Espazio eta objektua
209. aretoa
Hiri honetako giro arrotza, ezaguna, istorioz beteta dago. Narrazioak hegaz datozkit , edonondik.
Teju Cole, Every Day is for the Thief, 2007
"Hiri honetako giro arrotza, ezaguna, istorioz beteta dago. Narrazioak hegaz datozkit, edonondik."
Cheick Diallo: Sansa
Sansa butakarekin, Maliko diseinatzaileak altzairuzko aulki xume, iraunkor eta moderno baten fabrikazioaren atzean dagoen prozesua erakutsi nahi du.
Hasieratik, aulki gehienak bere jatorrizko kontinentean fabrikatzea erabaki zuen Diallok, eta Sansaren fabrikazio-prozesuak konpromiso horren ondorioak azaltzen ditu. Diseinatzaileak oztopo askori egin zien aurre. Behar zituen materialak ahalegin handia eginez eskuratu eta prozesatu zituen, eta butaka egin ahal izateko enpresa-gaitasunak garatu behar izan zituen. Sansaren osagai nagusia normalean arrantza-industrian erabilitako lokarria da. Diallo ez da material hau modu berritzailean erabiltzen duen aurrena, eta objektu soiletarako lokarria berriro erabiltzeko tradizio luzean inspiratu dela aitortzen du. Diallok eskulangileekin batera lan egin zuen kolore askotariko lokarrian nylon-haria ehunduz eta lotuz butaka deigarri bat sortzeko. Bere arintasuna egonkortasunarekin eta estilo moderno batekin uztartu zituen.
Bodys Isek Kingelez: Kongoko izar gorria (Étoile Rouge Congolaise)
Kongoko izar gorria (Étoile Rouge Congolaise) Bodys Isek Kingelezen Kongoko artistaren eredu arkitektoniko futuristetako aurrenetakoa izan zen.
Xehetasun handiko obra koloretsua, batez ere, paperez, kartoiz, estireno-aparrez, erabilitako enbalajez eta aurkitutako beste zenbait materialez egina dago. Izar gorria eraikin futuristaren izenean azaltzeaz gain, teilatua ere apaintzen du. Kingelezen paisaia hiritarrek –gizarteari buruz artistaren ideal sozialistak irudikatzen dituzte– Mendebaldeko hiri otzanduaren, "aireportu" txepelaren, eta merkatu turistikoetan eta aireportuetako dendetan aurki daitezkeen oroigarrien artearen gaitzespena erakusten dute. Aldi berean, bere hiri-ereduak gehiegizko eraikuntza-proiektuen aurrean duen erreakzioa dira. Proiektu horiek –Mundu Bankuak finantzatuak eta herritarren beharrak kontuan hartu gabe– toki askotan etorkizunik izango ez zutela iragartzen zuten, baita proiektuak amaitu aurretik ere. Etorkizuneko Afrikarako komunitatean oinarritutako bizitza hiritar baten prototipo gisa ulertzen ditu Kingelezek bere ereduak. “Nire arteak komunitate bat suspertzen lagundu dezan eta, azkenik, mundu berri bat sortzera bultzatu dezan nahi dut”, adierazi zuen artistak. “Gure munduaren alaitasunak, bertan bizi diren pertsonek baldintzatzen dituzte, azken batean. Hiri hauek bakez, justiziaz eta askatasunez beteak egoteko eraiki ditut. Estatu sekular txiki moduan funtzionatu behar dute, euren egitura politiko propioekin, eta polizia eta armadarik gabe”.
Mikhael Subotzky, Patrick Waterhouse: Ponte City
Mikhael Subotzkyren eta Patrick Waterhouseren proiektu bateratuak Johannesburgeko Ponte City etxe orratzaren bizitza eta giroak dokumentatzen ditu.
2008. eta 2010. urteen artean sortutako artelan honetan, argazkilariek Afrikako apartamentu-eraikin altuenari argazkiak modu goxoan eta indartsuan egin dizkiote. Eraikin zirkular honek 54 solairu eta 173 metroko altuera du. 1975ean eraikitako Ponte City Johannesburgeko eraikin modernoenetakoa izan zen, baina, apartheid-a amaitu zenean, erortzeko zorian geratu eta eraldatu egin zuten. Leiho asko puskatuta daude eta, duela gutxi arte, patioa zabortegi erraldoi gisa erabiltzen zuten. Kriminalitate-tasa handia egon eta birgaitzeko planek huts egin arren, Ponte Cityn oraindik jendea bizi da. Bertako bizilagunak, beren aztarna eta nahiak dira Subotzkyren eta Waterhousen epe luzeko proiektuaren oinarri. Bi urtez eraikineko leiho, apartamentu-ate eta telebista bakoitzaren argazkiak atera zituzten. Beranduago, seiehun irudi hiru argi-kutxa diferentetan bateratu zituzten, solairu bakoitzaren eta apartamentuen kokapenen ordena zehatza errespetatuz. Eraikin honetako bizilagunen eta egituraren barruko, kanpoko eta irudimeneko ikuspegiak bateratzen dituen mosaiko-estiloko argazki bat sortu zen. Argazki honek beste edozeinek baino hobeto irudikatzen ditu Hegoafrikako jendeak eta historia.