005 Oldenburg The Old Damp Flag 23 10

Kalea (The Street) eta banderak

Zabortegi zaharreko bandera (Old Dump Flag), 1960
Zura
22,2 x 27,3 x 7 cm
Claes Oldenburg eta Coosje van Bruggen
VIE-COL-BIO (2186)
116.09

“Eguneroko gauza zatarrekin nahasten den eta halere gailentzen den artearen alde nago.”

—Claes Oldenburg (1)

Artista batzuek eguneroko errealitateko irudiak berriro ere, pixkanaka-pixkanaka, erabiltzen hasi ziren 1950eko hamarkadaren amaieran; ordura arte, hamarkada batez, espresionismo abstraktua nagusi izan zen, baita mugimendu horretako lan abstraktuak ere, zeinetan artelana sortzeko prozesua gailentzen zen. Horietako batzuk, besteak beste, Andy Warhol (1928–1987), hedabideetako eta publizitateko irudiek erakarri zuten; Suediar jatorriko Oldenburg, alabaina, liluratuta zegoen inguruan zituen objektuekin, bizi zen New Yorkeko Lower East Sideko kaleko giroarekin.

Kalea (The Street) giroa (“environment”) 1960an egin zuen. Galeria oso bat hartu zuen: kartoiz, biltzeko paperez, egunkari zatiz eta oihalez, botilez eta bestelako hondakinez egindako eskulturez bete zuen. Objektuek grafitiak ekartzen zituzten gogora, haien azalerak lerro eta aztarnak baitzituen, modu espresionistan margotuak. Batzuk sabaitik eskegi zituen; beste batzuk lurrean jarri; eta zorua paperezko bolez estalita zegoen, kalean botatako zaborra balitz bezala. Bisitariak objektu horien artean ibiltzen ziren, Oldenburgek Lower East Siden ikusitako kaleko giroa eta bizimodua jasotzen zutenak: autoak, hegazkin bat, oinezko bat, bide-seinaleak, txakur bat zaunka, erakusleiho bat, zapata-garbitzaile bat, bizikletari bat, makuludun gizon bat eta “izpi-pistola”dun hainbat pertsonaia (“izpi-pistola” Oldenburgek haren ibilbide luzean maiz erabili duen motiboa da). Oldenburgen lanak gai zuen bigarren mundu gerra osteko kapitalismo berri neurrigabea: lana, dirua, ekonomia, pobrezia, alkoholismoa, isolamendua eta komunikazio eza (2).

Kalea giroa performance bat egiteko gune izan zen: Hiriko argazkiak (Snapshots from the City, 1960). Oldenburg paperezko eta oihalezko txatalez mozorrotu zen, gorputzera estutu zituen benden modura, eta, likore botila bat eskuan, kokoriko jarri zen. Garai hartako Oldenburgen emaztea, Patty Muschinski (geroago Patty Mucha, 1935), “kaleko neska” baten moduan —Oldenburgen hitzetan— jantzi zen; pertsonaia hori instalazioan ere jasotzen zen, horren adibide bat zegoen. Elkarrekin, Oldenburg eta Muschinski dantza erritual bat egin zuten argiek kolpeka piztu eta itzaltzen ziren bitartean. Bertan zeudenentzat performanceak Oldenburgek emandako instalazioaren deskribapena hezurmamitzen zuen: “Argi ikusten dut orain, amesgaizto bat da, neure amesgaiztoa” (3).

1960ko udan, Oldenburg hiriko zalaparta atzean utzi eta Provincetown herrira alde egin zuen, alegia, artista eta idazle ugari bizi ziren tokira. Massachusetts estatuko herri horretan, Provincetowngo banderak (Provincetown Flags, 1960) saila egin zuen; adopziozko aberriko ikur bat erabili zuen, AEBko bandera, eta itsasoak ekarritako egurrez egin zituen lan guztiak. 1960ko apirilean idatzi zuen: “Nire ikusmira jasoko dut ‘ikur handien’ sail batean: lehenengo kalea, gero, beharbada, lorategia edo hondartza, eta abar” (4). Sail horretan erabilitako material tolesgabe eta landugabeak Kalea seriean baliatutako hiri-hondakinen oso bestelakoak ziren, eta, itxuraz, halako oinarrizko ezaugarriak, kaltetu eta galdu gabeak zituzten.

1. Jörg Wolfert, Claes Oldenburg: The Sixties erakusketaren liburuxka, Museum Moderner Kunst Stiftung Ludwig Wien, Viena, 2012, 4 or.

2. Ikus Achim Hochdörfer eta Barbara Schröder (editoreak), Claes Oldenburg: los años sesenta, Guggenheim Bilbao Museoa; Delmonico Books, Munich, 2012, 31 or.

3. Ibid.

4. Ibid., 38 or.

Preguntas

Erakutsi ikasleei AEBko banderaren irudi bat eta galdetu irudiak sorrarazten dizkien ideien eta loturen inguruan. Idatzi lotura horiek arbelean.

Ondoren, erakutsi Oldenburgen Zabortegi zaharreko bandera (The Old Dump Flag, 1960) eta eskatu binaka AEBko bandera eta Oldenburgen bertsioa alderatzeko. Proportzioen, materialen, koloreen, mugimenduaren, formaren eta abarren inguruan eztabaidatu behar dute. Benetako banderaren eta Oldenburgen banderaren arteko formaren ezberdintasunak aztertu.

Azaldu ikasleei 1960ko hamarkadan bandera asko egin zituela, itsasoak ekarritako egurrak eta kartoiak, besteak beste, erabiliz. Zabortegi zaharreko bandera egurrezkoa da. Nola eragiten diete materialek ikasleek egindako loturei?

Oldenburgek horrelako banderak egin zituen Kalea izeneko proiektu bat amaitu eta gutxira. Proiektu horretan New Yorkeko kaleko irudiak jaso zituen, bestek beste, autoak, bide-seinaleak eta erakusleihoak; artista bertan bizi zen eta honakoa idatzi zuen: “Nire ikusmira jasoko dut ‘ikur handien’ sail batean: lehenengo kalea, gero, beharbada, lorategia edo hondartza, eta abar” (1). Zabortegi zaharreko bandera “ikur handi” bat da? Zergatik? Ikasleen ustez, zergatik da sinbolikoa lan hau? Haien inguruko (herriko, adibidez) “ikur handiak” sortu beharko balituzkete, zer gaietan jarriko lukete arreta? Eztabaidatu aukerak. Gero, guztiok batera, erabaki zein ikur diren adierazgarrienak eta zergatik.

1. Ibid.