Lenin andrea eta urretxindorra
2008Olio-pintura mihise gainean16 pintura, 300 x 250 cm bakoitza
Georg Baselitz Bigarren Mundu Gerra osteko artista europar gailenetako bat da; oraindik ere haren lanei begiratzen diete gaur egungo artisten belaunaldiek. 1960ko hamarkadaren hasieran ekin zion arteari, gerrak Alemaniako espiritualtasunean, kulturan eta gizartean eragindako hondamendiak bultzatuta. Figuraziora itzuli zen hastapenetatik, hots, XX. mende hasierako Alemaniako espresionistei lotu zitzaien.
Baselitz-en lehen bakarkako erakusketa Berlingo Werner & Katz galerian izan zen, eta iskanbila handia sortu zuen: erakusketako bi artelanek, Gaualdi handia zapuztu zen (Die groβe Nacht im Eimer , 1962/63; egun Koloniako Museum Ludwig-en) eta Gizon bat biluzik (Nackter Mann, 1962), zakil tente handidun gizon bana irudikatzen zuten, eta ezmoralak zirelakoan konfiskatu zituzten. 1960ko hamarkadaren bukaeran, irudiak alderantziz, hau da, buruz behera, margotzen hasi zen Baselitz: irudia beste bide batetik hartu zuen, beste modu batean aztertzeko eta aldi berean konposizio arau tradizionalak hausteko. Artistak halaxe azaldu zuen: "Azpikoz gora margotutako objektu bat egokia izaten da pinturarentzat, ez delako egokia objektutzat. Ez dakit ezer errepresentazioak duen sendotasunari buruz. Ez dut errepresentazioaren doitasuna zuzentzen. Objektuarekin dudan harremana arbitrarioa da. Pintura metodikoki antolatzen du apainduraren inbertsio ez harmoniatsuak"[1]. 1960ko hamarkadan, Baselitz eskuekin margotzen aritu zen, eta aurrerago oinekin. Hala azpimarratu zuen gorputzaren ekintzaren emaitza ere badela margotutako irudia, ez sorkuntza kontzeptual espiritualaren emaitza hutsa.
Lenin andrea eta urretxindorra (Mrs. Lenin and the Nightingale, 2008) eskuratu zuen 2010ean Guggenheim Bilbao Museoak. Formatu handiko hamasei mihiseko saila da eta konposizio-egitura bera du sailak oinarri: bi gizon buruz behera, zakilak agerian eta eskuak izter gainean. Irudi horren iturria Otto Dix-en Artistaren gurasoak II (Die Eltern des Künstlers II, 1924) erretratu ezaguna da; beste lan askotan bezala, Baselitz-ek artearen historiako aurreko lan bat hartu eta bere modura berrinterpretatu zuen. Lan honetan, jatorrizko irudien ordez, bi diktadore margotu zituen: Vladimir Lenin eta Josiv Stalin, XX. mendeko lehen zatian milioika lagunen heriotza ekarri zutenak. Lehenengoa "Lenin andrea" gisa erretratatu zuen -gonatxoa eta takoidun zapatak daramatza- Lenin mozorrotzea gustuko zuela aditzera emateko. Bigarrena "urretxindorra" da, ahots ona baitzeukan eta oso maite baitzuen poesia; gainera, Johannes R. Becher-en (1891–1958) poema bat dakar gogora Baselitzek, horretan Becherrek urretxindorra balitz bezala deskribatu baitzuen Stalin.
Saileko pintura bakoitzak titulua du. Izenburu horiek hitz-jokoak edo esaldi misteriotsuak dira, eta ez dituzte zuzenean erretratatutako diktadoreak aipatzen; aitzitik, iturri dituzte gaur egungo artisten inguruko hausnarketak edo haiekin artistak izandako topaldiak. Honako artista hauei lotzen zaizkie pinturak: Cecily Brown, Jake eta Dinos Chapman, Willem de Kooning, Tracey Emin, Philip Guston, Damien Hirst, Anselm Kiefer, Jeff Koons eta Piet Mondrian, besteak beste.
1. Georg Baselitz: "The Upside-Down Object" (1981) in Detlev Gretenkort (arg.), Georg Baselitz: Collected Writings and Interviews, Ridinghouse, Londres, 2010, 60 or.
Jatorrizko izenburua
Lenin andrea eta urretxindorra
Data
2008
Teknika / Materialak
Olio-pintura mihise gainean
Neurriak
16 pintura, 300 x 250 cm bakoitza
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa
Ikuspuntuak
Georg Baselitzen Lenin andrea eta Urretxindorra
Alejandro Gómez Palomo diseinatzaileak eta Geaninne Gutiérrez-Guimarães arte-arduradunak Georg Baselitzen Lenin andrea eta Urretxindorra (Mrs Lenin and the Nightingale, 2008) obra osatzen duten mihiseen enigma argituko dute ironiaz, subertsioz eta argi-itzalez josita dagoen eta artistaren barne-mundua abiapuntu duen artelan hori hizpide hartuta.