Jatorria eta etorkizuna
203. aretoa
ZINEMA GUNEA
Gune honetan begiztan ematen dira bi film labur; guztiak ere zinemagile gazteek sortu dituzte.
Mende luzetako kolonizazioak eragin handia du Afrikako kulturan. Horren adibide bikaina da Afrikako (Afrika mendebaldeko) ikur bihurtutako oihal mota bat, beste batzuen artean, ankara izenez ezaguna dena. XIX. mende erdialdera Herbehereetako eta Ingalaterrako konpainia batzuek Indonesiako batik ehunen ekoizpena industrializatu zuten, eta Vlisco konpainia merkatu-buru bihurtu zen (gaur egun ere bada). Ez dago argi oihal horiek nola iritsi ziren Afrikara, baina inprimatu koloretsu horiek entzute handia izan zuten, eta ez ziren inoiz xede zen Herbeheeratako merkatura heldu. Gaur egungo diseinatzaile askok ehun hori erabiltzen dute, eta, aldi berean, ahots kritiko askok zalantzan jartzen dute kolonizatzaileen produktu hori onartzearen eta erabiltzearen egokitasuna.
Ez dugu ez Ekialdearen ezta Mendebaldearen alde egiten; aurrera baino ez dugu egiten.
Kwame Nkrumah, Ghanako lehen presidentea, Akkran hitzaldia ematen, 1960
"Ez dugu ez ekialdearen ezta mendebaldearen alde egiten; aurrera baino ez dugu egiten."
KTDA House (Chai House)
2014ko udan eraitsi zuten arte, 1960ko hamarkadako eta 1970eko hamarkadaren hasierako Afrika hiritar eta kolonia ostekoan, une labur eta baikor batean, paper garrantzitsua bete zuen futurismo alaitsuaren begi-bistako azken adierazle eskuragarria zen KTDA Chai House.
Nazio independente baten segurtasuna bera eraikin honetan jartzen zen agerian. KTDA Chai House Nairobiren erdigunean zegoen eta, kafearen ondoren, Kenyaren aberastasun ekonomiko handiena irudikatzen zuen: KTDA te produktoreen taldea da eta eginkizun garrantzitsua izan zuen deskolonizazio-prozesuan. Bulego-eraikin moderno soil baten bidez jarrera aurrerakoia erakustearekin nahikoa ez eta nekazaritza modernoaren ordezkari hauek "plater hegalari" formadun beste eraikin-zati bat altxatzeko atrebentzia izan zuten: zutabe bakar batek eusten duen eraikuntza borobil bat. Eraikinaren eranskinean New Florida Nightclub ezaguna zegoen. Kenyako hiriburuko biztanleak bertara joaten ziren dibertitzera eta euren nazioaren harrotasuna ospatzera. Klubaren azpian zegoen gasolindegiaren ondorioz, eraikinetan ohikoak ez diren hiru motako erabiltzaileak biltzen ziren bertan. Eraikina Manuel Herz arkitekturaren teorialariak lan batean aztertu zuen. Herz Basilean bizi da eta duela gutxi arkitektura afrikar modernoaren analisi sakona egin du.
Ikiré Jones: Our Africa 2081 A.D.
Walé Oyédijé moda-diseinatzaile nigeriarrak zuzendutako Ikiré Jones markaren lehen arrakasta The Escape to New Lagos 2013/2014 udazken-negu bilduma izan zen. Bildumaren proposamenak Olalekan Jeyfous –Vigilism– artistak ilustratu zituen. Artista honek Ikiré Jonesen gizon azkarra eta kosmopolita etorkizuneko leku batera eraman zuen: 2081. urteko Lagosera.
Our Africa 2081 A.D. izenburupean, artelan hau etorkizunean proiektatu zen eta orduz geroztik eboluzionatu duen markaren mito sortzailea izan zen. Orain arte, Afrikako beste metropoli batzuetara zabaldu da: oso ondo ilustratutako sei istorio laburretan, XXI. mendearen amaierako Nairobi, Johannesburg eta Lagosko eszenatokiak agertzen dira. Eszenatoki bakar bat bera ere –utopikoa edo distopikoa den berdin dio– ez da erabat asmatua, eta guztiek dituzte orainaldiarekin benetako lotura batzuk.
Pierre-Christophe Gam: Taali M
Jatorri kongoar, txadar eta egiptoarreko Taali M abeslari frantsesaren web-orria kolorean, soinuan eta erritmoan murgiltzeko esperientzia da.
Bisitaria web-orrian murgiltzen den neurrian zabaltzen diren hainbat eszenatoki ederretan, kantariak gidari-lanak egiten ditu, antzinako emakume apaiza edo erregina gogoratzen duen figura sinboliko eta oroitarazle moduan. Pierre-Christophe Gamek –kantariaren zuzendari artistikoa eta web-orriaren egilea– sortu nahi zuen esperientzia hura Afrikako Erreinu batera telegarraiatzea bezala deskribatzen du. "Kongoko, Dahomeyko edo Maliko erreinuan egon gintezke, XIII. edo XIV. mendeko lekuren batean”, adierazi du sortutako giroei buruz hitz egitean. Bertan sinboloak eta koloreak errepikatu egiten dira esanahi misteriotsuekin, eta estilo moderno batekin berrinterpretatzen dira. Web-orriak Taali Mren musika –1980ko hamarkadaren amaierako ragga, ska eta pop rock-a, kantu eta erritmo afrikar tradizionalekin nahasten du– esperientzia bisual bizian eraldatu nahi du. “Taali Mk etxean egongo balitz bezala sentiaraziko liokeen web-orri bat diseinatzeko eskatu zidan” adierazi du Pierre-Christophe Gamek; gainera, “Taali Mk bere musika, bideoak eta berriak –ametsez eta asmoez gain– partekatu ahal izateko leku bat” sortu nahi zuela azpimarratu du.
Frances Bodomo: Afronauts
Ilargiko norgehiagoka ez zen Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko lehiaketa bortitz bat bakarrik izan. Garai hartan independentzia lortu zuen Zambiak ere espazioko programa handinahia prestatu zuen. Programa hau proiektu pribatu baterako UNESCOri finantziazioa eskatu zioen irakasle batek hasi zuen.
Finantziazioa ez zuen inoiz jaso eta Zambiaren programa ez zen hasierako ideia eta espazioan bidaiatzekoa zen emakumeak jasotako prestakuntza baino haratago joan. Istorio berezi honek Frances Bodomo zinegile frantziar gazteari ideia bat eman zion. Saiakera utopiko txiki honen baikortasun irmoan bereziki interesatuta dagoen Bodomoren ustez, Zambiaren espazioko programa munduan arrastoa uzteko aukera ez duten “bigarren mailako” beste programa globalen adibide argia da. Afronauts film laburrean, irudi harrigarrien bitartez, hain proiektu utopikoa aurrera ateratzeko behar diren indarra eta zintzotasuna deskribatzen dira. Bodomoren helburu da pelikulak Zambiaren espazioko programarena bezalako helburu handinahiak eta zentzugabeak ezartzen dituzten guztientzako inspirazio gisa balio izatea.