Akerra eta ahuntza
1992Baliabide anitzak mihise gainean297 x 250.5 x 6 cm
Miquel Barceló 1980ko hamarkadaren hasieran Espainiako Neoespresionismoaren ordezkari nagusietako bat izan zen, Ferran García Sevilla, Miguel Ángel Campano, Juan Navarro Baldeweg eta José María Sicilia pintoreekin batera. Espainian, pinturari berriro heltzeko joera hura, Italiako, Alemaniako, Austriako eta AEBko antzeko mugimenduen ondoren sortu zen.
Artista gisa heltzen ari zen urteetan, Barcelóren lanek formatu handiak eta material-geruza lodiak zituzten ezaugarri. Barcelók zoruan pintatzen zituen mihiseak eta ezohiko materialak gehitzen zizkien, esate baterako itsas algak, errauts bolkanikoa, elikagaiak (irina eta arroza, adibidez) eta hainbat hondakin-material, hala nola, kartoizko kaxak eta zigarro-mutxikinak. 1980ko hamarkadaren erdialdera, narrazioa baztertzeari ekin zion, eta lanen gai nagusi bihurtu zituen argia, zuloak eta gardentasunak. Sinplifikazio-prozesu horren gailurra pintura zuriak izan ziren; artistak sail jori hori 1988an hasi zuen Saharan zehar, Algeriatik Malira, bidaian hasi zenean —Malin etxe bat eta estudio bat erosi zituen, eta oraindik ere erabiltzen ditu—.
Akerra eta ahuntza (Cabrit i cabrida) zintzilikatutako edo sakrifikatutako animalien irudiak lantzen dituen pintura-sail batekoa da; sail horretako beste lanak dira Zintzilikatuen dantza (Le Bal des pendus) eta Zinkezko zuria, berunezko zuria (Blanc de zinc, Blanc de plom). Juan Sánchez Cotán artista espainolen bodegoien eragina —fruituak zintzilik irudikatu zituen—, Errenazimentuko eta Barrokoko natura hilena eta Holanda eta Flandesko pintoreena ere antzeman daiteke, Rembrandten larrututako animaliena, adibidez. Era berean, lan hau Sahara hegoaldeko Afrikako herrialdeetako eguneroko bizitzari lotzen zaio: janaria beharrean heriotza eta usteltasuna iradokitzen dituzten animaliak zintzilik jartzen dituzten azokak dakartza gogora. Errenazimentuko eta Barrokoko natura hilak denboraren joanaren alegoria gisa interpretatu daitezke; pintura hauek, ordea, Sahara hegoaldeko Afrikako bizimodu eskasaz jabetuta egin zituen artistak eta, hortaz, Afrikako estatu berrien behin-behinekotasunaren seinale gisa interpreta daitezke; auzia ez da bizitza iragankorra dela aditzera ematea, baizik eta bizirauteko modua egunero bilatu eta lortu behar dela. Hartara, Barceló urrundu egiten da arestian aipatutako eragin horietatik, eta lanari ospakizun eta erritu animista kutsua ematen dio; gogoeta metafisikoak egitera eraman gaitzake: bizirik dagoen guztia desegin egiten bada ere, berriro jaiotzen da.
Jatorrizko izenburua
Cabrit i cabrida
Data
1992
Teknika / Materialak
Baliabide anitzak mihise gainean
Neurriak
297 x 250.5 x 6 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa Bruno Bischofberger-en dohaintza, Zurich