Artea ikasbide 2017
2017.06.13 - 2017.09.17
Erakusketa honetara datozenek enkontru emankor batetik sortutako magia dastatzeko aukera izango dute. 2016–17 ikasturtean zehar, 6 eta 12 urte arteko 100 haurrek baino gehiagok artea tresna gisa baliatu dute, Museoko 6 artistaren eskutik. Hainbat gai landu dituzte: familia-eredu desberdinak, besteengandik desberdintzen gaituzten gauzak eta besteekin berdintzen gaituztenak, gizakiak Historiaurretik artea sortzeko baliatu dituen moduak... Aurtengoan, hauek izan dira parte hartu duten artistak: Naia del Castillo, Iñaki Gracenea, Maider López, Manu Muniategiandikoetxea, Jorge Rubio eta Ixone Sábada. Argazkigintza, pintura, eskultura edo performancea baliatu dituzte errealitatea deskubritu, esploratu eta ulertzen saiatzeko, eta prozesuan zehar norberaren eta taldeko adierazpena eta sormen-askatasuna gailendu dira. Erakusketa honekin gure bisitariek abentura zirraragarri honetan parte hartu dezaten nahi dugu.
PROGRAMA
Hezkuntza-programa honek Lehen Hezkuntzako eskola-curriculuma indartzen du artea, baliabide gisa erabiliz eta ikasgelan proiektu transbertsalak planteatuz, diziplinarteko ikuspuntu batekin. Ibilbide ezaguna eta esperientzia zabala duten artistak dira ikastetxeetan ikastaroak ematen dituztenak, hogei astetan zehar. Eskola-umeek artista batekin ideiak eta sortze-prozesuak partekatzeko aukera paregabea dute. Arteari buruz elkarrizketan aritzeak eta sortze-prozesuan parte hartzeak curriculumeko gaietan irudimenezko modu pertsonalean sakontzeko aukera eskaintzen die eskola-umeei. Hala, artea errealitatea ezagutu, esploratu eta ulertzeko erreminta bilakatzen da, eta norbanakoaren espresioaren eta sortze-askatasunaren balioa nabarmentzen du. Programa bakoitza bakarra eta pertsonalizatua da, ikasle-talde bakoitzaren eta beren irakasleen behar eta interesei erantzuteko asmoa duelako. 1998az geroztik urtero arrakastaz gauzatzen den programa da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin elkarlanean eta BBK-k ematen duen babesari esker. Arteak hezkuntza-erreminta gisa duen ahalmena balioan jarri eta horren alde egiten dute instituzio horiek.
20 URTE
Lehenengo Artea ikasbide erakusketa 1998an izan zen. Hezkuntza-programa honek balio handia zuela erabat sinetsita, azken emaitza Museoan erakutsi nahi izan genuen. Orduan haien lanak erakutsi zituzten haurrak heldu bilakatu dira jada, eta beste belaunaldi baten gurasoak dira, agian. Orain, ezin aberasgarriago suertatu zaigun programa honen inguruan gogoeta egin dugu, baita hogei urtetan zehar egin dizkigun ekarpenen inguruan ere: gure galderen aurrean suertatu diren iritzi ezberdin ugariak, aurreikusi gabeko hainbat ibilbide eta ezusteko, Museoa musikaz eta barrez bete duten inaugurazio dibertigarriak. Bide batez, bide berriak urratu nahian abenturan murgildu eta gure artistei ikasgeletako ateak parez pare ireki dizkieten irakasleak gogora ekarri nahi ditugu.
1970. urtean, Learning Through Art hezkuntza-programa abiarazi zen New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en. Proiektu hori Natalie K. Lieberman babesleari ezker garatu zen; izan ere, bere hirian arte-hezkuntza Ikastetxe publikoetatik desagertzen ikusi zuen hark. Pasa diren ia 50 urte hauetan, New Yorkeko eskoletako 100.000 ikasletik gora igaro dira programa estatubatuarretik.