AUTOERRETRATUAK / SELFIEAK

Artista: Jorge Rubio
Maila: 1
Lotura duten gaiak: identitatea
Teknika: argazkigintza, eskultura eta pintura
Irakaslea: Ainhoa Errazti
Larrea Ikastetxea, Barakaldo
Materialak: argazki kamera, atrezzoko elementuak, kartoia eta buztina

Zer zerikusi dute selfiek eta artearen historiak? Hainbat teknika baliatuta autoerretratu bilduma bat sortzeko proposamena egin zion Jorge Rubiok ikasle taldeari. Barakaldoko Larrea Ikastetxean 1. mailako 18 ikaslerekin gauzatutako programaren abiapuntua eta asmoa honako gai hauei heltzea zen: gure irudia eratzeko dugun modua, erakutsi nahi duguna eta nahi ez duguna, gu garela uste dugunarekiko dugun harremana, gu garena eta besteek gugan ikusten dutena.

Artearen historia oinarritzat hartuta—hainbat mendetan zehar erretratua genero bat izan baita—, ikasleek pintura, argazki eta hiru dimentsioko irudikapenak egin zituzten. Ohikoa denez, proiektua egin bitartean ikasleek Guggenheim Bilbao Museoa bisitatu zuten, zuzenean ikusitako artelanek lagunduta lan egiteko. Francis Bacon-en erretratu lausoak inspirazio iturri izan ziren ikasleen sormen-prozesuan. Horrela, haiek ere irudi lausoak egitea erabaki zuten, nahiz eta enfokatuta zeuden beste batzuk ere hartu zituzten: aurrez eta profilez egindako argazkiak, alboko argiztapenarekin, figura eta hondoa bereizita… Halaber, erretratu-tranpak ere egin zituzten, haien hazpegiak ezkutatuz edo irudi fantastikoak sortuz; buztinezko autoerretratu bat sortzera ere iritsi ziren, behe-erliebe moduan.