Plan Estrategikoa
Guggenheim Bilbao Museoak inauguratu zenetik garatu duen plangintza estrategikoaren konpromisoarekin bat eginez, 2024–2025 Plan Estrategikoa aurkezten dugu. Ikusita une honetan ziurgabetasun-maila handia dela testuinguru globaleko aldaketen eta gertaeren abiadurak eraginda, Plan berria bi urtekoa izatea planteatu da, Museoaren plangintza estrategikoaren ohiko aldiari erreparatuta, 4-5 urtekoa, 2020an laburtzea erabaki baitzen, pandemiak eragindako ezegonkortasunaren ondorioz.
Zeregina
Arte modernoa eta garaikidea bildu, zaindu eta ikertzea, eta Artearen Historiaren testuinguruan ikuspegi desberdinetatik eta publiko zabal eta anitzarentzat ikusgai jartzea, Guggenheim Museoen Sarearen funtsezko osagai eta Euskal Herriaren bizitasunaren sinbolo den aldetik arkitekturaren obra enblematikoaren esparruan artea eta adierazten dituen baloreak ezagutarazten eta arteaz gozatzen lagunduz.
Asmoa
Guggenheim Bilbao Museoa Europan aitzindari aitortuko dute berrikuntzan eta bisitaria ardatz nagusi duen museo esperientzia eskaintzen. Solomon R. Guggenheim Foundation-en baitan zeregin aktiboa izaten jarraituko du kulturari, arteari nahiz hezkuntzari lotutako proiektuen garapenean, Guggenheim Sarearen onerako eta EAEko ekonomia sortzailearen mesederako.
Jomuga
Interes-talde guztientzako inspirazio-iturria izan nahi du Jomugak, denek bat egiteko elementua. Horrek azpimarratu egiten ditu Museoaren garrantzia eta hura bisitatzeaz gain, bertan parte hartzeak, babesa eskaintzeak, nahiz harekin harremanetan egoteak sortarazten duen harrotasuna. Guggenheim Bilbao Museoaren jomuga honela definitu da:
Ikuspegi berriak sortaraztea eta eskaintzea artea eta haren baloreak baliatuz.
Balioak
Aurreko Plan estrategikoetan ezarritakoaren ildo beretik, Museoak bere filosofiaren ezaugarri diren Balio batzuk ditu, hots, haren Zereginari aurre egiteko espiritu bat, haren jarduna zuzendu behar dutenak.
Artearekiko sentsibilitatea eta errespetua
Sentsibilitate artistikoa oinarri hartuta lan egiten dugu, eta artelanarekiko errespetua nagusitzen da aurrera eramaten ditugun ekintzetan
Gure jarduna garatzean, zeharo jabetzen gara gure lanaren xedea den objektuak dagokion materialtasun soiletik harantz doan balioa duela; objektu hori zaintzea garrantzizkoa bada, ezinbestekoa da giza egoeraren adierazpen gisa baloratzea merezi duen arreta jaso dezan. Izan ere, premisa horretatik abiatuta garatzen ditugu jarduera guztiak eta, enpresa-irizpideak kudeaketarako planetan aplikatzen badira ere, ez dugu inoiz ahazten eskuartean darabilguna gizadiaren ondarea dela eta eskakizun batzuk inposatzen dituen balio immateriala duela.
Komunitate artistikoarekin integratzea
Euskal Herriko jarduera artistikoari eta kulturalari aberasten laguntzen diegu bertako Erakundeen estrategia kulturalen testuinguruan
Museoak ez du inguruan garatzen diren jarduera artistiko guztien gune nagusi izan nahi. Aldiz, dinamizazioaren eragile bat gehiago izan nahi du, baita beste kultur erakunde batzuei eta artista, galeria jabe, proiektu eta ekimen handiei harrera egingo dien elkargune ere, gertuen dugun komunitate artistikoaren aniztasunari eta jarduerari ahalik eta ekarpenik handiena egin nahian ahaleginak elkartuz.
Kalitatearekiko konpromisoa
Museoaren arrakasta bere kudeaketaren bikaintasunari lotuta agertzen da; horrek kalitatez lan egitera behartzen gaitu
Sortu zenetik, Guggenheim Bilbao Museoaren nahi handietako bat bere jardunaren etengabeko hobekuntzan sakontzea izan da; hobekuntza-prozesu horretan, Museoak EFQM kalitate-eredua ezarri du.
Bezeroarenganako orientazioa
Asebete sentitzen diren bezeroak dira gure etorkizunaren berme bakarra. Haien aniztasuna kontuan izatea eta gure lana haiek aseta uztera bideratzea da gure lehentasun nagusia
Gure bezeroak era askotakoak dira, eta aldakor agertzen direnez beren premiak ere aldatu egiten dira. Haien itxaropenak identifikatzea eta betetzea, eta haien eskakizunei aurrea hartzea dira bezeroengan asetze-maila handia lortzeko aukerarik onena. Aseta sentitzen den bezeroa inbertsio segurua baita.
Orientazio didaktikoa
Gure konpromiso nagusia publikoari kulturara eta bereziki arte modernora eta garaikidera hurbiltzen laguntzea da
Guggenheim Bilbao Museoaren erakusketa bakoitzak lan pedagogikoa gainbegiratzea eskatzen du. Museoak argi dauka hezkuntza-erakunde izateko bokazioa duela; horregatik, proiektu bakoitzean hezkuntza-esperientzia informala, diziplina artekoa eta ahalik eta interaktiboena berekin dakarten teknikak, materialak eta giroak eztabaidatu behar izaten dira, museoek eskaintzen duten heziketa zurruntasun akademikotik urruntzen baita informazioa aukera humanistikoak zabaltzeko moduan transmititzeko, norbere burua aberastea izanik horren guztiaren emaitza.
Orientazio ekonomikoa
Baliabideak ahalik eta modurik egokienean kudeatu ahal izateko lan egiten dugu, Museoaren autofinantzaketa-maila ahalik eta handiena izan dadin
Gure kudeaketa-ereduak autonomia handia eskaintzen dio Museoari. Izan ere, duen malgutasuna eta erreakzio-ahalmen handia dira autonomia horren erakusgarri. Hala ere, diru laguntza publikoen menpe ez egoteko eta norbere baliabideak sortzeko eraginkortasun handia behar izaten da, gure jardunetik ez ezik gure erkidegoko gizartearen eta enpresen laguntzatik ere bai, baita, zentzu zabalean hartuta, bezeroen kopuru handitik ere.
Guggenheim Museoen integrazioa eta lankidetza
Solomon R. Guggenheim Foundation-en helburuetan, kulturan eta identitatean erakundearen integrazioa bultzatu eta indartzen dugu
Zenbait faktoreen ondorioz, helburu hori bereziki zorrotza da; erakundearentzat eta fundazioarentzat Sarean lan egiteak mesedea baitakar, harreman aldeaniztunaren eraginez sortzen den sinergiari esker lortzen den onura.
Gizartearekiko konpromisoa
Euskal Herriaren bizitasunaren ikur izaten eta artearen bidez jokabide etikoak bultzatzen saiatzen gara
Kulturaren eta ekonomiaren arteko harremanaz hitz egitean, Museoari dagokionez, interes espezifikoenetako bat honetan datza: kultur jarduera hau ekonomiaren susperraldiaren, hiriaren berrikuntzaren eta bizitasun sozialaren garrantzizko eragile izan dela soberan ziurtatu izana. Kultur ekimena den aldetik Museoa garapen globala lortzeko planen barruan sartzen bada ere, bere funtsezko zereginetako bat bizi garen gizartean kultura hedarazteko tresna gisa jardutea da, artean oinarrituta gizartea tolerantzian, irekitasunean eta errespetuan hezi dadin.
Pertsonenganako konfiantza
Pertsonen zintzotasunean, konfiantzan, osotasunean eta erantzukizunean oinarritzen den partaidetzazko lana bultzatzen dugu, gizabanakoaren askatasuna eta harekiko errespetua bultzatuz
Talde-lana, parte hartzeko kultura eta autoexijentzia lan-taldeetan sendo sustraitu diren baloreak dira. Izan ere, talde horien esperientzia profesionalak Zereginari erantzuten dioten eta gure jarduera guztietan nagusi izan behar duten balioak bultzatzen dituzten proposamenetan eta ekimenetan du bere isla. Pertsona horiek adorea eta motibazioa eskaintzen diote erakundeari, hark dituen konpromisoak betetzeko.
Familiarekiko arduratsu den eta pertsonen aniztasuna aintzat hartuta berdintasuna sustatzen duen enpresa
Guggenheim Bilbao Museoa pertsonekiko begirune etiko eta soziala izaten ahalegintzen da, aniztasuna aintzat hartuta pertsonen arteko aukera-berdintasuna gordez eta lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko bateragarritasuna erraztuz; generoa ere kontuan hartzen du.
Horrexegatik bermatzen du Pertsonen Kudeaketa Globalaren jardunak berdintasuna, pertsonen egoera edozein dela; gainera, Gizarte Erantzukizuna enpresaren estrategiaren barruan dago. Hala, helburu du lanbidean kalitatea eta egonkortasuna eskaintzea, lanerako giroa atsegina eta suspergarria izatea, eta langilearengan eta enpresan bata bestearekiko erantzukizuna bultzatzea; horretarako lan egiteko modu malgu eta berritzaileen alde egiten du, bisitari/bezeroen beharrei eta langileen garapen eta promozio beharrei erantzuteko.
Engaiamendu estrategikoak
Konpromiso estrategikoak Museoak funtsezkotzat jotzen dituen arlo jakin batzuetan aurrera egiteko erabakitasuna, borondatea eta exijentzia dira.
1. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarekiko konpromisoa – Museoak bere bilduma ezagutarazteko konpromisoa hartzen du erakusketen programazioa eta horri lotutako jarduerak baliatuz berezko identitate artistikoa eta erakundeengandik jasotzen duen babesa aitortzeko eta erreferentziako museo-erakunde gisa duen posizionamendua mantentzeko.
2. Inspirazioa eta inklusioa sustatzen dituen kalitatezko programazioarekiko konpromisoa – Museoak inspirazioa eta inklusioa sustatzen dituen kalitatezko arte-programazioa diseinatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, publiko anitza erakarriko duena, tokikoa nahiz nazioartekoa, eta arte modernoaren nahiz garaikidearen sorkuntza gailenenak ulertzeko erreferentziazko ikuspuntua eskainiko duena.
3. Hezkuntzarekiko konpromisoa – Museoak eskaintzen dituen edukiak ulertzeko bideak eskaintzeko konpromisoa hartzen du; horretarako bitartekaritza-modu berriak, tresnak eta jarduerak garatuko ditu bisitarien eta hezkuntza-ekimenen helburu diren taldeen beharrei egokitzeko sozializazioa, ikasketa eta sormena bultzatuz.
4. Artearen balio sozialarekiko konpromisoa – Museoak artearen alorrarekin eta hezkuntzarekin zerikusia duten tokiko taldeekin harremana bultzatzeko konpromisoa hartzen du; horretarako, erresilientzia eta arteak gizartearen baitan giza-ongizatea sorrarazteko duen ahalmena bultzatuko dituzten proiektuak sustatuko ditu.
5. Iraunkortasun ekonomikoarekiko konpromisoa – Museoak ezaugarri duen kudeaketa fidagarri eta eraginkorra mantentzeko konpromisoa hartzen du; horretarako haren jarduera ahalik eta modu iraunkorrenean garatzeko aurrekontuak egingo ditu unean uneko egoerara egokituz.
6. Ingurumenarekiko konpromisoa – Museoak bere jarduerak ingurumenean duen eragina ahalik eta txikiena izan dadin lan egiteko konpromisoa hartzen du; horretarako, energiaren iraunkortasuna bermatzen duten eta kutsadurarik sortzen ez duten prozesuak garatzen eta gauzatzen saiatuko da, eko-eraginkortasuna xedetzat duen jarduna bultzatuz.
7. Eraldaketa digitalarekiko konpromisoa – Museoak bere prozesuen eraldaketa digitalean aurrera egiteko konpromisoa hartzen du; horretarako, teknologiaren erabilera integratua eskainiko du bisitariek Museoan duten esperientzia eta edukien eskuragarritasuna hobetzeko eta Museoko lantaldeei lan-ingurune hobea eskaintzeko.
8. Lurraldearekiko konpromisoa – Museoak lurraldearen dinamizazioan eragile izateko konpromisoa hartzen du; horretarako, nazioarteko irismena duen kalitate handiko eta balio erantsidun ikuspuntuan oinarrituko du museo-jarduna.
9. Berrikuntzarekiko konpromisoa – Museoak bere jardunari bereizkortasuna emango dioten praktika berritzaileak bilatu eta aurkitzeko eta orain arteko kalitate eta bikaintasuna mantentzeko konpromisoa hartzen du.
10. Gobernantzan bikaintasuna lortzeko konpromisoa – Museoak gardentasunaren, gobernu onaren eta kudeaketa etikoaren alorretan lortu duen bikaintasuna mantentzeko konpromisoa hartzen du, bai eta egunero erakunde anitzagoa eta inklusiboagoa izateko bidean aurrera egiteko; horretarako berdintasuna bultzatuko du eta pertsonak eta haien dohainak, nahiz erakundeari egindako ekarpenak gogoan izango ditu berritzeko eta etengabe hobetzeko duen ahalmena bermatzeko.
Helburu estrategikoak
2024–2025 Planean, ondorengo Helburu estrategikoak identifikatu dira, Museoak bere Misioaren eta Ikuspegiaren garapenari erantzun ahal izateko:
- Bilduma Propioa, Museoaren gune aktibo gisa.
- Erakusketa-programazio bikaina eta kalitatezkoa, ikus-entzule zabal eta askotarikoari zuzendua.
- Community 2.0: segmentazioa eta pertsonalizazioa.
- Lagunen programa eta tokiko posizionamendua indartzea.
- Eduki garrantzitsuak sortzea, ikuspegi eta bokazio teknologiko eta guzti.
- Museoak beharrezko prozesuak eta tresnak izatea, erakundean eskura dauden informazioa eta baliabideak modu ireki eta arinean partekatzeko.
- Talentu gaztea erakartzeko plana.
- Finantza-iraunkortasuna: diru-sarrera propioen ehunekoari eustea.
- Babesletzak handitu ahal izateko proiektu erlazionalak garatzea.
- Ingurumen-arloko iraunkortasuna: klima-neutraltasunerantz 2030ean.
- Gizarte-iraunkortasuna: ongizate emozionala artearen bidez.
- AEII – Aniztasuna, Ekitatea, Irisgarritasuna, Inklusioa.