Denboraren materia
“Altzairuarekin lan egitea, ez ordea paisaia bat eraikitzeko osagai gisa, baizik eta masa, pisu, kontrapisu, karga ahalmen, karga kontzentratu, konpresio, marruskadura eta estatika terminoetan eraikitzeko material gisa, beti egon izan da eskulturaren historiatik aparte. Hala eta guztiz, aplikazio zuzena izan du arkitekturaren, teknologiaren eta eraikuntza industrialaren historian. Dorre, presa, zubi, etxe-orratz, tunel eta abarren logika da”(1).
Denboraren materia
Argazkia: © Robert Polidori
Sarrera
Richard Serrak (San Francisco, AEB, 1939) altzairu herdoilkorra erabili du Denboraren materia instalazioaren eskulturetan eta bere obrarik gehienetan. Eraikuntzaren industrian erabili ohi den altzairu mota da eta bere kolorea aldatu egiten da denborak aurrera egin ahala.Hala ere, Serrarentzat espazioa da obra hauen funtsezko materiala.
Denboraren materia instalazioa osatzen duten pieza guztiak altzairu herdoilkorrez eginda daude, zubiak eta eraikinak egiteko eraikuntzan erabili ohi duten altzairu mota. Historikoki arkitekturarekin eta ingeniaritzarekin lotura duen materiala da. Kanpoaldean, material honen kolorea aldatu egiten da pixkanaka grisa izatetik laranja izatera, eta azkenean marroi ilun bihurtzen da zazpi edo zortzi urteren buruan. Hamar urte inguru igarotzean (barrualdean prozesua geldoagoa da aire zabalean baino), oxidazio prozesua amaitu denean, pieza guztiek gainazal uniformea, leuna eta jarraitua izaten dute. Lan prozesuan, Serrak maketetan probatzen ditu lehenik bere ideiak eta ondoren altzairuzko xaflen posizioa eta angeluak kalkulatzen ditu, kalkuluak ordenadorez egiteko CATIA izeneko programaren bidez. Obrak eskala handian egiten dituzte ondoren, altzairuzko xaflak produzitu eta kurbatzen dituzten fabriketan. Beraz, artistak obrak asmatzen ditu, baina neurri eta pisu handikoak direnez eta ezaugarri bereziak dituztenez kolaboratzaileen laguntza behar izaten du bere ideia gauzatu ahal izateko.
Beruna eta altzairua dira bere ibilbidean zehar gehien erabili dituen materialak, baina hirurogeita hamarreko hamarkadatik Aurrera altzairua da ohikoena. Ezagutzen dituen materialak dira, altzairu fabrika batean lan egin baitzuen ikasten ari zen bitartean gastuak ordaindu ahal izateko. Hala ere, Serrarentzat, bere obren funtsezko materiala espazioa da. Honela dio berak: “Niretzat espazioa material bat da. Espazioa egituratzea beste gai batzuen artetik nagusitu da. Eskulturaren forma, espazioa bereizteko erabiltzen saiatzen naiz”(2).
Bihurritu eliptikoak (Torqued Ellipses, 1996–) amaitu gabeko seriea da. Denboaren materia instalazioak bi pieza ditu serie horretakoak, Serraren hiztegi artistikoari lotuta baina bere aurreko obrarekin eten nabarmena adierazten duena. Espazioaren fisikotasuna artista honen kezkarik nagusietako bat izan den arren, obra hauetan espazioa material bihurtzen da. “Bihurritu eliptikoen aurreko obrarik gehienetan, manipulatzen ari nintzen materialaren artean itxuratzen nuen espazioa, eta obraren neurrian eta kokapenean jartzen nuen nire arreta, emandako testuinguruarekin erlazioan. Obra hauetan, aitzitik, hutsunearekin hasi nintzen, espazioarekin alegia, azala aurkitu ahal izateko barrutik kanporantz hasi nintzen, ez kanpotik barrurantz”(3). Bihurritu eliptikoetan, altzairua kurbatu egiten da hutsune eliptikoak biltzen dituen azal gisa jarduteko. Izan ere, Serrak berak “errezeptakulu” izena eman die. Altzairua bihurritu egiten da barrunbe eliptikoen epidermisa eratzeko.
Serrak leku jakinetan kokatzeko sortzen ditu bere eskulturak, bai aire zabalean bai galerietan edo museoetan. Instalazioko piezak, besteak veste hainbat bihurritu eliptiko eta espiral bihurritu,Frank Gehry arkitektoak diseinatutako Guggenheim Bilbao Museoko eraikinaren aretorik handienerako sortuta daude. Serrarentzat obra horiek kokatu ahal izateko leku bakarra da munduan. Horrela sortu ditu zortzi eskultura horiek, hartzen duten espazioa ere biltzen duen sentsazio orokorra sorrarazteko. Obrak beren ingurune arkitektonikoarekin elkarrizketan daude espazio hori berriro definitzeko. Areto handi horretan sartzean, bisitaria eskulturan barneratzen da. Izan ere, aretoaren espazio luzea obren eremu espazialaren osagai da.
1. Richard Serra. Erak. kat. Richard Serra. Eskultura 1985–1999. Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbao, 1999ko martxoaren 27tik urriaren 17ra, 59. or.
2. Ibid., 57. or.
3. Lynne Cooke eta Michael Govan. "Interview with Richard Serra", Richard Serra: Torqued Elipses. Dia Center for the Arts, New York, 1997, 13. or.
Preguntas
Adierazi itzazue altzairuz fabrikatzen diren objektuak edo osagaiak. Zeintzuk dira material honek dituen ezaugarriak? Zeintzuk dira gogorarazten dizkizuen nolakotasunak? Altzairu herdoilkorra aldatu egiten da kolorez denborak aurrera egin ahala. Zer eskaintzen dio materialaren portaera horrek obrari? Zergatik aukeratu ote du Serrak altzairu herdoilkorra bere eskulturak egiteko? Zer iradokitzen dizue urteak igaro ahala altzairu mota honetan eragina duen kolore aldaketak?
Erakutsi ikasleei Denboraren materia instalazioaren irudiak eta galdetu: zeintzuk dira materialaren gainazala deskribatzeko erabiliko zenituzketen hitzak? Zer esan nahi du artistak obra hauen funtsezko materiala espazioa dela dioenean? Zergatik nahi ote du artistak espazioa bere obretan barne hartu? Instalazioa bisitatzen duzuenean, identifikatu itzazue eskulturaren osagai diren espazioak, bere barrualdean nahiz kanpoaldean.
Serrak asmatzen du obra baina, dituen neurriengatik, pisuagatik eta ezaugarriengatik, kolaboratzaileak behar izaten ditu bere ideia gauzatu ahal izateko. Zer iruditzen zaizue Serraren lan prozesua? Zeintzuk dira dituen alde onak? Eta eragozpenak? Zergatik aukeratu ote du horrela lan egitea?
Zeintzuk dira zuen ustez eskulturaren ohiko materialak? Eta arkitekturarenak? Eta ingeniaritzarenak? Zeintzuk izan daitezke guztietan bat datozen materialak? Zeintzuk dira diziplina baten eta bestearen materialak trukatzearen alde onak eta txarrak?