Artelanaren eta ikuslearen arteko harremana
“ Pieza hauek denbora bizkortua dute, baita denbora aztoratua ere. Ez da beste inongo esparrutan inplikatu izan naizen denbora mota. Eta zentzu horretan eten bat dago denbora arruntaren eta pieza hauetan esperimentatzen dugunaren artean. Ez dut esoteriko itxurarik eman nahi, baina horrela da. Denboran nahasitako jauzi antzeko bat da. Ez da lineala; ez da narratiboa. Baina horrela gertatzen da beti artearekin. Arteak harreman jakin bat eraikitzen du denborarekin, beste eremu batzuetan sortzen ez den harremana”(1).
Sarrera
Denboraren materia instalazioak eskultura esperimentatzera gonbidatzen du bisitaria, eskulturan zehar, bere barruan eta inguruan ibiltzean. Piezak progresiboki daude antolatuta aretoan, nahiko sinplea den elipsetik hasi eta espiral baten konplexutasunera arte. Izenburua, Denboraren materia, pertzepziozko denborari edo denbora estetiko, emozional edo psikologikoari dagokio. Denbora hori desberdina da pertsona bakoitzarentzat, espazioan barrena egiten dugun mugimenduaren araberakoa da. Irakaslearentzako dokumentazioa Instalazioa bisitaria aretoan sartu ahala eskulturen espazioan barneratzeko moduan dago antolatuta. Piezak kokatuta dauden moduari esker — sinpleenetatik konplexuenetaraino— Richard Serraren (San Francsico, AEB, 1939) eskulturek izan duten bilakaera antzeman daiteke. Bisitaria nora jo jakin gabe barneratzen da pasabide desberdinetan —estuak eta zabalak, konprimatuak eta zabalduak, itxiak eta irekiak—. Badaki non izan den, ez ordea norantz doan, berak egin behar baitu bidea. Ez dago formula berezirik obra zeharkatzeko, pertsona bakoitzak desberdin esperimentatzen du. Ez dago ikuspegi finkorik, aurrez ezarritako ibilbiderik, ikuspuntu bakarrik. Obretan sartu ahala, galdu egiten da erreferentzia eta ez dakigu zer dagoen aurrean, pertzepzioa beti da zatikatua. Bigarren solairuko balkoitik begiratuz gero, espazio osoaren ikuspegi panoramikoa izango dugu, eskulturen kokapen zehatza agerian uzten duena. Hala ere, artistaren hitzetan, “obren altxaera partzialki ezkutatuta geratzen da beti”.
Instalazioan bi Bihurritu eliptiko (Torqued Ellipses, 1996–) daude. Ikasleei bihurritu eliptiko bat zer den azaltzeko, eskatu iezaiezu zoruan kokatutako obalo bat edo elipse bat imajinatzeko eta gainean, airean, tamaina eta erradio bereko beste bat, baina ,esaterako, zoruarekiko 60º biratuta. Ondoren, imajinatu dezatela bi obaloak inguratu eta elkartzen dituen xafla bat. Emaitzazko forma obra hau da. Bi bihurritu eliptiko mota daude, bakuna eta bikoitza; azken hau bi bakunez eraturik dago, bata bestearen barnean. Kanpoaldetik begiratuta antzeman daitekeenez, ez dute inolako lerro bertikalik goranzko mugimenduan. Barrualdetik ibiltzean paretak barrurantz makurtzen dira batzuetan eta kanporantz besteetan, hurbilduz eta urrunduz. Altzairuzko xaflak tolestu egiten dira erabateko tentsioa lortzen duten arte, eta espacio eliptikoa biltzen duen azala eratzen duten arte. Aurretik ez arkitekturan ez eskulturan existitzen ez zen forma geometrikoa da. Forma berritzaile honek erabateko itxura malgua eta bizia ematen dio altzairuari.
Bai Bihurritu eliptikoak bai Espiralak etengabe mugitzen ari direla ematen du eta ikuslea sartu egiten dute mugimendu horretan. Mugimendua beren ardatzaren baitan egindako birak osatzen du, pieza oinarritik hasi eta gorantz bihurritzea eragiten duena bere erradioa aldarazi gabe. “Forma bihurrituak dira, eta forma horien barruan sartzen garenean mugitu egiten gara beren bihurdura ulertzeko, eta mugitzen garenean forma horiek ere mugitu egiten dira. Hala, formak harrapatzen saiatzen aritzen gara momenturo”(2). Obra hauek veste batzuen eboluzioa adierazten dute, Sugea (Snake, 1994–97) obrarena adibidez, zeinetan sekzio konikoa den oinarrizko eraikuntza-unitatea.
Ikasleei sekzio konikoa azaltzeko, eskatu iezaiezu loreontzi formako espazio baten barruan daudela imajinatzeko (paretak kanporantz makurtzen dira) edo lanpara baten pantaila formako espazio baten barruan (paretak barrurantz makurtzen dira). Bi kasuetan kono baten zati bat dira, alderantzikatua edo zuzena, eta beren bi oinarrien zirkuluak duen erradioa desberdina da. Altzairuzko xafla batzuk elkarren segidan kokatzean, bakoitza norabide jakin baterantz makurtuta, sentsazioa hauxe da, loreontzi baten formaren barruan ibiltzen ari garela eta, ondoren, lanpara baten pantailaren egituraren barruan. Horrela, mugimendu bat sortzen da pasabide formako sekzio koniko baten luzapenak eraginda. Sekzio konikoa askotan erabili izan da arkitekturan; baina ez hainbeste Bihurritu eliptikoen edo Espiralen eraikuntza-unitatea, non erradioa ez den aldatzen eta lerro bertikal
Garapen horren amaierako bi obrak toruen sekzioetan —flotagailu edo donuts baten forma duten azalerak— eta esferen sekzioetan oinarrituz sortuta daude. Forma horiek konbinatu egiten dira ikuslearen mugimenduan eta pertzepzioan efektu desberdinak eragiten dituzten espazioak eta paisaiak sorraraziz. Obrak eraldatu egiten dira ustekabean bisitariak zeharkatzen eta inguratzen dituen bitartean, mugitzen ari den espazioaren sentsazio zorabiagarria eta ahaztezina eraginez. Izenburua, Denboraren materia, batetik, bisitariak instalazioa hasieratik amaierara arte zeharkatzeko eta behatzeko behar duen denbora kronologikoari dagokio; eta, bestetik, esperientziaren denborari edo iraupenari, berriro konbinatzeko iraungo duten oroitzapen zati fisiko eta bisualei. Eskulturarekiko esperientziaren pertzepziozko denbora da, edo denbora estetikoa, emozionala edo psikologikoa. “Esperientzia hori zer izango den, pertsona bakoitzak leku, espazio, denbora, kokapen... desberdinei buruz ezagutzen duena gogoratzeko duen ahalmenaren menpe dago”(3). Serrari pertzepzioaren esperientzia interesatzen zaio; espazioan eta denboran barrena mugitzearen araberakoa. Eskultura hauek kanpotik begiratzean ezin da igarri zein forma duten barruan; izan ere, ikuslea eskulturaren mugimenduan sartzea eskatzen dute, eskultura inguratu eta bere osotasunean ezagutzeko. Artistarentzat, obraren azken esanahia esperientzia aberastu eta aldaketak eragin ditzakeen moduan datza: “Ez nuke nahi Bilboko nire obra besterik gabe produkzio estetiko bat gehiago balitz bezala hartzea. Ideia anitzak dituen jendearentzat erreferentziazko leku bihurtzen bada eta nire eskultura beren buruak topatzeko aukera ematen dien esperientzia baldin bada, primeran. Instalazio hau espazio publiko bat izatea nahi nuke, irekia, edozein etortzeko modukoa, batik bat gazteak. Baina baldin eta formaren ikuspegitik obra berritzailea ez bada, ezer ez da aldatuko. Formalki berritzailea behar du izan, pertzepzioak, emozioak eta esperientzia aldarazteko”(4).
1. Richard Serra. R. Serrari egindako elkarrizketa, Richard Serra. Eskultura 1985–1999. Erak. kat. Guggenheim Bilbao Museoa, 1999ko martxoaren 27a–urriaren 17a, 212. or.
2. Ibid., 210. or.
3. Ibid., 208. or.
4. Hal Fosterrekin elkarrizketan, 2004ko urria–azaroa
Preguntas
Inoiz egon al zarete eskultura baten barruan? Nolakoa izan zen esperientzia? Nola imajinatzen duzue sentituko zenuketena Serraren obra hauen barrutik ibiltzean? Zergatik nahi ote du artistak gu bere eskulturen barrutik eta inguruan ibiltzea? Zer eskaintzen du bere barrutik ibiltzeko aukera ematen duen eskultura batek?
Marraztu arbelean kono bat zabalduta. Koloreztatu ezazue bere gainean sekzio bat: zabalduta dagoen loreontzi baten edo lanpara baten pantailaren antzeko forma sortuko da. Nola sentituko zinatekete loreontzi erraldoi baten barruan? Aldiz, lanpara erraldoi baten pantailaren barrualdetik ibiliko bazinete, ibilbide osoan zehar paretak zuen aldera makurtuko lirateke. Nola sentituko zinatekete orduan?
Marraztu bihurritu eliptiko bat, elkarren parean dauden bi elipsetan oinarrituta. Zer iradokitzen dizue forma horrek? Bilatu itzazue forma hori deskribatzen duten adjektiboak. Zergatik interesatzen ote zaio artistari forma horrekin lan egitea? Museoa bisitatzean, eskulturatik ibiltzean forma barrualderantz, hau da, zuengana makurtzen dela ikusiko duzue, baita kanpoalderantz ere, zuengandik urrunduz. Nola sentituko zinatekete bere barruan?
Azkenik, marraztu arbelean espiral bat: hasi puntu batetik eta marraztu lerro kurbatu bat, puntuaren inguruan biratzen dena eta bertatik gero eta gehiago urruntzen dena. Konparatu ezazue aurreko formekin. Nola sentituko zinatekete espiral baten barruan?
Bisitaldiaren egunean eskatu ikasleei instalaziotik ibiltzeko, bai kanpoaldetik bai barrualdetik. Obra aztertu dutenean, eskatu iezaiezu esaldi batzuk idazteko eskulturekin elkarrekintzan aritu diren bitartean izan duten esperientzia deskribatuz: zein pentsamendu eta sentsazio izan duzue espazioan barrena ibili zareten bitartean? Zerk eragiten ditu sentsazio horiek zuen ustez? Eskatu ikasleei erantzunak ozen irakurtzeko. Zeintzuk dira erantzunen artean topatu dituzuen antzekotasunak eta desberdintasunak?
Aretoa sakonetik arakatu ondoren, igo zaitezte bigarren solairuko balkoira eta begiratu obrak goitik.Nola aldatzen da zuen pertzepzioa obrak goitik ikustean? Zein da nahiago duzuen esperientzia? Eztabaidatu zuen lehentasunak. Bilatu denbora deskribatzen duten adjektiboak. Iruzkindu izandako esperientziaren araberadenboraren pertzepzioa aldatu daitekeen modua eta nola gerta daitekeen objektiboki oso laburra den unea oso luzea balitz bezala sentitzea. Izan al duzue inoiz halako sentsaziorik? Eta alderantziz? Elkarri adierazi izan dituzuen esperientziak.
Bihurritu eliptikoa, arkitekturan eta eskulturan lehendik inoiz existitu ez den forma da. Zerk bultzatu ote du Serra forma hori asmatzera? Zergatik erabiltzen du hain forma berritzailea bere eskulturetan?
Iruzkindu izenburua: Denboraren materia: zer iradokitzen dizue? Zergatik aukeratu ote du artistak? Zeintzuk dira obra honetarako egokiak iruditzen zaizkizuen bestelako izenburuak?