Uholdea
1990Baliabide anitzak mihise gainean230 x 287,7 x 4 cm
Miquel Barceló 1980ko hamarkadaren hasieran Espainiako Neoespresionismoaren ordezkari nagusietako bat izan zen, Ferran García Sevilla, Miguel Ángel Campano, Juan Navarro Baldeweg eta José María Sicilia pintoreekin batera. Espainian, pinturari berriro heltzeko joera hura, Italiako, Alemaniako, Austriako eta AEBko antzeko mugimenduen ondoren sortu zen.
Artista gisa heltzen ari zen urteetan, Barcelóren lanek formatu handiak eta material-geruza lodiak zituzten ezaugarri. Barcelók zoruan pintatzen zituen mihiseak eta ezohiko materialak gehitzen zizkien, esate baterako itsas algak, errauts bolkanikoa, elikagaiak (irina eta arroza, adibidez) eta hainbat hondakin-material, hala nola, kartoizko kaxak eta zigarro-mutxikinak. 1980ko hamarkadaren erdialdera, narrazioa baztertzeari ekin zion, eta lanen gai nagusi bihurtu zituen argia, zuloak eta gardentasunak. Sinplifikazio-prozesu horren gailurra pintura zuriak izan ziren; artistak sail jori hori 1988an hasi zuen Saharan zehar, Algeriatik Malira, bidaian hasi zenean —Malin etxe bat eta estudio bat erosi zituen, eta oraindik ere erabiltzen ditu—.
Uholdea (Le Déluge, 1990) hiru koadroko sail batekoa da; beste biak Euritea, 1. zk. (Saison des pluies no. 1, 1990, bilduma pribatua) eta Euritea, 2. zk. (Saison des pluies no. 2, 1990, Museu d'Art Contemporani de Barcelona) dira. Hiru lanek antzeko irudia eskaintzen digute: abstraktua izan arren, ekaitza den aldiko ibai-lasterra irudikatzen dute. Aurrenekoan, euria hasi berri da emeki, indar hartzen du bigarrenean, eta zaparrada da azkenekoan, Uholdea lanean. Lanok azkena ematen diote 1988. eta 1990. urte bitartean artistak sortu zituen pintura zurien sailari. Aldi hartan, Saharatik bidaian eta Niger ibaitik ibiltzeaz gainera, Barcelók glaziarrak bisitatu zituen suitzar Alpeetan, eta, bertan, izotza eta elurra margotu zituen.
Ura iradokitzeko, Uholdea margolaneko irudia osorik margotu zuen tonu urdinez eta grisez, urrunen dauden ibaiadarrak izan ezik, zuriz egin baitzituen. Lehen planoan, Barcelók ur azalera jotzean euri tantek sorrarazitako zipriztinak margotu zituen. Ibaia diagonalean dago eta aurrera mugitzen da, mugimendu horrek eta euri-uraren inklinazioak bizitasun handiko indarra eta abiada ematen diote irudiari; hala, baztertutako baliabideez, ekaitzaren bortiztasuna jaso zuen. Euriak bustitako lurra ematen du pinturak, likidotasun bertsua du. Euriteen irudi hauek sinbolikoki azkena ematen diete basamortuko hainbat paisaiari.
Euria leihotik sartzen da eta koadro osoa hartzen du; Espresionismo Abstraktuko zenbait lanen osotasuna ironikoki imitatzen du eta irudiaren eta hondoaren arteko dikotomia tradizionala urratzen ditu. Lan honetan, gainera, pinturaren izaera likidoa islatu nahi izan du Barcelók, baita, ezaugarri horri esker, denbora metaforikoki jaso ere.
Jatorrizko izenburua
Le Déluge
Data
1990
Teknika / Materialak
Baliabide anitzak mihise gainean
Neurriak
230 x 287,7 x 4 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa