Ez dago ikusgai

Irribarreak

1993–94Olio-pintura liho gainean
243,8 x 182,9 cm

1954an haren aurreneko bakarkako erakusketan, New Yorkeko Roko Gallery-n antolatuan, Alex Katzek formatu txikiko lan figuratiboak aurkeztu zituen, pintzelkada askeez margotutakoak. Lan horiek, neurri batean, aurretik erakutsitako jazzarekiko eta inprobisazioarekiko zaletasunaren fruitu izan ziren, baina baita bere obran funtsezkoa izango zen gaietako baten iragarpena ere: erretratua. Katzen aurreneko mihiseak, Espresionismo Abstraktua oraindik nagusi zenean margotutakoak, errepresentazioaren alorrean errealismoak piztu zion interes berritua erakusten hasiak ziren, Pop Art mugimenduaren agerraldiaren aurretik ere. Katzen lana Pop-arekin lotu ohi zuten, zinemaren, publizitatearen eta modaren elementuak erabiltzen zituelako; hark, ordea, ukatu egiten zuen lotura hori: "Pop Arteak zeinuekin egiten du lan baina nire obra sinboloen ingurukoa da. Pop Artea zinikoa eta ironikoa da. Nire obra ez, ordea. Oso alde handia dago, beraz. Pop Artea modernoa da, nire obra, berriz, tradizionala"[1].

1960ko hamarkadan, formatu handiko pinturak sortzeari ekin zion, bere lanaren berezigarri bilakatutako estilo lau horrekin. Haietan, paisaia abstraktuen edo hondo monokromoen aurrean ageri ohi ziren irudiak. Lantzen zituen mihiseen neurriak handiagotu ahala, konposizioak gero eta konplexuagoak bihurtu ziren: lehen, bere aurreneko pinturek gizabanakoak bakarka edo bikotean erakusten zituzten, gero, berriz, pertsona talde handiek osatutako eszenak sortzen hasi zen, edota subjektu bera behin baino gehiagotan erretratatzen zuen. 1970eko hamarkadan, formatu handiko pintura arakatzen jarraitu zuen, eta tamaina handiagoko bere lanetako batzuk sortu zituen. Hurrengo hamarkadan, pintura estiloa aldatu zuen berriro ere, hedadura handiko paisaiak barnean hartu zituen, erretratuak baztertu gabe, ordea. Azkeneko bi hamarkadetan, Katzek abstrakziorantz bideratu ditu bere lanak, eta konposizioetan artelanaren azalera osoaren zati txiki batera murriztuta ageri da ikonografia.

Katzek erretratatzen dituen subjektuetako asko emakumeak dira. Irribarreak (Smiles, 1994) saila, Guggenheim Bilbao Bildumakoa, irribarrez eta hondo ilun eta neutro baten aurrean ageri diren emakumeen hamaika erretratuk osatutakoa da. Bere ingurukoengan inspiratu ohi da Katz egiten dituen erretratuen subjektuak margotzeko. Erretratuetarako bere emaztea, lagunak eta abar aukeratu ohi ditu eta euren izenak ipintzen dizkie tituluei. Hemen, irudiaren eta inguruaren arteko lotura tradizionalari buruzko ikerlanerako tresna dira subjektuak. Bere obra figuratiboa izan arren, Katzen asmoa ez da erretratua egiten ari zaion modeloaren nortasuna irudikatzea, irudien errepresentazioaren eta pertzepzioaren izateari buruzko hausnarketa sakonago bat aurkeztea baizik. Lan sail honetan, irudia/ingurua tratamendua eta keinua —irribarrea— errepikatzean, subjektuan arretan jartzera garamatza Katz, baina baita irudikapenaren esperimentazio piktorikoan jartzera ere.

1. "Alex Katz Interviewed by David Salle", in Alex Katz: Unfamiliar Images, Alberico Cetti Serbelloni Editore, Milan, 2002, 16 or.

Jatorrizko izenburua

Smiles

Data

1993–94

Teknika / Materialak

Olio-pintura liho gainean

Neurriak

243,8 x 182,9 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa

Museoan

Belinda irribarrez | Alex Katz | Guggenheim Bilbao Museoa
Ada irribarrez | Alex Katz | Guggenheim Bilbao Museoa
Karen irribarrez | Alex Katz | Guggenheim Bilbao Museoa
Katryn irribarrez | Alex Katz | Guggenheim Bilbao Museoa
Ahn irribarrez | Alex Katz | Guggenheim Bilbao Museoa