8. konposizioa
"Kolorea da tekla. Begia, mailua. Arima, soka asko dituen pianoa da. Artista da eskua, zeinak tekla hau edo bestea sakatuz, gizakiaren arima egoki dardararazten duen." 1
Vasili Kandinski (1866–1944). 8. konposizioa (Komposition 8), 1923ko uztaila. Olio-pintura mihise gainean, 140 x 201 cm. Solomon R. Guggenheim Museum, New York, Solomon R. Guggenheim fundazioaren bilduma, 37. 262 dohaintza.
Sarrera
Kandinski Moskun jaio zen 1866an eta haurtzaroko lehen urteak Odesan igaro zituen. Gurasoek txikitatik irakatsi zioten musikarekiko zaletasuna, eta horrek eragina izan zuen bere lanetan, baita bere margolanak inprobisazio, inpresio eta konposizio izenekin izendatzeko moduan ere.
1895ean, erakusketa inpresionista bat bisitatu zuen Kandinskik, eta Moneten Belar-meta Givernyn margolana ikusteko aukera izan zuen. Geroago, honako hau esan zuen: “Katalogoaren bidez jakin nuen belar-meta bat zela. Desilusioa hartu nuen ez ohartzeagatik. Baina, halaber, artistak modu zehaztugabean margotzeko eskubiderik ez zuela pentsatu nuen. Lausoki, jakitun nintzen objektua ez zela margolanean ageri”. Geroago, Kandinskik, abokatu ikasketak egin ondoren, Moskutik alde egin eta Munichera jo zuen arte ikasketak hasteko asmoz. Kandinskik XX. mendean eragin handiena izan zuten mugimendu artistiko polemikoetako batzuetan parte hartu zuen, horien artean, Der Blaue Reiter taldean (Zaldizko urdina); Franz Marc artistarekin batera sortu zuen taldea 1911n. “Kafetegi batean eserita geundela bururatu zitzaigun izena… Biek atsegin genituen gauza urdinak: Marcek zaldi urdinak zituen gustuko; nik, zaldizko urdinak. Izena, beraz, berez sortu zen” (Will Grohmann, Wassily Kandinsky: Life and Work. Harry N. Abrams, New York, 1958, 78. orrialdea).
Kandinskik ustekabean arte ez-figuratiboa deskubritu zuen 1910eko egun hura gogoratzen du bere memorietan. Etxera itzultzean, eguzkia jada sartua zela, harritu egin zen estudioan sartu eta “barrutik argia barreiatzen zuen margolan eder eta deskribaezina” ikustean. “Formak eta koloreak” besterik ez zituen bereizi, “baina inolako esanahirik gabe”. Berehala ohartu zen, ordea, zeharka jarritako bere margolanetako bat zela. Handik denbora gutxira, arte modernoaren baitako lehen artelan erabat abstraktutzat jo ziren margolanak egiten hasi zen: ez ziren mundu fisikoko objektuetan oinarritzen eta musika zuten inspirazio eta izenburu.
1912an, Espiritualtasuna artean argitaratu zuen. Abstrakzioari buruzko lehen itun teoriko honek, koloreak artistaren kontu psikologiko zein espiritual intimoenak jakinarazteko zuen ahalmena aztertu zuen. Artistaren ospea AEBetan finkatu zen behin betirako, bertan erakusketa ugari egin zituelako, bai eta Solomon Guggenheimekin izandako harremanari esker ere, bere jarraitzaile sutsuetako batean bilakatu baitzen.
1929ko udaberrian, Solomon eta Irene Guggenheimek bidaia egin zuten Europara Hilla Rebay artistarekin batera. Geroago, Guggenheim Museumaren lehen zuzendaria izan zen Rebay. Kandinskik Dessaun (Alemania) zuen estudioan artista ezagutu ondoren, 8. konposizioa artelana erosi zuen Guggenheimek, bere bilduma osatuko zuten Kandinskiren 150 baino artelan gehiagoren arteko lehena.
8. konposizioa obra gerraosteko produkzioaren une gorena zela uste zuen Kandinskik. Obra honetako zirkulu, triangelu eta lerroz osatutako elementuek beren artean elkarri eragiten dioten forma geometrikoen azalera eratzen dute. Margolan honetan zirkuluek duten garrantziak iragartzen du, nolabait, artistaren ondorengo artelan askotan izango zuten nagusitasuna.
Kandinskik garatutako estilo abstraktuak abangoardia errusiarraren esperimentu artistiko utopikoak islatzen ditu. Hainbat artisten artean, besteak beste, Kazimir Malévichek bultzatu bezala, forma geometrikoak azpimarratuz hizkuntza estetiko unibertsala bilatzea zuen xede artistak. Kandinskik Suprematismoaren eta Konstruktibismoaren alderdi geometrikoetako zenbait bere egin bazituen ere, forma abstraktuen eduki adierazkorrean sinesteak desberdindu zuen errusiar herrikideengandik. Kandinskiren obrak abangoardia errusiarren artea eta abstrakzio lirikoa uztartzen zituen, konposizio-elementu biziak erantsiz, besteak beste, mendiak, eguzkia eta atmosfera, betiere paisaiari erreferentzia eginez. Gatazka horren ondorioz itzuli zen Alemaniara. 1922an, Bauhauseko irakasleen klaustroko kide bilakatu zen Kandinski, bertan giro ulerkorragoa topatuz. Irakasle aritu zen bertan 1933ra arte, Gobernu naziak, “arte gizagalduaren” garbiketa izenekoaren baitan, Bauhaus itxi eta Kandinskiren artelanetatik 57 konfiskatu arte.
[Nancy Spectorren saiakera baten egokitzapena (Nancy Spector, Guggenheim Museum Collection A to Z. Guggenheim Museum Publications, New York, 2001, 387. orrialdea).]
1. Vasili Kandinski, B. Espiritualtasuna artean, 1911, 54. orrialdea (“Pintura”: “Kolorearen efektuak”).
Preguntas
Margolanaren izenburuak, 8. konposizioa, musikarekiko lotura iradokitzen du. Eskatu ikasleei imajinatu dezatela irudi horretatik sortutako soinuak entzuteko gai direla. Zer entzun ahal izango lukete? Zein motako musika iradokitzen die 8. konposizioa lanak? Eskatu obra musikal horrek izango lituzkeen ezaugarrietako batzuk deskribatzeko. Zergatik?
Ikasleek artelana aztertu bitartean, jar ezazu grabatutako zenbait musika moten aukeraketa bat. Esan iezaiezu margolanarekin hobekien bat datorren obra musikala aukeratzeko.
Obraren alderdiek erreferentzia egiten al diote, nolabait, ikus daitekeen munduko gauzei? Artistak erabat asmatutako atalak al ditu? Edo gerta liteke bi unibertso horien arteko konbinazioa izatea? Eskatu ikasleei beren inpresioak azaltzeko.
Eskatu Kandinskik artelan honetan kolorea erabiltzeko modua deskribatzeko. Aldartea, sentimendu bat, sentipen bat edo leku zehatz baten ideia transmititzen ote du? Paleta hori (edo koloreen konbinazioa) norberaren oroitzapen edo esperientziaren batekin erlazionatzen dute?
Kandinskik forma, lerro eta kolore anitz erabiltzen ditu margolana sortzeko. Eskatu ikasleei zerrenda ditzatela artistak margolan hau sortzeko haien ustez jarraitutako urratsak eta erabilitako baliabideak.
Kandinskik margolanari 8. konposizioa izena jarri bazion ere, ikasleek zerrenda bat osa dezatela margolan honentzat egokiak izan daitezkeen bestelako izenburuekin.