Jaosokor
1997Burdina, PVCa, soka eta argazkia113 x 424 x 398 cm
1980ko hamarkada-amaieran, Susana Solanori bere belaunaldiko artista espainiar garrantzitsuenetakoa izatea aitortu zitzaion nazioartean. Haren eskulturak formaz soilak dira, baina oso ebokatzaileak. Bere egitura askok Minimalismoaren geometria sinplea edo Postminimalismoarekin identifikatzen den prozesuaren kontzeptua ekartzen dute gogora, baina askotariko asoziazio metaforikoak uzten dituzte agerian. Adibidez, 1980ko hamarkadako metalezko eskultura-sail batek etxeko arkitekturaren elementuei edo natur paisaiaren ezaugarriei egiten die erreferentzia; aldiz, tamaina handiko sareta-moduko beste eraikin batzuek kaiolak dirudite eta harrapatuta egotearen sentsazioa ematen dute. Bartzelonako Joan Miró Fundazioan 1980an, bakarkako lehenengo erakusketan, mihise-sorta tolestuak ikusgai jarri zituen, eta harrezkero Solanoren lanek agerian utzi dute betidanik interesa izan duela barrunbe eta barneko lekuetan —zabal zein itxietan—: gorputzak, edo gorputzak inguratzen dituzten guneak, gogora ekartzen dituztenetan. Lanetako gorputz-presentzia arin eta, sarritan, inplizituak giza existentziaren apetak esploratzeko kezka etengabea adierazten du.
1990eko hamarkadan, eskulturak egiteko bestelako materialak erabiltzen jarraitu zuen, eta, gainera, askotariko osagaiak zeuzkaten instalazioak sortzen eta argazkiez baliatzen hasi zen. Hamarkadako azken urteetan, bidaia luzeetako osagaiak eta Afrikako eta beste kontinente batzuetako kultura ez mendebaldarrak islatzen hasi zen. Orduko lan bizienetako bat, Jaosokor, kanoa-itxurako burdinazko egitura bat da, tarte erregularretan lotutako plastikozko zerrenda garden eta koloregabeez estalia. Aretoko giro-argiak argiztatzen du, eta, eskulturaren gainazalak uraren propietateak ematen ditu aditzera. Ura, izan ere, Solanoren lanean errepikatu egiten den elementua da. Egitura hau material industrialez eginda dagoen arren, tribu batek eskuz egindako lan baten trebetasuna ematen du aditzera; ideia hori sendotzeko, Solanok eskulturaren aldameneko paretan Hegoaldeko Itsasoetako uhartetar baten aurpegiaren argazkia zintzilikatu du. Solanori Irian Jaya-n egon ondoren bururatu zitzaion lan hau; Irian Jaya Ginea Berria uhartean, mendebaldean, dagoen zatia da, Indonesiaren pekoa, eta aldi bat eman zuen Jaosokor herrixkan. Bertako jendearen formak eta motiboak Mendebaldeko material sintetikoekin gainjarriz, Jaosokor-ek bi munduren arteko talka irudikatzen du. Teresa Blanch komisarioak asko idatzi du Solanoren obraz; bada, bere iritziz, pieza honek "gizateriaren hainbat aroetatik egindako bidaia asaldagarri bat ekartzen du gogora" eta "herri indigenen kontrako gehiegikerien salaketa" bat aurkezten; aldi berean, "historiak eragindako haustura existentzial handiei buruzko gizakiaren iraunkortasunari egindako omenaldia (unibertsalizatzaileagoa) da".
Jatorrizko izenburua
Jaosokor
Data
1997
Teknika / Materialak
Burdina, PVCa, soka eta argazkia
Neurriak
113 x 424 x 398 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa