Sol-LeWitt

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako Artelanak

1997an inauguratu zenetik, Guggenheim Bilbao Museoa arte garaikideko lanen Bilduma esanguratsua osatuz joan da eta, bertan, XX. mendearen bigarren zatian artearen historian gailendu diren artistarik esanguratsuenetako batzuen lanak —batez ere estatubatuarrenak, europarrenak eta euskaldunenak— eta egungo panoramako sortzaileen lanak elkartu ditu.

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumaren obra enblematikoenetako batzuk kanpoaldean eta Museoan arkitektura aldetik ikusgarrienak diren aretoetan kokatzen dira.

Zero
Sala ZERO | Guggenheim Bilbao Museoa

Zero

Atondoa

Bisitaldia ZERO aretoan hastea gomendatzen dizugu, lengoaia bisualaren eta eszenografia harrigarriaren bitartez murgiltze-esperientzia berezia eskaintzen baitu.

ZERO atondoan dago, eta publiko guztiei egiten die ongietorria Museoaren eta ingurumarien historia, Frank Gehryren eraikina bera eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma modu sentsorialean azalduz.

Denboraren materia
La Materia del Tiempo | Richard Serra | Guggenheim Bilbao Museoa

Denboraren materia

1. solairua, 104 aretoa

Richard Serraren Denboraren materia, 1994–2005 instalazioa bere osotasunean igarotzean denbora eta espazioa esperimentatu daitezke, baita aktibatu ere.

Zortzi eskultura erraldoiz osatutako multzoa 104 aretorako berariaz sortua da. Piezak egitea erronka itzela izan zen —punta-puntako teknologiari esker lortu zen—, eta instalatzea ere oso konplexua izan zen, altzairuzko plantxak ikaragarri astunak baitira eta haien gainazala, berriz, oso hauskorra.

Aretoaren bukaeran hezkuntza-gune bat ikusiko duzu, eta, bertan, erakusgai dauden obren maketak aurkituko dituzu, baita artelanak nola instalatu zituzten erakusten duen ikus-entzunezko bat ere, besteak beste. Ez utzi ikusi gabe!

Richard Serra
Denboraren materia (The Matter of Time), 1994–2005
Altzairu herdoilkorra
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa

Artelan iraunkorrak eta kokapen zehatzekoak
Fuente de fuego | Yves Klein | Guggenheim Bilbao Museoa

Artelan iraunkorrak eta kokapen zehatzekoak

Ataria, terrazak, kanpoaldea

Frank Gehryk diseinatutako eraikinaren barruko zein kanpoko espazioekin hartu-emanean ageri zaizkigun kokapen zehatzeko artelanak Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako parte garrantzitsua dira.

104 aretoan dagoen Richard Serraren Denboraren materia (1994–2005) instalazio bikainaz gain, Atriotik Jenny Holzerren Bilborako instalazioa (1997) ikus daiteke 101 aretoan: bederatzi zutabez osatutako artelana da azken hori, led gorri eta urdinen bidez artistaren jatorrizko testuak turrustan isurtzen dituena.

Museoko terrazatik Eduardo Chillida, Louise Bourgeois nahiz Anish Kapoor artisten obrak ikus daitezke, kanpoaldean kokatuak. Kanpoan daude, halaber, Fujiko Nakaya, Daniel Buren eta Yves Klein artisten piezak, aldizka abiarazteko programatuta.

*Eskaneatu QR kodea aretoetan, eskuratu entzuteko gidak doan mugikorrean eta gozatu bisitaldiaz.

Yves Klein
Su-iturria (Fire Fountain), 1961
Sua
Kokapen zehatzeko neurriak
Guggenheim Bilbao Museoa

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak
Titulurik gabea | Mark Rothko | Guggenheim Bilbao Museoa

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak

Hirugarren solairuan, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak erakusketa dago ikusgai. Erakustaldiak XX. mendearen bigarren zatiko eta XXI. mendearen hasierako mugimendu nabarmenenetako batzuk ezagutzeko aukera ematen du Cristina Iglesias, Sol LeWitt edo Mark Rothko bezalako artista garrantzitsuek gure erakundearen funtsetan dauzkaten sorkuntzen bitartez.