Gizarte Programak
Guggenheim Bilbao Museoaren gizarte-programek artea inspirazio-, ikaskuntza- eta aisia-iturri gisa baliatu nahi duten kolektibo zaurgarrien eta premia bereziak dituzten pertsonen benetako inklusio eraginkorrean laguntzea dute xede, eta gizarteratzeak duen garrantziari buruzko kontzientzia hartzen ere laguntzen dute.
Prozesu pedagogiko eraldatzaileen bitartez, Museoak begirada berezia eskaintzen die komunitate zaurgarriei eta komunitate horien balio eta premia sozialei. Era horretan, arte- eta hezkuntza-praktika funtsezko tresna da INKLUSIOAREN eta INTEGRAZIOAREN KULTURA oinarri duten proiektuak indartu eta garatzeko.
BBKren lankidetzarekin:
BISITAK ETA TAILERRAK
“Artez busti” bisita gidatuak – zaurgarritasun-egoeran dauden taldeentzat
Babesgabetasun-egoeran, errehabilitazio-prozesuan zein gizarte- edo ekonomia-bazterkeriako egoeran dauden talde zaurgarriek doako programa honen bitartez bisita dezakete Museoa (gida eta sarrerak barne).
- Gizarteratzea: autonomia eta normalizazioa sustatzea
- Sormena eta irudimena: garapen- eta estimulazio-elementuen bidez, besteak beste
- Adierazpen emozionala: emozioak artearen bidez konektatzen eta adierazten laguntzea
- Ongizatea eta aurkikuntza: autoezagutza, motibazioa eta gozamena taldekako jarduera kulturalen bitartezEzaugarriak:
- 18 urtetik gorakoentzat
- Gehienez 20 pertsona talde bakoitzeko
- Informazio gehigarria eta erreserbak: social@guggenheim-bilbao.eus
“Artez busti” bisita gidatuak – behar bereziak dituzten taldeentzat
Behar bereziak —izan fisikoak, intelektualak edo psikikoak— dituzten pertsonentzako bisitak, partaideen gaitasunak bultzatzeko eta indartzeko dinamikaz osatutako ibilbide egokitu eta inklusibo baten bidez ezagutu dezaten Museoa.
Era berean, Museoak doako bisitak eskaintzen ditu zeinu-hizkuntzan, baita ukimenean oinarritutako bisitaldiak ere; azken horiek Museoaren Bildumako obren ingurukoak izaten dira, eta erliebean egindako maketak eta braillez idatzitakoko materialak erabiliz gauzatzen dira.
- Ezaugarriak:
- 18 urtetik gorakoentzat
- Museorako sarrerak ez daude barne
- Gehienez 20 pertsona talde bakoitzeko
- Informazio gehigarria eta erreserbak: social@guggenheim-bilbao.eus
“Ezagutu Guggenheim Bilbao Museoa” bisita-tailerra
Desgaitasun intelektuala edo psikikoa duten pertsonen taldeei bai eta zaurgarriak diren edo bazterketa-arriskuan dauden kolektiboei zuzendutako bisita-tailerrak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako obrez gozatzeko aukera izateaz gain, partaideek dinamika praktiko bat ere egiten dute Museoko hezkuntza-guneetan.
Jarduera honek gonbidapena luzatzen die bertoko gizarte-erakundeei artea eta sormena balia ditzaten ongizatea, gaitasunen garapena eta gizarte-lotura hobetzen laguntzeko tresna gisa; izan ere, praktika hori onuragarria da bai partaideentzat baita haien ingurukoentzat ere, haien erresilientzia zein integrazioa sustatzen baititu.
Hurrengo deialdiaren berri jakiteko, jar zaitez gurekin harremanetan: social@guggenheim-bilbao.eus
SORTUZ SENDATU
Burua eta gorputza – Artea eta osasun mentala
Programa Gurutzetako eta Basurtuko Ospitale Geletan garatzen da, eta ikasleei beren eskola-curriculumarekin jarraitzen laguntzen zaie. Artea ospitalera hurbiltzen da Bildumaren eta Museoko erakusketen bitartez.
Onuradunak 3 eta 16 urte arteko haurrak dira, ospitaleratuta daudenak edo ospitalera unean-unean joan behar dutenak. Irakasleek beren eskola-curriculumarekin jarraitzen laguntzei diete, jarduera-programa erakargarri baten bidez, arteari buruzko elkarrizketa bizigarri batean oinarrituta.
Museoko artista-hezitzaile bat hilero ospitaleetara joaten da, ikastetxeetako irakasleekin jarduerak ematera.
Artea, normalizazio-tresna gisa
Iraupen luzeko programa hau Museoz kanpoko artista-hezitzaileek ematen dute. Neurrira diseinatzen da, buru-osasunaren sektoreko profesionalen laguntzarekin, eta sendatzen eta gizarteratzen ari diren haur, gazte eta helduei zuzenduta dago.
Museoko artista-hezitzaileak Terapia- eta hezkuntza-unitateetara joaten dira eta artearen bidez errealitatea ikusteko eta beren sentimenduak adierazteko modu berriak erakusten dizkiete bertako haur, gazte eta helduei. Programa honetan, parte-hartzaileek beren artelanak egiten dituzte, eta esperientzia estetiko aberasgarria izateko aukera eskaintzen zaie jarduera artistiko eraldatzaileen bidez. Artista hezitzaileak taldeekin batera joaten dira Museoetara.
BOLUNTARIOAK
Museoan guztiengana hurbiltzea, salbuespenik gabe
Gizarte-programa hau Museoko boluntarioek garatzen dute. Museoan bertan laguntzen dute, edo hitzaldi informalak edo tailer artistikoak antolatzen dituzte Bizkaiko hainbat elkartetan.
Programa honako hauei zuzentzen zaie: hirugarren adineko zentroak, aisialdiko elkarteak, arte ederretako elkarteak, kultura-sustapeneko elkarteak, gizarte-bazterketako arriskuan dauden taldeei eta migratzaileei laguntzeko elkarteak.
Doakoa da, eta Museorako bisita gidatua sartzen da.
Boluntario gisa lagundu nahi duzu edo programari buruzko kontsultaren bat egin nahi duzu? Gurekin harremanetan jar zaitezke 944 359 067 telefono-zenbakira deituta, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.
IRISGARRITASUNA
Irisgarritasun Unibertsalerako Programa
Guggenheim Bilbao Museoak Irisgarritasun Unibertsalerako Programa zabala du, kudeaketa-sistema normalizatuan oinarritua. Programa horren helburua Museoa eta bertan eskaintzen diren zerbitzu eta jarduerak denentzako irisgarriago egiten laguntzea da, bisitari guztiek izan dezaten artea hobeto ezagutzeko eta hartaz gehiago gozatzeko aukera. Baliabide ugari biltzen ditu programak, hala nola ukitzeko maketak, egokitutako gidaridun bisita irisgarriak, gorrentzako bideo-gidak, Museoaren kanpoaldeari buruzko entzuteko gida bat (hizkuntza egokituan egina) eta irisgarritasun-gida bat. Informazio gehiago HEMEN.