. AEBen egin zituen lehenengo margolanak itsas paisaia txikiak eta ilunak ziren, eta bere jaioterri izandako Espainiako Kantabria lurraldeko kostaldea ekartzen zuten gogora. 1990ko hamarkadaren hasierarako, elementu figuratibo guztiak desagertuak ziren eta analitikoagoak eta kontzeptualagoak ziren margolan abstraktu lirikoek hartu zuten haien tokia, akaberako formari garrantzia kendu gabe ordea.

Uslék sailetan lan egiteko joera izan du. Errebelatu zenuela egin nuen amets XI (Airport) [Soñé que revelabas XI (Airport), 2002] izenak iradokitzen duenez, artistak 1997an hasitako margolan-sail bateko hamaikagarrena da. Sailak ezaugarri ditu metodikoki errepikatzen diren pintura beltzezko pintzelkada bertikalen zerrenda horizontalak. Ilara edo pintzelkada bakoitza tonu argietatik ilunetara aldatuz, mugimendu mantso edo taupakariaren sentsazioa eta gardenki eta sakonera anbiguoak sortzen ditu. Batzuetan, kolorezko puntu txiki edo marrak agertzen dira gainazalean, Errebelatu zenuela egin nuen amets XI (Airport) lanean lau zerrenda ilunagoekin topatzen diren lerro laranjetan ikus daitekeen bezala. Gainera, tentsioak eragiten dituzte espazioan eta margolan bakoitzari parerik ez duen berezko izaera ematen diote.

Errebelatu zenuela egin nuen amets saileko pintzelkaden errepikatze mekanikoak prozesura bideratuta dagoen ikuspegi sistematiko bat erakusten du argi eta garbi. Halaber, pintzelkada gorputzaren eta bere jarduera fisikoaren aztarna da. Aldi berean, lan hauen efektua hausnarketara oso bideratuta dago, mandala laukizuzenak balira bezala. Usleren iritziz, beltzak memoriaren ezabapena (hain zuzen, aurreko lan-multzo batek amnesia hitza zeramaten izenetan) eta argiaren zein irudien desagerpena adierazten du.

Iturria:
Juncosa, Enrique: "Juan Uslé", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Jatorrizko izenburua

Errebelatu zenuela egin nuen amets XI (Airport)

Data

2002

Teknika / Materialak

Biniloa, sakabanatzea eta pigmentuak mihise gainean

Neurriak

274 x 203 x 4,2 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa