
Xilografia munduan den estanpatze-teknikarik zaharrenetakoa da, jakin baitakigu IX. mendean dagoeneko erabiltzen zutela Asia ekialdean. XIV. mendeaz geroztik, merkataritza-ibilbide berriek eta paper-errotetara iritsitako aurrerapen teknologikoek—zeinek materiala azkarrago ekoizteko aukera eman baitzuten— asko lagundu zioten paper gaineko estanpazioaren zabalkundeari Europan. Xilografiekin ilustratutako liburuak oso ezagunak ziren XVI. mendearen inguruan, eskuizkribuak edo tipo mugikor bidezko inprimaketaz egindakoak baino askoz merkeagoak baitziren.
Xilografia erliebean egindako grabatu-metodo bat da. Irudia negatiboan zizelkatu behar da, eta, gero, egurrezko tako batean alderantzikatu; hala, jatorrizko azaleran grabatu gabe dauden eremuak tintaz bustitzen dira eta paperera eramaten dira.
FRANZ GERTSCH, LAU URTAROEN ZIKLOA
Franz Gertschen (1930–2022) margolan hiperrealistak oso ezagunak izan ziren 1970eko hamarkadan, baina 1986an artistak alde batera utzi zuen pintura, eta xilografiari ekin zion: 2011n
Lau urtaroen zikloa amaitu ondoren, gai horren inguruko ikerketarekin jarraitu zuen hainbat xilografiaren bitartez, besteak beste Uda II lanaren bitartez (209 aretoan ikusgai).
Gertschek oso prozesu neketsua baliatzen zuen bere estanpak egiteko. Lehenik, irudi bat proiektatzen zuen egurrezko bloke handi batean; bertan, kontu handiz marrazten zuen irudia, eta, ondoren, tresna zorrotz batez, gainazalean zizelkatzen zuen. Horrela, elkarrengandik oso hurbil zeuden markaz osatutako eredu bat sortzen zuen, punteaketa teknikan egiten denaren antzekoa. Erabiltzen zituen blokeek hainbat metroko zabalera izaten zutenez, artistak hilabeteak behar izaten zituen haietako bakoitza osatzeko. Ondoren, kolore bakar batez tintaztatzen zituen, eta Heizaburo Iwanoren tailer esklusiboan egindako japoniar paperezko orri handi batean estanpatzen zituen.
Egiten zituen estanpen bitartez, eguneroko bizitzan oharkabean igarotzen zaizkigun ohiko gaiak nabarmendu nahi izan zituen Gertschek. Aztertu arretaz xilografia honen azalera handiari, eta begiratu nola bultzatzen gaituen, teknika apartari esker, natura behatzera.
Image from the documentary film Images in stone, Wood and copper. #1 Printmaking: Woodcut by the Collection of Prints and Drawings of the Museum of Fine Arts, Budapest (2024)