Hichiko Happo
2014Tinta sumi sobre nueve lienzos200 x 100 cm bakoitza, 200 x 900 cm guztira
Yoko Ono (Tokio, 1933) Arte Kontzeptualaren eta performancearen aitzindaria da. Haren artelanek ohiko nozioak zalantzan jartzen dituzte eta giza existentziaren oinarrizko gaiak lantzen dituzte. Artistaren interes eta alderdi batzuek haren artegintza taxutu dute neurri handi batean, hala nola, irudimenaren indarrean sinesteak, konpromiso politikoak, umore-senak, zentzugabetasunerako lerak, eta nazioarteko gatazkak edo gizartean emakumearen rolaren inguruko sentiberatasunak. Bizitzako esperientziek itxuratu dituzte sineste horiek, eta pazifismoaren eta feminismoaren alde egitera eta mugimendu horietan parte hartzera bultzatu dute artista. Kontzeptuak, eta ez materialak, dira bere artelanen oinarrizko osagaia. Bere artelan asko poetikoak, absurdoak edo utopikoak dira; beste batzuk oso zehatzak eta gauzatzeko modukoak dira, baina guztiek artistaren umore-sena erakusten dute, baita gizarteari kritika egiteko nahia ere. Ideia batzuk objektutan hezurmamitzen dira, eta beste batzuk immaterialaren esparruan geratzen dira.
Ono New Yorkeko abangoardiaren artista garrantzitsu bihurtu zen 1960ko hamarkadan eta harreman estua izan zuen beste artista batzuekin, besteak beste, John Cage (1912–1992) konpositorearekin, George Maciunas (1931–1978) Fluxs mugimenduaren sortzailearekin —mugimenduaren oinarrietako bat da eguneroko jarduerak arte bihurtzea—, eta Jonas Mekas (1922) zinegilearekin. 1961ean, Maciunasek Onoren bakarkako lehen erakusketa antolatu zuen (New Yorken egindako pintura eta marrazki kontzeptualen lehen erakusketetako bat izan zen). 1962an artista Tokiora itzuli zen. Bertan, lehenbiziko aldiz Japonian, bakarkako kontzertua eta erakusketa eskaini zituen, Sōgetsu Art Center-en. Arte-diziplina askori eskainitako gune esperimental garrantzitsu hori zabalik egon zen 1958tik 1971ra. 1964an New Yorkera itzuli zenean, Onok kontzertuak ematen eta performanceak egiten jarraitu zuen Carnegie Recital Hall-en (1965) eta beste hainbat lekutan. Halaber, Fluxus mugimenduaren hainbat ekitalditan hartu zuen parte, Nam June Paik (1932–2006), Shigeko Kubota (1937–2015) eta beste artista batzuekin elkarlanean. 1966an Londresera joan zen eta Destruction in the Arts Symposium (DIAS) izeneko hainbat performancetan hartu zuen parte. Besteak beste Gustav Metzger-ek antolatutako nazioarteko ekitaldi horrek mundu osoko artista, kritikari eta zientzialari garrantzitsuak bildu zituen artean suntsiketa gaiari buruzko mahai-ingurua egiteko.
Hichiko Happo (2014) lanaren jatorria Ekintza-pintura (Action Painting) performancean dago. Artistak lan hau 2014ko martxoaren 12an egin zuen, Guggenheim Bilbao Museoak eskaini zion atzera begirakoaren harira, eta 2011n artistak berak hasi zuen serie baten barruan kokatzen da. Museoaren Entzungelan bata bestearen ondoan jarrita, artelana osatzen duten bederatzi mihise nagusien gainean, artistak japonieraz “zazpi poz eta zortzi altxor” esaera idatzi zuen, sumi tinta eta brotxa bat erabiliz. Esaldia artistak haurra zenean Yamanaka Shikanosuke-ri buruz entzun zuen legenda bati lotua dago. Yamanaka Shikanosuke samurai japoniarrak “zazpi ezbeharrak eta zortzi sakrifizioak” jasateko otoitz egin zuen, bere herria zorigaitzetik salbatzeko. Legenda horrekin hunkituta sentitu ondoren, artistak esaldia iraultzea erabaki zuen, hitz positiboak gehitu zizkion eta hitz horiek bizitako esperientziekin lotu zituen. Sumi tintaren bitartez, Onok ere pintura eta kaligrafia japoniarraren antzinako tradizioari egiten dio erreferentzia. Ekintza-pintura hauen bertsio bakoitzean Onok ezaugarri plastiko diferenteak garatzen ditu, eta emaitzazko mihiseen multzoa berezia gertatzen da.
Jatorrizko izenburua
Hichiko Happo
Data
2014
Teknika / Materialak
Tinta sumi sobre nueve lienzos
Neurriak
200 x 100 cm bakoitza, 200 x 900 cm guztira
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa Artistaren dohaintza