Ez dago ikusgai

Antropometria urdin handia (ANT 105)

ca. 1960Pigmentua eta erretxina sintetikoa paperean mihise gainean muntatua
287,8 x 430 x 4 cm

Gazte hil zen Yves Klein,1962an, baina ordu arteko zazpi urteko ibilbide artistiko laburrean, lan-multzo heterogeneoa eta, ikuspegi kritikotik, konplexua ondu zuen, baita hurrengo hamarkadetako artearen zati handi bat iragarri ere —arte kontzeptualetik hasi eta performancearen arteraino—. Mihise kolorebakarrak 1950eko hamarkadaren erdialdera sortzen hasi zen arren, pinturari lotutakoaren espezifikotasuna alde batera utzi zuen, artea edozein baliabide edo teknika jakinetik at dagoen zerbait gisa hartu baitzuen. Hala, Klein artista postmodernoa izan zen eta garaikideei aurrea hartu zien; bada, artea ikusezintzat jotzen zuen: Sinfonia Monotonoa Isilunea (Symphonie Monoton Silence) konposatu zuen, "airearen arkitektura bat" imajinatu zuen, bere ekintzak jendaurrean aurkezten zituen, argazkigintzara pasatu zen eta bere lan iragankorren aztarna gordetzeko horiek "dokumenta" zitezen agindu zuen. Bere egitarauaren arabera, bigarren mailan uztekoa zen artista batek eduki lezakeen trebetasun jakin bat eta pisu handiagoa zuen, ordea, edozein motako lanak sortzen dituen izate mitikoa piztezko artistak duen abileziak: "Pintoreak maisulan bakarra sortu besterik ez dauka: bera. Bateria atomiko moduko bat bihurtu behar da: etengabeko erradiazioa igortzen duen sorgailu moduko bat ingurunea artistaren izate piktorikoaz zipriztin dadin; izate horrek, gainera, bertan iraungo du artista joan ondoren ere"[1].

Edozein espresionismo mota hausteko tematuta, Kleinek "baztertu egin zuen pintzela" bere ibilbidearen ia hasieratik, tresna "psikologikoegia" zelakoan, eta arrabolak erabiltzen zituen ordez, "anonimoagoak" zirelakoan eta "[bera eta] mihiseen arteko ‘urruntasuna' gordetzen" laguntzen ziotelakoan [2]. 1958 eta 1960 artean ideia horretan sakontzeko balio izan zion teknika hobetu zuen: modelo biluziak erabiltzen zituen "pintzel bizidunak" (pinceaux vivants) bailiran eta hala, bere gidaritzapean, modeloek aztarnak eta markak uzten zituzten mihisearen gainean. Horrela sortu zituen lanek —Antropometriak (Anthropométries) izendatu zituen Kleinen adiskide Pierre Restany kritikariak—, Klein tematu bezala, artelanaren eta bere gorputzaren arteko urruntasuna ondo gordetzen zuten; era berean, irudikatze-modu tradizionaletara jo beharrik gabe biluzia berriz biziberritzeko modua eman zioten. 1960ko martxoaren 9an teknika hori zertan zetzan erakutsi zuen Kleinek Pariseko Galerie Internationale d'Art Contemporain-en: ehun gonbidatu inguru bertaratu ziren. Musikariek Sinfonia Monotonoa Isilunea jotzen zuten bitartean, Kleinek —esmokina jantzita zeramala— hiru modelo biluziren ekintzak zuzentzen zituen: pintura bularraldean eta zangoetan zabaltzen zuten eta euren gorputza paper-orri zurien gainean estutzen zuten edo narras ibiltzen ziren. Horren emaitza ziren margolanak "gorputzezko kolorebakar" izateaz gainera, marka estatiko soilak eta mugimenduan ziren gorputzen aztarna dinamikoak biltzen zituzten.

Antropometria urdin handia (ANT 105) [La grande Anthropométrie bleue (ANT 105), ca. 1960] lau lanen multzo bateko zati da eta Kleinen "pintzel bizidun"en teknikaren puntu gorena adierazten du. Artistak lan horiei Guduak (Batailles) deitzen zien, artearen historian genero den pintura historikoarena gogora dakarren izena; lotura hori iradokitzen dute, halaber, lanen neurri handiek. Nan Rosenthal-ek antzeman duenez, Kleinen Antropemetriak sinbolikoak eta indexikalak dira; izan ere, "subjektua eta haren markak zintzo irudikatzen dituztela ematen du"[3]. Dena den, emaitzako aztarna horietako batzuk abstraktuagoak dira: Antropometria urdin handi a (ANT 105) lanean ezin da bereizi modeloen zein gorputz-atalek utzi zuen aztarna eta paperean zehar egin zituzten mugimenduak pintura-leherketa gartsu, zipriztin eta orban gisa hezurmamitu dira; hala, ematen du artistak Europako Arte Informalari edo AEBko pintura espresionistari iseka egin nahi izan ziola.

Oharrak:
1. Yves Klein: "Quelques extraits de mon journal en 1957", in Klein, Le dépassement de la problématique de l'art, Éditions Montbliart, La Louvière, Belgika, 1959, 43-44 or.

2. Yves Klein: "Le vrai devient réalité", in Zero 3 (1961eko uztaila), Düsseldorf, 86 or.

3. Nan Rosenthal: "Assisted Levitation: The Art of Yves Klein", in Yves Klein, 1928-1962, 122 or.

Iturriak:
Denys Riout: "Yves Klein", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Nancy Spector: "Yves Klein", in Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.

 

Google Arts & Culture webguneko informazioa ikusi.

Jatorrizko izenburua

La grande Anthropométrie bleue (ANT 105)

Data

ca. 1960

Teknika / Materialak

Pigmentua eta erretxina sintetikoa paperean mihise gainean muntatua

Neurriak

287,8 x 430 x 4 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa

Ikuspuntuak

Yves Kleinen Antropometria urdin handia (ANT 105)

Israel Galván flamenko-dantzari eta koreografoak, hunkituta, dantza egingo du Yves Kleinen Antropometria urdin handia (ANT 105) [La grande Anthropométrie bleue (ANT 105), ca. 1960] lanaren aurrean, eta Geaninne Gutiérrez-Guimarães arte-arduradunarekin batera, Museoaren Bildumako maisulan horren indarra eta musikaltasuna behatuko ditu.