Proiektua: Kontsumo jasangarria

Sasoeta-Zumaburu

Lasarte-Oriako Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko

3. mailako 20 ikasle

Irakaslea: Rebeka Medina

Artista: Manu Muniategiandikoetxea

Hizkuntza: euskara

Birziklapena eta kontsumo jasangarria izan ziren lanerako ardatzak, ikusmolde artistikotik abiatuta. Kolektiboari, galkorrari, ekintzari eta inguru publikoari buruzko gaiak ere atera ziren. Proiektu guztietan saiatu zen hondakinik ez sortzen, beharrezkoa zena baino ez kontsumitzen eta ahal bezain gertuen fabrikatutako materialak erabiltzen, behar ez zen erregairik ez xahutzeko.

Prozesuak ikerketa- eta hausnarketa-lan kontzeptuala suposatu zuen, besteak beste honako galderei erantzuna emateko saiakeran: zer da kontsumoa? Eta kontsumo jasangarria? Zer kontsumitzen dugu? Eta nola? Ikasleek zerrendak egin zituzten gosaltzen dutenarekin, bazkaltzen dutenarekin, erabiltzen dutenarekin, eta abarrekin. Mapa batean kokatu zituzten produktu horien jatorriak, eta balio berezia eman zieten gertutik zetozenei. Gai horien inguruan arteak eta artistek dauzkaten proposamenak ere aztertu zituzten.

Ikasleek zuhaitzak kimatzetik sortutako adarrak erabili zituzten orekan mantentzen zen egitura bat fabrikatzeko oinarri gisa. Euskarri natural birziklatu horren gainean hainbat elementu eseki zituzten, hala nola, beste artista batzuen lanak eta beste ikasle batzuek utzitako obrak; horrela, lan kolektiboa eta berrerabilpena sustatu zituzten, readymade artistikoaren estiloan. Objektuek bizi berria izan dezaketela ulertu zuten ikasleek, funtzio berriak eman ahal zaizkiela eta berriz balioan jarri daitezkeela. Hori horrela, elkarri lotuta adarretatik eseki zituzten irudiz, arropaz, moldez, egutegiz eta mapamundiz osatutako ekosistema bat sortu zuten neska-mutilek, kontsumoaren eta naturaren artean egon beharko litzatekeen oreka irudikatuz.

#Birpentsatzea#ZuzenduGabe#KilometroZero#PentsamenduKritikoa#HondakinikGabe#Oreka

PROIEKTUEN BILATZAILEA