cell last climb 10522 CB 1 LG

Gela (Azken igoera)

Louise BourgeoisGela (Azken igoera) [Cell (The Last Climb)], 2008
Altzairua, beira, goma, haria eta zura
384,8 x 400,1 x 299,7 cm
National Gallery of Canada, Ottawa
Argazkia: Christopher Burke, © The Easton Foundation/VEGAP, Madril

Gelen barruko objektuak hauskorrak dira. Barrualdea horren hauskorra denez, askotan ezin zara horietara sartu. Hori arazoa da jendaurrean erakusgai jartzen direnean. Nik, berriz, jendea Gelak barrura sartzea nahiko nuke”. —Louise Bourgeois [1]

Louise Bourgeois (Paris, 1911–New York, 2010) artista estatubatuar frantsesa zen, eta ia ehun urte bizi izan zen. Ia heriotza-egunera arte jarraitu zuen artea egiten: eskulturak, pinturak, marrazkiak, grabatuak eta performanceak. Hil baino bi urte lehenago, Bourgeoisek Gela (Azken igoera) artelana sortu zuen (2008), bere Gela serieko azkena; artelan multzo hori, Gelak, bere bizitza sortzailearen azkenaldiko leitmotiva izan zen: behin eta berriz jorratzen zuen “gela”ren ideia. Gelak instalazioen sail bat da, egindako eta aurkitutako objektuen nahasketa batez osatutakoa, tartean direla ateak eta artistak auzategian bildutako beste egitura batzuk. Instalazio horiek Bourgeoisen bizitza pertsonaleko oroitzapenez josita daude, adibidez, haurtzarotik zekartzan beldurrak. [2] Artistaren iritziz, ingelesezko cell hitzak konnotazio ugari zituen. Izan ere, cell hitzak “zelula”, hots, “izaki bizidunen unitate estruktural eta funtzionala; bizitzat jo ohi den unitate txikiena” esan nahi du, baina baita “espetxe bateko gela edo ziega” eta “monasterio bateko gela”, alegia, pertsona bat isolatuta egon dadin balio duena.[3]

2005eko bukaeran, bere etxadiko eraikinak botatzen ari zirela eta, Bourgeois Brooklyngo bere estudiotik lekualdatu behar izan zen, bertan 25 urtez lan egin ondoren.[4]Hala ere, lekualdatu aurretik, estudioko eskailera kiribila kendu zuen, eta etorkizunean erabiltzeko gorde.[5] Eskailera hori bere bizitzako zati bat zen erabat: 1980ko urteetan, hura egiteko eskatu zuen eta, artean lanean zebilela, egunero ibiltzen zen hortik gora eta behera.

Eskailera protagonista nagusitzat hartuta, Bourgeoisek Gela (Azken igoera) sortu zuen. Artelanean, eskailera sare metalikozko kaiola batek inguratzen du: bertan, barrualdeak eta kanpoaldeak bat egiten dute. Kaiolaren paretan, arkuzko ate estu bat zabalik dago, ikuslea barrualdera gonbidatuz.

Bourgeoisek esanahi sinbolikoz betetako objektu-kopuru bat jarri zuen Gela (Azken igoera) barrualdean. Zoruan, zurezko bi esfera handik bere gurasoak adierazten dituzte. Eskaileren inguruan beirazko esfera urdin batzuk daude, zerurantz igotzen bezala. Haien kokapena zenbat eta gorago izan, beirazko esferak orduan eta handiagoak dira, gorantz egin ahala puzten diren likidozko burbuilak bezala.[6] Erdian eskegita, artista adierazten duen malko urdin luzatu bat dago. Malkoa haridun jostorratzek ziztatzen dute, eta hariok metalezko kaiolaren inguruan kokatutako txirriketara hedatzen dira: tapizak zaharberritzeko tailerra zeukan familiarekiko loturak dira, artista gazte-gaztetatik ibili baitzen bertan laguntzaile. Gela (Azken igoera) artelana egitean, bere bizitzaren bukaera aldera, Bourgeoisek instalazio baikorrago bat sortu zuen, eta atzean utzi zituen heriotzari eta preso geratzeari buruzko beldurrak: bere buruarekin bakeak egin zituen.[7]

1. http://www.db-artmag.com/archiv/2004/e/9/1/293-3.html
2. http://arttattler.com/archivebourgeois.html
3. http://www.collectortribune.com/2015/08/04/louise-bourgeois-structures-of-existence-the-cells-at-garage-museum-moscow/
4. http://www.artslant.com/ny/articles/show/2707
5. http://www.ngcmagazine.ca/exhibitions/do-undo-redo-mantra-of-a-monolithic-artist
6. Louise Bourgeois, honetan aipatua: Louise Bourgeois. Estructuras de la existencia: las Celdas, Julienne Lorz (arg.), erak. expo., FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, eta La Fábrica, Madril, 2016, 91. or.
7. Ibid., 93. or.

 

Preguntas

Erakutsi Gela (Azken igoera), 2008

Deskribatu artelan hau albait zehatzen. Zer ikusten duzue? Ikusi ezin duen norbaiti artelan hau azaldu beharko bazeniote, nola deskribatuko zenukete? Ikusi duzue noizbait artelanekoaren antzeko eskailera bat? Non? Zer gogorarazten dizute esferek?

Nola sentituko zinatekete Gela (azken igoera) barrura sartzean? Azaldu zer emozio sentituko zenituzketen. Eskaileran gora igoko zinatekete? Eskulturari soinua jarri beharko bazeniote, zer entzungo zenukete barrutik?

Uste denez, artelan honetako formak eta koloreak sinbolikoak dira. Artistarentzat, kolore urdinak bakea adierazten du, meditazioa eta ihesbidea.[8] Hitz egin koloreen esanahiaz; kolore jakin batzuek esanahi jakin batzuk dituzte, zuen ustez? Zergatik izango da hori?

Espiral formak ere, adibidez, eskailerarenak, garrantzi handia dauka Bourgeoisen lanean. Artistarentzat, espirala (kiribila) anabasa kontrolatzeko ahalegina zen, baina beti aska zitekeen eta kontroletik kanpo joan.[9] Zein beste esanahi bururatzen zaizkizu espiral batentzat?

8. Ibid., 92. or.
9. http://www.tate.org.uk/download/file/fid/37633