Ni eta Gu
206. eta 207. aretoak
Afrikako gizartean eta kulturan gertatzen diren aldaketak, baina, ez dira munduko joeren kopia hutsa. Horren adibide ditugu loratzen ari diren zenbait azpikultura, adibidez, Botswanako heavy metal giroa eta Kongoko Errepublikako sapeur gizonak. Bi taldeak Mendebaldeko estiloaz baliatzen dira —larrua eta tatxetak eta jantzi dotoreak eta Panama kapelak—, baina kode estetikoak beste modu batean ulertzen dituzte, eta, ondorioz, Afrikakoa baino ez den kultura sortzen dute. Moda sexuen arteko mugak aztertzeko tresna da —sedukzioa eta generoen rolak tartean— eta gutxiengo sexualek adierazpide moduan erabiltzen dute.
Bidaiatzen dudan munduan zehar, behin eta berriro sortzen dut nire burua.
Frantz Fanon, Peau noire, masques blancs (Azal beltza, mozorro zuriak), 1952
"Bidaiatzen dudan munduan zehar, behin eta berriro sortzen dut nire burua."
Clam Magazine aldizkaria
Clam gizon eta emakumeentzako aldizkaria da; moda, arkitektura, musika, diseinua, artea, aisialdia, bidaiak, ekintza sozialak eta diseinu afrikarrari buruzko ideiak adierazteko gunea eskaintzen du. Sortzaileen iritziz, aldizkaria irudiak aurkezteko eta partekatzeko eta horiei buruz eztabaidatzeko foro bat da.
Clam Studio-k argitaratzen du Clam aldizkaria Parisen; irudiaren, diseinu grafikoaren eta publizitatearen kontzeptuak garatzen ditu bezeroentzat. Azken 11 urteetan, aldizkariaren bi ale argitaratu dira urtean, Japonian, AEBn, Europan eta Brasilen. Hainbat hizkuntzatara itzuli da eta pertsonaia interesgarri ugariren informazio eta erreportajeak eskaintzen ditu.
Sortzaileen esanetan: “Aldizkariaren asmoa benetan gustuko ditugun gauza horietaz hitz egitea zen. Egiten dugu gustuko dugulako egitea. Ez gara moda-joerez arduratzen. Baina pentsatzen dut moda-aldizkaria ere badela, nahiz eta, berez, modu bisualean aurkeztutako sormenari buruzko aldizkari bat izan. Ekintzaile sozialak, berrikuntza eta gai askoz gehiago ere lantzen ditu; baina hori guztia ikuspegi oso gizatiarretik egiten da”.
J.D. ‘Okhai Ojeikere: Orrazkerak (Hairstyles)
J.D. ’Okhai Ojeikere argazkilari nigeriarrak bere Orrazkerak (Hairstyles) seriean lan egin zuen hainbat hamarkadatan: emakume nigeriarren buruak artelan bihurtu zituen.
Berrogei urtez, Ojeikerek ile-apainketa nigeriarraren aniztasuna ia 1.000 argazkitan dokumentatu zuen. Horretarako, herrialdearen eboluzio estetikoa eta Nigeriako ile-apainketa sektorearen kultur aniztasun zabala ilustratzen dituen artxibo historikoa sortu zuen. Argazki hauek kalean, bulegoetan eta festetan atera zituen. Irudiek oso patroi sistematikoa jarraitzen zuten: zuri-beltzeko argazkiak goitik eta, batzuetan, soslaiz ateratzen zituen. Horrela orrazkeraren abstrakzio handia eta itxura eskulturala nabarmentzen dira. Lanean ari ziren bitartean, artelan hauen sortzaileak –ile-apaintzaileak– begiratzea gustatzen zitzaion Ojeikereri, eta ateratako argazkiak profesional horien lanak eskulturan eraldatzeko erabiltzen zituen.
Mario Macilau: Trantsizio-uneak (Moments of Transition)
Trantsizio-uneak (Moments of Transition) seriearen bitartez, Mario Macilau argazkilaria gaur egungo gazte mozanbiketarren nortasun-bilaketa jasotzen saiatzen da.
Argazkiak igandetan atera ditu, hirietako gazteek nahi duten bezala janzteko eta jarduteko denbora eta aukera duten egunean, elkarrekin giro lasaian egoten direnean. Jantzien estiloa beti aldatzen ari den moda hiritarraren eta jantzi tradizionalaren arteko nahasketa da, eta txunditu nahi izateko etengabeko lehia sortzen da, baita dotoretasuna etengabe berritzen ari dela frogatzeko beharra ere. Maputoko gazteek, jantziak eta jarrera aukeratzean, besteak txundituta utzi baino zerbait gehiago nahi dute. Euren estiloak taldean leku bat ziurtatzeko ahalmena ematen die, nortasun pertsonal bat sortuz eta nortasun hori munduari transmitituz. Gazte-mugimendu honetan Mendebaldeko modak eta bizimoduak eragin handia dute. Europatik Mozambikera itzultzen diren ikasleek modaren industriaren joera berriak dakartzate, eta gorantz doan bigarren eskuko merkatuak arropa europarraren eskaera gero eta handiagoa bermatzen du. Hala ere, Macilauren lengoaia bisualak XX. mendearen erdialdean estudioko argazkigintza afrikarrak izan zuen arrakasta ere omentzen du. Argazkigintza mota honek lotura bat ezarri zuen kolonialismoarekiko askatasuna ospatzen zuen 1960ko eta 1970eko hamarkadetako belaunaldiarekin. Belaunaldi honi, gaur egungo gazteria afrikarrari bezala, etorkizun oparoa aurreikusi zitzaion eta, ondorioz, itxaropen horiekin bat zetorren estiloa bereganatu zuen.
MISWudé: Ziralogia (Waxology)
Ziralogia (Waxology) da modari eta bitxigintzari lotutako MISWudé markaren eta Fabrice Monteiro argazkilariaren arteko lankidetzaren emaitza.
Gorputzeko bitxiak kotoi-ehunez eginak daude, argizariz ("wax" ingelesez) tindatzen dira, tiratan mozten dira, teknika diferenteekin prozesatzen dira eta, ondoren, forma ematen zaie. Materialak zein formak eskulangintza afrikar tradizionalari egiten diote erreferentzia. Baina estetikak XVIII. mendeko azterketa anatomikoak ere gogoratzen ditu. Gainera, gorputz-bitxigintzako artikuluek Mendebaldeko Afrikako azpiko arropa sexya bereizten duen erotika finak bezala funtzionatzen dute, gorputza edertu eta, aldi berean, ezkutatu egiten dutelako. Baina, artelana ulertzeko gakoa argizariak (piezari izena ere ematen dio) duen funtzioan dago. Elementu honek –Mendebaldeko Afrikaren industria estetikoan funtsezkoa– Afrikak ez duen subiranotasuna irudikatzen du hemen. Afrikan inoiz fabrikatu ez den eta, gaur egun, Afrikarekin kontsumoaren eta prozesamenduaren arloetan bakarrik lotuta dagoen hedapen kolonialaren produktu bat da. Ziralogia lanean arroparen sorkuntza eta eraikuntzako berrinterpretazioak –moldea eta lotura– haren testuinguru kolonialetik askatzen dute, horrela, identitate estetiko afrikar baten berrasmaketa sinbolizatuz.
Malick Sidibé: Gabon-gaua (Happy Club) [Nuit de Noël (Happy Club)]
Argazki hau 1963ko gabonetan atera zuen Bamako-n, gaueko ordu txikitan beharbada. Hala ondorioztatzen da atzealdean, lurrean, ikus daitezkeen botila hutsak ikusita. Argazkiaren erdian, bikote afrikar bat dantzan ari da. Neska oinutsik dago eta bere soineko onena janzten du. Mutilak mokasinak eta traje zuri dotore bat jantzita dauzka. Buruak elkarrengandik oso hurbil dituzte eta Mendebaldeko musikaren soinuz dantzatzen dute, seguru aski rock-and-roll edo twist.
Argazki harrigarri hau intimitatez, adorez eta bizitzaz beteta dago. Malick Sidibé argazkilariak egin zuen 1960 hamarkadaren hasieran Maliko hiriburuko gau-giro alaian egindako irtenaldietako batean. Norberaz ziur, kolonialismotik askatuta eta mendebaldeko modaren eta festa oparoaren zale amorratua zen afrikarren belaunaldi berri baten bizitza-estiloa harrapatu zuen gutxietako bat izan zen Sidibé: neurrira egokitutako kanpai-galtzak eta plataforma-zapatak janzten dituzten gizon garai eta argalak, minigona distiratsuak eta sandalia modernoak janzten dituzten emakume ederren ondoan. Gazte-kultura berri honetan murgilduta zegoen Sidibék, gauero, hainbat festatan argazkiak ateratzen zituen, goizean bere estudioan errebelatzeko eta hurrengo egunean saltzeko, labetik atera berri diren opilak bezala. "Musikak askatasuna ematen zigun”, aipatu du. “Bat-batean, gazteei neskengana hurbiltzeko eta besoetan edukitzeko baimena eman zitzaien. Lehenago, hori debekatua zegoen. Guztiek nahi zuten hain juntu dantzatzen ikusten zitzaien argazki bat. Eta, gero, irudiak berehala ikusi nahi zituzten!”
Omar Victor Diop: Harrokerien estudioa (The Studio of Vanities)
Harrokerien estudioa (The Studio of Vanities) proiektuaren bitartez, Omar Victor Diopek ikusleari garatze-bidean den Dakarreko eszena artistiko eta kulturala erakusten dio. Horretarako, bere belaunaldiko artista, arte-diseinatzaile, moda-diseinatzaile eta musikari modernoenei argazkiak egiten dizkie.
Emaitza: xarma harrigarria eta liluragarria duten banakako erretratuen bilduma. Diopek arreta handiz aukeratzen ditu atzealdeak eta marrazkiak subjektuaren nortasuna eta kultur erreferentziak nabarmentzeko. Beraz, kenté ehunaren kolorea ondo dator era informalean paratu den Selly Raby Kane moda-diseinatzailearen arroparekin. Mame-Diarra Niang artistaren eta Aminata Faye modeloaren arropak atzealdeko marrazki afrikarrarekin fusionatzen dira. Modu berezi honen bitartez, Malick Sidibé eta Seydou Keïta-n pertsonifikatutako estudio-argazki afrikarraren parte izatera pasatzen da Diop. Teknika modernoez baliatuta egin dituen sorkuntza-lanen bitartez, Diopek argazkilari hauen lan aitzindaria omentzen du. Belaunaldi gazte erakargarri baten irudi harrigarriak sortzera mugatu beharrean, irudi horietan erakutsi beharreko jarreraren, atzealdearen eta osagarrien inguruan Diopek subjektuarekin batera erabakiak hartuz definitzen ditu argazkia ateratzeko prozesuan bertan. Horri esker Diop erretratatutako gizabanakoaren muinera gehiago hurbiltzen da eta, beraz, Dakarren gaur egun aurkitzen dugun kultur panoramaren energia eta ugaritasuna zuzenago irudikatzen ditu.
Wangechi Mutu:
Guztia jatearen ondorioa (The End of Eating Everything)
The End of Eating Everything izena du animaziozko film labur honek, eta Kenyako Wangechi Mutu artista bisualaren eta Santigold sortzaile geldiezinaren arteko lankidetza da.
Filmean, Santigold kantari estatubatuarrak Medusan oinarritutako irudi femenino bat interpretatzen du, eta paisaia post-apokaliptiko batean azaleratzen da. Txori-multzo handi batekin gurutzatu eta irrika handiz irensten ditu; bitartean, gradualki, agerian geratzen joango da zauriz betetako haren gorputz taupakari itxuragabea. Gizakien gorputz-adarrak eta makinen piezak ateratzen zaizkio gorputzetik, eta azaleko poroetatik, ke pozoitsua. Azkenean lehertu egiten da, eta emakume buru asko erditzen ditu. Munstro horrek Lur planeta sinbolizatzen du, eta gizarte modernoaren kontsumo aseezina.
Wangechi Mutuk orain arte egindako sormen-asmakuntza garrantzitsuenetako batzuk konbinatzen ditu filmak. Hor sartzen dira 2005eko Tumoreak saila: minbizia erabiltzen zuen gure izatearen egungo egoeraren metafora gisa. Era berean, Guztia jatearen ondorioa (The End of Eating Everything) lanean, planeta-izakia galduta dago kutsatutako atmosfera batean, eta irentsi behar horrek bere burua suntsitzera eramaten du.