Artea ikasbide 2019
2019.06.18 - 2019.09.15
Artea ikasteko erreminta gisa
Arteari buruz elkarrizketan jarduteak eta artista baten eskutik sortze-prozesuan parte hartzeak aukera ematen die lehen hezkuntzako neska-mutilei curriculumeko gaiak ezohiko modu batean lantzeko.
Ikasle askok hobeto ikasten dute ikaskuntza-prozesua aktiboagoa denean eta hautatzeko aukera gehiago dutenean. Programa honetan galderak egiten dituzte, jakin-mina pizten zaie, ideia iradokitzaile berriak aztertzen dituzte eta deskubritzearen zirrara sentitzen dute.
Proiektu bakoitza bakarra da, parekorik gabea, eta pertsonalizatua dago; modu irekian diseinatu da, eta egin ahala berregokituz joan da parte-hartzaile bakoitzaren trebetasunekin eta interesekin ahal beste bat etortzeko. Prozesuak inprobisazioari leku egitea dakar askotan, jolasari, esplorazioari, ikerketari, esperimentazioari, eta baita akatsari berari ere.
Ikasleek abiatzen duten prozesu artistikoak pentsatzera bultzatzen ditu, baloratzera, aukeratzera, probatzera, duda egitera, ondo pasatzera, galtzera, blokeatzera, eta, nola ez, erratzera ere bai ez baitago hutsegiterik gabeko aurrerapenik.
Ikasturtearen amaieran azken pausura iritsi gara: sortzeprozesua eszenaratzea. Erakusketak amaiera borobila ematen dio prozesu artistiko orori: sortutakoa hauteman eta hartzera iristen da publikoa, eta itxi egiten da zikloa.
Uda oro gertatzen den bezala, obraz beteko da Museoko Hezkuntza gela. Aurten, ekainaren 18tik irailaren 15era bitartean egongo da erakutsitako obrak ikusteko aukera, eta lanak sekzio ezberdinetan egongo dira banatuta: Letrak, non hizkuntza, hiztegia eta idazkera izan diren funtsezko parteak; Birziklapena eta kontsumoa, gai horiei buruzko hausnarketaren fruitu diren obrak biltzen dituena; Mapak, arkitekturak eta natura, non espazio desberdinetako aireko bistak, ibilbideak eta maketak jasotzen diren; eta Argazkiak eta filmak, paisaiak eta pertsonak, stop motion animazioak, performanceak eta bestelako sorkuntzak biltzen dituena.
Ikasleek erakusketaren inauguraziora gerturatzeko aukera izango dute, prozesuaren parte izan diren irakasle eta artistekin batera. Beren lanak Museoan emozioz betetako urte baten amaiera ekarriko die ikasleei, eta autoestimu- eta aitortzabultzada ahaztezina izango da askorentzat.