Munduan, egun ezagutzen dugun moduan behintzat, aldaketa sakonak gertatzen ari dira politikaren, ekonomiaren, kulturaren eta teknologiaren eremuetan. Diseinuak aldakuntza hauek errazteko, are bizkortzeko, izango duen zeregina atzeman nahi duen guztiak hegoalderantz, Afrikarantz hain zuzen, begiratu behar du. Izan ere, Afrikan aldaketa hauek nabarmenagoak dira; esaterako, 2012. urtean 650 bat milioi sakelako telefono erregistratu zeuden Afrikan, AEBn eta Europan baino gehiago. Aldaketa honen aitzindariak belaunaldi berri bateko pentsalari eta eragileak dira, diziplina anitzak bateratzen dituzten proposamenak egiten dituzten aldetik. Proposamen ezohiko horiek Afrikako kontinentearentzat nahiz mundu osoarentzat baliagarriak dira eta diseinua ulertu ohi dugun modua goitik behera aldatzen dute.
Making Africa – Gaur egungo diseinuaren kontinentea erakusketan hainbat sormen-arlotako lanak ikus daitezke: objektuen eta altzarien diseinua, arte grafikoak, ilustrazioa, moda, arkitektura, hirigintza, artea, eskulangintza, zinema eta argazkigintza; baliabide digital nahiz analogikoak baliatzen dituztenak. Lan hauek, apropos, diziplinen artean dagoen zona lauso hori okupatzen dute eta, hala ere, XXI. mendean diseinuak zer lor dezakeen eta zer lortu behar duen galderei erantzun zehatzak ematen dizkiete. Adibidez, materialak erabiltzeko beste aukera batzuk aurkitzen dituzte; prozesuan emaitzan baino enfasi handiagoa jartzen dute eta etorkizunari buruzko adierazpen ausartak egiten dituzte.