Ez dago ikusgai

Ikaraundi-EQDALOS (burua paretan kontra belaunikatuta)

2013Papera, metala, DMzko taula, zura eta proiekzioa
Guztizko neurriak aldakorrak

Iñaki Garmendiak (Ordizia, 1972) bertako barne-historiaren, artearen historiaren zein gazteen azpikulturen elementu zehatzak jasotzen ditu bere lanetan, eta horien alderdi adierazgarrienak bereizi eta esparru orokor batean kokatzen ditu. Ikuslearentzat zaila da a priori irudi horiek —bideoak, performanceak, argazkiak edo marrazkiak izan— identifikatzea, eta horiek deszifratzeko gakoak berariaz bere bizipenetan bilatzen ditu.

Honako obra esanguratsuek, besteak beste, adierazten dute Iñaki Garmendiaren corpus artistikoa: Txitxarro (2000) seriea, Kolpez kolpe (2003), Red Light/Straight Edge (2006), Titulurik gabea Orbea (Orduña) (2007), Ez R. S. (maitasunezko 99 globo gorri) [No R. S. (99 Red Love Balloons), 2008] eta Titulurik gabea (sei erpin) [Sin título (seis picos), 2011]. Sorkuntza horiek artistaren bi lan-ildoak agerian uzten dituzte, sarritan elkarren artean harremanetan daudenak: alde batetik, objektu eta ikono kulturalak testuingurutik ateratzea eta zatikatzea, eta, bestetik, zenbait ikus-entzunezko grabazio eta muntaia prozesu esperimentalak aztertzea eta berrinterpretatzea. Garmendiak ez du kamara modu pasiboan erabiltzen ekintzak bere horretan jasotzeko; aitzitik, bere presentzia nonahi argi eta garbi sartzen duenez, objektuen eta ikuslearen artean nolabaiteko tentsioa sortzen du; desorosotasuna pizten duten haren lanek.

Ikaraundi - EQDALOS (burua paretan kontra belaunikatuta) (2013) lana Garmendia, Maneros-Zalaba, Salaberria. Prozesua eta metodoa erakusketarako berariaz sortu zuen, eta Garmendiaren aurreko lan guztiaren sintesia adierazten du. Lan honetan Garmendiak argazki batzuk erabili ditu oinarritzat: Jorge Oteizak José Sarriegui margolariaren buruaz egindako bustoarenak -egun desagertuta dago eta argazki gutxi batzuk geratzen dira-. Industria-ingeniaritzako hainbat prozesu zuzenean, modu erradikalean, erabili ditu beraren oroimena lantzeko. Lan horren emaitza euskarri desberdinetan jaso du, esaterako, bideo bat. Bideo horretan burua gai nagusitzat erabiltzen du; haren indarra azpimarratzen du objektua eta ikonoa den aldetik. Hori guztia dela eta, Bomber (2013) eta Titulurik gabea Orbea (Orduña) obrak gogora ekartzen ditu. Lan horietan guztietan ikusgarritasun falta nabarmentzen da. Alderdi narratiboa ekintzak erregistratzeko moduaren bidez jorratu du. Kasu honetan, ekintzen haria artistaren ahotsak eteten du eta, honela, kontakizun etena eraikitzen du, denbora-saltoekin. Hori egiterakoan buruhausgarri pertsonala sortzen du, ikuslearentzat zein bere buruarentzat.

 

Jatorrizko izenburua

Ikaraundi-EQDALOS (burua paretan kontra belaunikatuta)

Data

2013

Teknika / Materialak

Papera, metala, DMzko taula, zura eta proiekzioa

Neurriak

Guztizko neurriak aldakorrak

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa